Gastatzen duguna gara

Gastatzen duguna gara –

Eustaten datuen arabera, etxeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen 2023an, aurreko urtean baino %4,0 gehiago. “Etxea” kontzeptu labaingarria da maiz, eta horregatik komeni da pertsona-mailara ekartzea. Iturri beraren arabera (joan den uztailean argitaratutako datuen arabera), pertsonako batez besteko gastua %4,5 hazi zen eta 15.570 eurokoa izan zen joan den urtean.

Gastatzen duguna gara
Arg: Marion Doss

Europako beste zeinbat herritako etxeko kontsumoaren bilakaera aztertuta, adibidez, ikus dezakegu batez besteko gastuaren hazkundea aisialdian eta kulturako zenbait adierazpide zehatzetan nabarmendu zela, jolas-, kirol- eta kultura-ondasun eta -zerbitzuetan egindako kontsumoan. Konparazio baterako, pakete turistikoetan egindako gastua %19 hazi da batez beste Europan azken urtean 30 eta 40 urte bitarteko herritarren artean.

Historian zehar bere buruarengan gehien inbertitu duen belaunaldikoa zara, irakurle, adin-tarte horretan bazaude. Gaur egun gehiago gastatzen duzu bazkaltzera ateratzen, gimnasioan edo zure maskota zaintzen, eta ongi dakizu alokairua zama handiagoa bihurtu dela azken bolada honetan, gastu (inbertsio?) iturri nagusia bilakatuta.

35 urte badituzu eta alokairuan bizi bazara, litekeena da zure soldataren zati handi bat teilatua izateko bakarrik erabiltzea. Etxe bat erostea bizitza autonomo bati ekiteko ezinbesteko urratsa izatetik ameskeria izatera pasa da. Ondare propiorik batere sortu gabe igarotzen ari zara orain arte ondarea sortzea helburu ia bakarra edo nagusia zen bizitzako alditik. Ez dakizu etorkizunari begira aberastasuna nola metatuko duzun eta erretiroari etxebizitza propiorik gabe nola aurre egingo diozun, baina lasai: inork ez daki.

Baliteke streaming plataforma baterako harpidetza inbertsio finkoa izatea zure aurrekontuan, baina liburuen, egunkarien edo aldizkarien kontsumoa gero eta txikiagoa da. Dena klik batean dagoen aro batean, gure garapen pertsonalerako funtsezkoa den atal bat alde batera uzten ari gara. Eguneroko esperientziak eta deskonexioa bilatzen ditugu, oraina bizi eta gozatu nahi dugu, baina aisialdiko gastuaren hazkunde hori estresa emendatzeari ematen diogun erantzuna ere izan liteke. Laneko ziurgabetasunari edo etxebizitza erosteko arazoei Netflixeko telesail baten hurrengo denboraldian helduko diegu.

Datuek asko esaten dute, baina ez dute den-dena esatean. Herri-jakintzak dio estatistika datu berberekin ondorio zeharo desberdinetara iristeko artea dela, edo Benedettik esan zuen moduan, datuak nahi adina estutu ditzakegu gordetzen duten egiaz biluztu arte.

Zenbat gastatzen dugun jakitea ezinbestekoa da, baina zertan gastatzen dugun, agian, askoz datu interesgarriagoa izan daiteke. Zenbakiak gastuaren argazki bat ematen digu, baina irudi horren atzean zer datzan guk bilatu behar dugu. Hurrengo hamarkadetan bizitzako lehentasunak desberdinak izango direla iradokitzen du inkestak, eta ez legoke batere gaizki hori begien bistatik ez galtzea. Ongizate mentaleko eta fisikoko gastua handitu egingo dugu bizitegi-soluzio alternatiboak bilatzen ditugun bitartean. Teknologiei entretenimendurako eta zerbitzuetarako aukera gehiago eskatuko dizkiegu, lan prekarioak ezarritako estualdietatik nola libratzen garen asmatzen burua hausten dugun bitartean.

Adierazle ekonomiko handiek egonkortasuna iradoki dezakete, baina mikroekonomian, egunerokoan, aurkitzen ditugu benetako arazoak ulertzeko gakoak. Etorkizuna gaurko bizum jardueran idatzita dator.

Bikiak

Gastatzen duguna gara

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude