Gardelegiko zabortegian atzemandako arau-hausteak direla eta, Gasteizko Udalaren konpromisoa eskatu du Eguzkik
Gardelegiko zabortegian atzemandako arau-hausteak –
Jakin berri dugunez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak joan den apirilean egindako ikuskapen batek agerian utzi ditu Gardelegiko zabortegiaren kudeaketan gabezia eta arau-hauste nabarmenak daudela. Zabortegia Udalarena da, baina kudeaketa FCCk egiten du.
Gabeziak eta arau-hausteak zerrendatu ditu Jaurlaritzak:
– Gelaxka baten iragaizgaizteak ingurumen-baimena urratzen du, eta urratze hori “esanguratsua” kontsideratzen da.
– Gelaxka ez-aktiboetan sortutako gasak ez dira biltzen ez tratattzen. Beraz, berotegi-efektuko gasak atmosferan barreiatzen dira inolako kontrolik gabe, eta hori “larria” da.
– Gasak tratatzeko sistemaren zuzia ez da 1.000 gradura iristen, eta, horren ondorioz, ezin da ziurtatu erreketa behar bezala egiten denik. Hori ere “larria” da.
– Paisaia babesteko neurririk ez dago. Izan ere, hondakin ugari lekuz kanpo ikusten dira eta badira ere 10.000 metro koadro zabor euripean egon daitezkeenak. Horrek lixibiatuen sorrera eta eragina maximizatzen du. Akats “larria”.
– 2021ean bete zen hondakin ez-arriskutsuen gelaxka ez da oraindik zigilatu. Ez omen da oso akats larria.
– Gardelegin ez dago eremuak hondakinez bete ahala zigilatzen joateko kronogramarik ere.
Bada, Udalak, gabezia eta arau-hauste hauek lehenbailehen konpontzeko errekerimendu bat egin ordez, larriak bai, baina oso larriak ez direla argudiatu du. Izan ere, oso larriak kontsideratu izan balira, zabortegia itxi egin beharko luke. Esan beharra dago gabezia hauetako batzuk ez direla inolaz ere berriak, lehendik ere ezagutzen zirela, baina ez direla konpondu.
Eta honen guztiaren berri izan dugu Udalak zabor-tasa %80 baino gehiago garestitu nahi duenean, Hondakin Legea bete behar duen aitzakian, baina, halaber, Lege horrexek berak 2025erako aurreikusten duen %55eko gaikako bilketaren helburua bete gabe. Kontuan izan gaur egun gaikako bilketaren maila Gasteizen %39 azpitik dagoela.
Eguzkiren ustez, hau eskandaluzkoa da, eta ez dirudi Udalak arazoak konpontzeko edo kudeaketa-eredua aldatzeko inolako asmorik duenik.
Hamaika ikuskapen egin direla onartu da, eta horietako lauk, arau-hausteak direla eta, zigor ekonomikoak ekarri dizkiote Udalari, baina, antza denez, hori ez da nahikoa neurririk hartzeko. Zigorrak diru publikotik ordaindu eta segi aurrera. Non daude erantzukizun politiko eta pertsonalak?
Hondakinak arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren azken helburua da “ekonomia zirkular baterantz aurrera egitea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera, eta, aldi berean, zabortegien ezaugarriak eta horien kudeaketa eta ustiapen zuzena arautzea”.
Arau horren arabera, “zabortegian utzitako hondakinak pixkanaka murrizten direla bermatu behar da, bereziki berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko egokiak direnak, hondakinei zein zabortegiei aplika dakizkiekeen baldintza tekniko eta operatibo zorrotzen bidez”.
Era berean, “neurriak eta prozedurak ezarri behar dira, ahal den heinean, hondakinak isurtzeak ingurumenean dituen ondorio kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta eragozteko, bereziki, azaleko eta lurpeko urak, lurzorua eta airea kutsatzea eta berotegi-efektuko gasak isurtzea, baita pertsonen osasunerako eratorritako edozein arrisku ere. Hori guztia zabortegien ustiapen-fasean eta horien bizitza baliagarria amaitu ondoren”.
Legearen arabera, 2025eko urtarrilaren 1ean, udal-hondakinen kopurua gutxienez %40 murriztuko dira (pisuan); 2030eko urtarrilaren 1ean, berriz, %20; eta 2035eko urtarrilaren 1ean, %10. Hau da, hondakinak ekoiztea eta hondakindegietan pilatzea modu zorrotz eta mailakatuan planifikatu eta murriztu behar dira.
Horrek guztiak garrantzi handia du Gasteizen. Gardelegi hondakin urbano eta industrialak biltzen dituen zabortegia da, Andre Maria Zuriaren plazatik 4 kilometrora dagoena, Gasteizko mendietako paraje naturalean. Haren erabilgarritasun-epea 2036. urtera arte luzatu dute. Gainera, gero eta espazio gehiago hartzen du, baita gero eta hondakin gehiago ere. Izan ere, Zaldibarko hondamendia gertatu zenez geroztik, hara bidaltzen zituzten hainbat hondakin gaur egun Gardelegira ekartzen dira (23.000 tona inguru).
Gasteizko Udal Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala (2009-2016) idaztean, kontuan izan zituzten indarrean zeuden arau europar, estatal eta autonomiko guztiak, eta hierarkizazioa oso garbi geratu zen: prebentzioa, berrerabilera, birziklapena, balorizazio energetikoa eta deuseztapena.
Hala dio Europar Batasunak: “Helburua ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatzea da, halaber, EBren lehiakortasun globala, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta enplegua bultzatuz. Birziklatzea ez da garrantzitsua ingurumenaren mesedean bakarrik, baita gure ekonomiaren mesedean ere. Hondakinen kudeaketa hobetzen ari garen arren, berrerabil daitezkeen material baliotsuak galtzen ari gara oraindik, hala nola metalak, zura, beira, papera eta plastikoak”.
Eguzkiren ustez, Gardelegiko zabortegiaren geroa auzitan jartzeko unea iritsi da. Lehendabizi, lege eta arauak bete egin behar dira, noski. Baina, halaber, lege eta arau horien koherentziaz lan egin behar da, zabortegira hondakin gehiago botatzen jarraitu behar ez izateko.
Gasteizko Udalak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu, hondakinen kontura ingurumen-arazo larria baitugu. Arestian esan bezala, Udala urratzera doa Hondakin Legeak 2025erako aurreikusi duen %55eko gaikako bilketa. Baina arazoa ez da berria. Izan ere, 2008ko Europako Zuzentarauak, hondakinei buruzkoak, 2020rako %50eko gaikako bilketa aurreikusi zuen, eta Udalak hori ere urratu zuen.
Eguzki talde ekologistatik Gasteizko Udalak hondakinen inguruan gaur egun egiten duen kudeaketa salatzen dugu eta lege eta arauak betetzeko exijitzen dugu. Halaber, itun bat proposatzen dugu, ekonomia zirkularrean, hondakinen murrizketan eta zabortegia ixteko bidean pausoak emateko, prozesu informatu, kontziente eta parte-hartzaile baten bidez. Izan ere, herritarron parte hartzea giltzarria iruditzen zaigu. Horrek eskatzen du hondakinen kudeaketa –ordenantza fiskalak barne– gardentasun osoz eta seriotasunez egitea, ez erdizkako egiekin.