Gasteizko Udalak Hondakin Legea urratuko du eta, gainera, datozen urteetan ere urratzen jarraitzeko asmoa duela iragarri du
Gasteizko Udalak Hondakin Legea urratuko du –
Gasteizko Udalak Hondakin Legea urratuko du birziklatzeari dagokionez, eta, gainera, datozen urteetan ere urratzen jarraitzeko asmoa duela iragarri du Pascual Borja Garbiketa Zerbitzuko zinegotziak.
Izan ere, Hondakin Legeak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio, 2025erako, hiri-hondakinen %55, “gutxienez”, gaika bildu behar dela. Gasteizek %39 baino ez du gaika biltzen. Beraz, Green Capital-eko Udalak neurriak aspaldi hartu behar zituen. Ez du hartu, ordea. Orain, berriz, zinegotziak esan du hartuko dituela, zehatz-mehatz, hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murriztuko dituela, baina “ez 2026ko urria baino lehen”.
Alegia, Udalak Legea 2025ean ez ezik 2026an ere urratuko du, behintzat. Eta “behintzat” diogu, zeren eta edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murrizteak ez baitu %55eko helburua automatikoki bermatzen. Beraz, 2027an, Udala oraindik ibiliko da aztertzen %55 nola lortu. Eta ez hori bakarrik, oraindik %55 lortu gabe, hasi beharko du pentsatzen %60 lortzeko neurri osagarrietan. Izan ere, Legeak 2025erako %55 aurreikusten du, baina 2030erako %60. Helburuak pilatuko zaizkio Gasteizko Udalari.
Lege-urratze nabarmen eta larri honi garrantzia kendu nahian-edo, zinegotziak esan du, “datu positibo gisa”, Gasteizek Europaren helburuak betetzen dituela hiri-hondakinen zatiki gehienetan (ontzi arinak, papera…), organikoan izan ezik. Organikoan “soilik” suspenditzen omen du Gasteizek. Tira, zatiki organikoa hiri-hondakin guztien %45 inguru dela kontuan izanik, ia hondakin guztien erdiaren gaineko suspentsoa “datu positibo gisa” saldu nahi izateak gehiegitxo dirudi.
Hondakin Legearen arabera, hiri-hondakinen gaikako bilketan gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute sinesgarritasunik, ezta Green Capital-en ere, edo beharbada Green Capital-en beste inon baino are gutxiago.