Gasteiz Europako Hiriburu Berde

Gasteiz Europako Hiriburu Berde –

Hanburgoren eskutik jaso du lekukoa Gasteizek. Hala, 2012ko Europako Hiriburu Berdearen izendapenaren jabe da dagoeneko Gasteiz. “Europako tamaina ertaineko hirien” eredu izatea nahi du Arabako hiriburuak.

Gasteiz Europako Hiriburu BerdeOparia bezain besteko erronka izan daiteke Green Capital izendapena. Urtebetez Europako ingurumen politika arduradunen eta hiritarren begiradapean izango da Gasteiz. Gaur gauzatu den izendapenak orain arte hiriak izan duen bilakaera saritu badu ere, aurrera begira ikusi beharko da Gasteiz gai den mailari eusteko, eta, agian, erreferentzia bilakatzeko ere.

Gasteiz inguratzen duen Eraztun Berdea da ingurugiroan jarritako arretaren sinbolo ezagunena. Horrez gain, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera handitzeko egin den ahalegina azpimarratu daiteke azken urteetako meritu gisa.

Udaleko indar politiko guztien babesa jaso du Green Capital sariak, baina iraganean egindakoaren ikuspegi baikorrak ez ditu etorkizuneko gatazkak saihestuko. Sari guztiek bezala, honek ere badu Gasteiz atsegin akritikoaren bidean jartzeko arriskua. 2012 urtean erakusleihoa izango da Gasteiz, eta zalantzarik gaben, Berdea literaltik saldu egingo da. Ez dira gutxi ekologiaren aitzakian negozioa egiteko aukera baliatuko dutenak. Zilegia da, baina kontzientziazio ekologistan baino epe motzeko onuretan itsutzeko arriskua dakar. Bi adibide:


Bilduk jakinarazi duenez, Udalak 70.000 euro xahutuko ditu 60 pertsonentzako bazkari batean, Hiriburu Berdea ospatzeko programaren barnean. 

Gasteizko Pintoreria kaleko taberna batek terrazan ordainpeko berogailuak jarri ditu. Tabernaren jabeak azaldu zuenez, helburua energia aurreztea da. Aitzakia hori benetako helburuaren ezkutua besterik ez da: ahalik eta diru etekin gehien lortzea, alegia.

Europan konpromisoak ere zenbait arlotan hartu ditu Udalak:
  • Parkeen zainketa eta trenaren lurperatzearekin sortuko den eremuari izaera naturala ematea.
  • Airearen kalitatea hobetzea.
  • Zaborren kudeaketa eraginkorragoa ezartzea.
  • Uraren berrerabilpena eta aurreztea sustatzea.
  • Garraio publikoaren erabilera %7tik %15era igotzea.
  • Gasteizko Mendien bioaniztasuna bermatzea.
  • CO2 isurketak murriztea.
  • Kutsadura akustikoaren aurkako neurriak gauzatzea.
  • Lurraren erabilera jasangarria lortzea.

 

Mugikortasun Planak 2015 urte ingururako hiria “super-etxadietan” osatzeko anbizio handiko egitasmoa du zehaztuta. Planaren arabera, kaleak bizikletentzako, oinezkoentzako eta etxadietako autoentzako izango dira. Hala, autoen joan-etorriak murriztea bilatzen da eta garraio kutsagarririk gabe mugitzeko esparruak areagotzea.

Dena den, zalantzetan handiena Hiriburu Berdea noraino hel daitekeen da. Izan ere, erronka zaila da eredu kontsumistaren pean ingurumenaren aldeko aldaketa estrukturalak eragitea. Ekonomia eta Ingurumenaren arteko oreka mantentzea ez da erraza izango. Gero eta errentagarritasun ekonomiko gehiago eskaintzen duten “produktu berdeen” arrakasta izango da balantza batera edo bestera mugituko duena. Bitartean, kontraesanak nonahi aurki daitezke. Esaterako, neurri ekologikoa al da gabonetako argiak iluntzean itzaltzea? Bada ekologikoa 24 orduz piztuta ez dauden heinean, baina ez da batere ekologikoa argi horiek egotea beharra ere ez denean.

Sariaren harira, elkarte ekologistek  jarrera ezberdinak dituzte. Esan daiteke, batzuk, Ekologistak Martxanek, esaterako, ingurumen politikaren erreforma baikor ikusten dutela, eta beste batzuk, Eguzkik adibidez, iraultza ekologikoa aldarrikatzen duela izendapena gutxiestuz. Dena den, bai batzuek bai besteek Arabak izan ditzakeen arrisku ekologikoak saihesteko lana egiten dute: gasa lortzeko fracking-a, tentsio handiko lineak, AHTa, Garoñako zentral nuklearra…

Europako Hiriburu Berdearen hautagaitzarako bideoa:

 

3 pentsamendu “Gasteiz Europako Hiriburu Berde”-ri buruz