Garaipena lortuko ez dutenak
Ez irabaztea galtzea izango da haientzat. Pentsa izan dute eta armen desagerpenarekin independentzia aldarrikapena berez desagertuko zela; “lurrindu” dio Iñaki Gabilondok.
Bilduren legeztapenarekin erabilitako titularra errepika zezaketen. Biltzarraren osteko erreakzioak ikusita “terrorismoaren biktimen elkarteen” eta alderdi unionisten kezkak zeintzuk diren agerian gelditu dira, berriz. Amorruz jaso dute Biltzarraren albistea, kezkaz ezker abertzalearen atxikipena. ETA norbanakoen askatasuna hertsitzen duen eragile gisa desagertu egingo den honetan mehatxupean bizi izan diren askoren amesgaiztoak amaituta behar luke. Hemerotekara joz, 2009ko uztailera, esaldi hau aurkitu dut. “Atentatu hau azkena izan dadila eta inork ez dezala Diego eta Carlos dauden zerrenda doilorra jarraitu“.
Eszenatoki hori, beranduegi bada ere, bistan dugu, baina desira hori betetzeak ekarri behar lukeen lasaitasunaren arrastorik ez da ikusi. Ez behintzat bozgorailua duten biktimen elkarteen artetik, ezta estatu mailako egunkari, telebista eta irratietatik. Inon ez pozik, kezka eta amorrua nagusi. ETAren porrotaren argazkia falta zaie, Arnaldo Otegi atxilotu zutenekoaren gisan. Eta, jakina, hori iradokitzen ez duten argazkiak ETAren garaipentzat jo dituzte, nazioarteko sei adituena kasu.
Rolak aldatzen dabiltza: maximalismoetan kateatu ziruditenak arineketan, tolerantzia eta askatasunaren ustezko babesleak tinko bere lekuan. Heldu garen egoera erreala Eusko Jaurlaritzak ere ez du publikoki onartu nahi. Galdetzen zaio Idoia Mendia bozeramailerari Konferentziari buruz eta ez zaio hitzik ateratzen betiko matrakatik at. Arrazoiz Jesus Egiguren sumindu da. Zuhurtzia immobilismo bihurtu zaie Lopez eta enparauei, ohartu direnerako gainean dute aro berria. Eta, okerrena, ezin izan dute bakearen domina soinean jarri.
Aro berria zeinetan alde bateko biolentzia amaituko den. Bereziki ezker abertzaleak zituen bilurrak askatu eta abertzaleen ahotsa inoiz baino argiago entzungo da, distortsiorik gabe. Bai plazan bai instituzioetan, bai gurean bai haienean. Orain arte debekatu nahi izan den eztabaida politikoak inoizko indar handiena izateko parada du. Hauteskundeen emaitzen itxaroan, pentsa liteke urte gutxian aldebakarrek0 independentzia aldarrikapena egiteko aukera izan daitekeela.
Espainiarrentzat pandora kutxa izan daitekeena irekiko da. Ikuspuntu antiterroristatik landu den auzia ikuspuntu politikotik jorratu beharko dute. Imanol Muruak aipatzen dituen trasatlantikoek mugitu egin beharko dute. Aieteko adierazpenaren laugarren puntuari, elkarrizketa politikoari eta galdeketari, heldu egin beharko diote. Ez ETAri ezer oparitzeagatik, jakina ezetz, orain arte zor hori izan dutelako, eta, orain, aitzakiarik ez dutelako. Eta badakizue zer? Konstituziotik haratago, ez daukate arrazoi ñimiño bakar bat ere euskal herritarrek nahi dutenari hesiak jartzeko.
Horregatik galdu dute: ETArekin amaitzea abertzaleekin bukatzea zela amestu dutelako, hori zelako haien garaipena, ez besterik. Ahal duten bitartean ideia inozo horri eusten jarraituko dute, ez dituztelako begiak ireki nahi gainera datorkiena ikusteko.