Gartxoten arrastoari segika. Itzaltzu.
Itzaltzu
Aitor Kaltzakortak honako idatzia plazaratu zuen Argian pasa den maiatzaren 31n.
Garaileen eskutik idatzitako historiari ihesean iritsi gara Elkorretako leizera. Bertako pareten artean iraun du, Gartxoten kondaira bihurtuta eta gaurdaino, euskaldunon erresistentziaren memoriak. Istorioa hain agerikoa ez den Euskal Herriaren historian barneratzeko aitzakia da. Segidan duzuen Itzaltzutik kobarainoko ibilbidea, aldiz, kondaira bera, Zaraitzuko bailara eta bertako jendea ezagutzeko aitzakia.
Historiaren iturri ezkutuen emaria da Gartxoten kondaira. Arturo Kanpion idazle, historialari, politikari eta abokatu euskaltzaleak egin zuen ezagun 1917an argitara eman zuen Itzaltzuko bardoa idazlanarekin.
Gartxot XI. mendeko Itzaltzun bizi zen Erdi Aroko bardo edo koplaria izan zen. Izkiriatu ezin zirelako ahoz aho igorri behar izan ziren istorioak, tradizioak eta kondairak transmititzea zuen lanbide, herriaren kultura eskutik eskura eta ahotik belarrietara eramanez. Boterean zeudenentzat arras kaltegarria zen hori, pospolo soil batek gaurik beltzenetan eragiten duen distira zabalaz ohartuta, horiek hedatu nahi ez zituzten mezuak zabaldu eta herritarrak ilunpetik ateratzeko arriskua eragiten baitzuen.
Lerro arteko ikasgaia
Gartxoten seme Mikelotek paregabeko dohaina zeukan eztarrian. Horregatik nahi zuen bereganatu Orreagako fraideak, berau abeslari erlijioso bihurtu eta haren xaramela latinezko kantuetarako erreserbatzeko. Fraideak bahitu egin zuen Mikelot, eta bere nahikerien zerbitzura jarri. Hark fraidearen eskuetatik ihes egitea lortu zuen aitaren laguntzaz, eta Zaraitzuko mendietan ezkutatu ziren biak. Zaraitzuko Jaunak harrapatu egin zituen ordea, eta Gartxotek semea hil egin zuen, hitza eman baitzion ez zela beste behin bueltatuko elizgizonen mendera. Egindakoaren ordainetan Gartxoti bizi osoko zigorra ezarri zioten, eta berak hala erabakita, Elkorretako leizean eman zuen azken arnasa, 1110.eneko udaberrian.
Azken finean, bere hizkuntza, izaera eta kultura babestu eta aitzinatu nahi dituen herri baten erresistentziaren lerro arteko kontakizuna da Gartxotena. Mapan ikusten ez den konkistari aurre egin ziotenen kontaera da, hizkuntza ordezkapenarena, konkistaren erresistentziaren memoria.
Hamaika kilometro, hamaika ikasgai
Itzaltzuko plazan hasiko dugu euskal kulturaren sustraietaraino doan hamaika kilometroko bidea, Adrian Labadie Etxalarren bizi den artista holandarrak sortutako Gartxoten tailua paretik. Hiru ordu eta erdian egiten da, batez beste, 485 metroko desnibel nabarmena duen ibilbidea.
Errepidean barrena egin behar dira lehen urratsak. Kilometro batera, ezkerretara dagoen etxola ondoko pista hartuko dugu gora joateko. Bertako herritarren auzolanaren emaitza da seinaleztapen bikaina duen bidea. Ez da galtzerik Elkorretaraino.
Haritzen gerizetan jarraituko dugu gorantz, gerrako aterpe bateraino. Basoa zeharkatuko dugu zelaiak gure begien aurrean nola zabaltzen diren ikusi arte. Horrek Krutxeara iritsi garela esan nahi du. Mendebaldeko noranzkoan mendia zeharkatu eta basoa gurutzatuko dugu segidan, eta erreka bat pasa ondoren itzalik gabeko malda bat igoko dugu, Elkorretako haitzak ikusi arte. Errekara jaitsi, bertako turrusta edo ur-jauzi ezin ederragoa ikusi eta ehun metrora dago Elkorretako leizea. Gartxoten arnasa helmugara iritsi zen leotzean, ibiltariak aukera du erabakia hartzeko. Bidea bertan bukatu, ala atzera begiratzeko ispiluari orbanak garbituta, zenbait ikasgai bizkarrean jaso, motxilara batu, eta Itzaltzura berriz iritsi arte aurrera jarraitzea.
Auzolanean ekinez egina
Euskara sustatu, kondaira zabaldu eta auzolana bultzatzeko osatu zuten Gartxot Ekimena bailarako biztanleek, eta hainbat ekinaldi aitzinatu dituzte urteotan. Elkorretarainoko bidea atondu eta ezagutzera ematea izan da lan horietako bat.
Itzaltzuren bilakaera berezia izan da, ez ohikoa. Izaba eta Otsagabia baino txikiagoa izan eta iparralderago egon arren, aipatu herrietan baino lehenago galdu zen euskara. Karabineroek ez zuten kasernarik, eta herrikoen etxeetan barreiatu ei zituztenez, hizkuntza ordezkapen prozesua asko bizkortu zen. Egun, alta, gazteria bera ari da bere burua euskalduntzen, egoera hori iraultzeko xedearekin. Zentzu berean, garai hartan aduanek eta bestelako interesek galarazi zuten xiberotarrekiko harremana berreskuratzen hasi dira.
https://m.youtube.com/watch?v=YCbrEGDFUMU
Lehenik Benito eta ondoren Asiskorengatik ezagutzen dut istorioa, baina ez nahiz inoiz izan bertan.
Badut gogoa Itzaltzu eta Elkorretako leizea ezagutzeko, karga emozional handikoa eta dudarik gabe leku ederra dela.