Garzon faxista, zu zara frankismoaren ondorengoa
Garzon faxista –
Pasa de astean, Garzon epaile faxista gurutzatu zitzaidan bizitzan berriz ere. Ohituta nago, Txile edota Argentinatik heltzen diren albisteak ikustera. Azken urteetan, Duqueri zuzendutako gutuna, Piñeraren kontrako salaketa Nazioarteko Auzitegi Penalean…, baina ezaguna bada Garzon Hego Amerikan, Londresen Pinochet atxilotzen lortzeagatik da. Onartu behar da kriston jokaldia izan zela hura. Hala ere, diktadura ezberdinetan burututako astakerien kontrako protagonismoa hartzen zuen bitartean, jarraitzen zituen izkutatzen berak bultzatutako eta babestutako atxiloketa eta espetxeratze politikoak, eta hauen barruan emandako torturak. Normala da, ezin da ezer gehiago espero epaile batengandik, eta are gutxiago Auzitegi Nazionalean aritu den batengandik.
Esan bezala, ohikoa da niretzat ikustea elkarte hegoamerikar ezberdinak elkarlanean Garzon epaile torturatzailearekin. Aldiz, honetan, beste Hegoalde batetik heldu zitzaidan berria. 13An, Sevillan, “Coordinadora Andaluza para la Memoria Histórica y Democrática” antolatutako manian hitza eman zioten. Egia da, apur bat hauen sareetan muturra sartuz gero, ikusi daitekeela koordinadora hau osatzen duten eragileak mota askotakoak direla. Horien artean, gerra zikina, tortura, eta finean erregimen faxistaren segida izan zen monarkia burgesaren kontra antolatu eta borrokatu direnen aurka hamarkadetan oldartu direnak daude. Baina aniztasun horren barnean ere, borroka eta hausturaren balioa defendatu izan dutenak aurkitzen dira. Hau da gehien harritu eta mindu nauena.
Baina sentimenduen gainetik, hauei helarazitako hausnarketa dago. Egun hauetan Euskal Herriko errealitatera ekarri ahal duguna ere.
Memoria historikoa, errelatoa edota iraganaren gaineko irakurketak ez dira neutralak, ez dute zentzurik ez baditugu gaurko errealitatera ekartzen, edota egungo koiunturan eragiteko ez badute baliorik. Orduan, kasu honetan adibidez, memoria historikoaren inguruko lanketa parzializatzen dute eta garai historiko baterako ezarritako irizpideak, ondorengo urteetan ez dituzte aplikatzen. Hau da, 1936tik 1975ra, gutxi gora behera, kokatzen dituzte beraien aldarrikapenak, baina ez dute hemendik aurrera Historiaren irakurketa kritikoa egiten edota osteko garaian, memoriaren karrora igotzen direnek izan dituzten erantzukizunak aztertzen. Garzon eta bere ibilbidea honen isla garbia da. Epaile hau Audientzia Nazionalean aritu zen, frankismo garaiko Tribunal del Orden Público-aren ondorengoan hain zuzen ere. Hemendik, militante politiko ezberdinen kontrako sarekadak zuzendu zituen, Frankoren garaian bezala, demokrazia burgesean, disidentzia politikoa etsaitzat hartu izan baita. Sarekada hauen testuinguruan torturak gauzatu ziren eta torturatutakoek bere aurrean salatu zituzten, Garzonek, beste alde batera begiratu zuen torturaren erabilpen sistematikoa betikotzera laguntzen. Orduan, zelan da posible, ardura hauek dituen pertsona bat memoria historikoaren eraikuntzan protagonista izatea?
Memoria historikoak garrantzi handia du egungo egitura politikoa kolokan jartzen duelako. Trantsizioaren gezurra biluzten duelako. Argi uzten duelako, 1936tik España una, grande, libre eta kapitalistaren eraikuntza zertan dagoen oinarrituta: golpe militar batean, gerra baten garaipenean, milaka militante edota langileen erahilketetan, 40 urteko beldurrezko diktadura kriminal batean; eta ostean, langileak kalean masakratzen zituen pakto sozial batean, beldurraren aurrean iruzurra ezarri zuen ezker faltsuaren demokrazian, zapaldutako herrien asimiliazioaren jarraipenean eta abar. Baina gerra eta diktaduran gertatutakoa oraingo errealitatetik banatzen badugu, gaurko egoeran oihartzunik izango ez duen ekimen batean bihurtuko dugu. Garaiko gertaerek egun duten eragina, eta demokrazia burgesean emandako pausu guztiak, diktaduran bezala, kapitalismo espainolista eta patriarkarraren garapena sakontzeko izan direla ez badugu onartzen, memoria historikoak edota gure iraganaren gaineko irakurketak ezarpen hau indartzeko besterik ez du balio izango.