Gasteiz, martxoak 3 [filma]
Gasteiz, martxoak 3 [filma] –
Gasteiztar askok azken asteotan egin duten bezala, “Vitoria, 3 de marzo” filma ikustera joan naiz. Filma amaituta isiltasuna zen nagusi. Aretoa beterik zegoen arren ahotsik ia ez zen entzuten jende guztia kalerako bidean zihoan bitartean. Esan didatenez, film honekin ohikoa izan da amaierako isiltasun hori Gasteizko zinemetan. Izan ere, gasteiztarrontzat 1976 urteko martxoaren 3an gertatu zena berezi-berezia da. Modu batean edo bestean, Gasteizen geunden guztiok dugu gogoan egun horretan bizi zena; langile-erailketa haiek erabat moldatu zuten Gasteiz hiriaren izaera.
Ez naiz sartuko filmaren kritika sakona egitera baina gauza batzuk bai aipatu nahi ditut. Filmak argiak baditu: garaiko grabazioak erabiltzea (polizien egiazko elkarrizketak erabiltzen dira), soinua eta musika, filmaren amaiera hunkigarria… Oso ondo uztartzen dira garaiko irudiak eta soinuak orain ekoiztu den filmean, eta girotzea lortua dago, musika eta irudi egokiekin.
Gabezien artean, nik langile mugimendu haren ezaugarrietan ez sakontzea aipatuko nuke. Izan ere, martxoaren 3ko ikaragarriak estali egiten du askotan aurreko hilabeteetako prozesua, eta langile borroka aberatsa eta berritzailea izan zen. Fabriketan langileen antolaketa asanblearioa lortu zen, inoren transmisio uhala (edo “correa de transmisión”) izatetik urrun. Gainera, Gasteizko lantoki askoren langileen artean adostu ziren eskaera bateratuak, guztiok helburu komunei lotzeko (guztion borroka guztiontzat). Konflikto sozial haren giltzak oso interesgarriak dira, nire ustez oraindik ere badugu hortik zer ikasi. Filmak kontu hauek jasotzen ditu, baina, bigarren edo hirugarren maila batean geratzen dira; gai hauek konfliktoaren gakoak erakusteko eta ildo narratiboa edukiz aberasteko balio zezaketen.
Ez dakit Gasteizetik kanpo nola biziko den filma, baina gasteiztarrok oso hunkituta ateratzen gara, errepresio latzaren irudi eta ahots horiekin barruan dugun zerbait mugiarazten zaigu. Gutxitan gertatzen den moduan familia osoak zeuden filma ikusten: aitite-amamak beren seme-alabekin eta ilobekin, zaharrak gaztetxoekin batera. Belaunaldi desberdinak zinemara elkarrekin joatea ez da ohikoa, eta oso gustatu zitzaidan aretoan eszena hori ikustea. Memoria gordetzearekin zerikusia badu: nondik gatozen eta zer garen ulertzeko beharrezkoa den zerbait ikusi nuen han. Besteak beste, krimen horiek ez direlako ez ikertu ez epaitu. Horrek ematen dio “Vitoria, 3 de marzo” filmari balio erantsi berezia.