8 urte dira ZuZeu itsasoratu zela
Gaur 8 urte dira ZuZeu itsasoratu zela –
Gaur 8 urte dira ZuZeu itsasoratu zela. Hasier Etxeberria zendu berriak, Josu Erguinek eta Mikel Lasak sortu zuten, artean interneten euskararen portuak urriak zirenean. Orduan hasi genuen ibilbidea, eta marinel gisa sartu ziren hainbat kazetari eta idazle gazte eta ez hain gazte. Izaskun Perez, Nagore Vega, Olatz Yarza, Xabier Gantzarain, Oier Aranzabal, besteak beste. ZuZeuk bazuen berezitasun bat, edonork idatzi zezakeela bertan, eta erredakzioaz gain erabiltzaileek egiten zutela hedabidea. Komunikabide, horizontala, orainkaria. Gerora batu ziren Jon Benito eta Eli Epelde, eta Iñaki Larrañaga. Noemi Rivera, Lander Arretxea, Irati Elizalde, Malen Aldalur, etab. luzea. Ezinezkoa zaigu sarrera bakar batean guztiak aipatzea, asko izan baitira gaur gauden lekura iristeko lan egin dutenak. Eurei eta zeuri milesker!
…
Zenbaki batzuk
15.000 sarreratik gora idatzi dira zortzi urte hauetan.
1.500 zuzeulari daude erregistratuta.
20.000 erabiltzaile bakar/hilab. ditugu batez besteko 2017an.
ZuZeu gaur
Gaur gaurkoz, Urko Uranga, Ritxi Lizartza, Oier Aranzabal, Anartz Bilbao eta Beñat Hach Embarekek osatzen dugu ZuZeuko biltzar ttipia. Gure asmoa ez da makala, hastapenetako printzipioekiko fideltasunari muzin egin gabe, etenik gabeko eboluzioan segitzea. ZuZeu, bere txikian, handitu eta hazi dadin. Euskaldunok sarean dantzan segitzeko plaza izan dezagun, eztabaidarako eta eduki askeak argitaratzeko. Bide batez, azken egunotan jasotako elkartasun eta babes guztiagatik eskerrak eman nahi dizkizugu, eskerrik zintzoena.
ZuZeu bihar
Zortzi urte ez da ezer eta den dena da aldi berean. Hasier Etxeberria izan da ZuZeu hauspotu duen kapitaina, arraun egin duena bere indar guztiekin, haizea alde ez genuenean. Bera izan da ZuZeuren garrantziaz konbentzitu gaituena. Eta gure lana izango da aurrerantzean ZuZeu proiektua etorkizunera begira jartzea, zeuretzat eta zeurekin. Eta horretan ari gara lanean.
…
Besarkada bat zeuretzat. Zu zeu gabe ezinezko bailitzateke ZuZeu. Segi fin!
…
ZuZeuko erredakzioa
Viva çuec!