Garai pena

Garai pena –

Mikel Elorzak Berria egunkarian.

Garai penaTourraren etorrera dela-eta gure herria munduaren aurrean ikusgarriago egiteko, inoizko ikurrin handiena egingo dute. Dugu. Ez dakit xehetasunik (neurria, non jartzeko…), baina helburua izanik gure herri hau munduan ezagutzera ematea, imajinazioari galopan egiten utzi diot eta pentsatu dut erabil litekeela gero, hain handia bada, Albaolakoek halako batean amaituko duten Saint-John galeoiaren belak egiteko. Eta parti dadila, haizeek gure koloreak puztuta, munduko portuetan gure berri ematera. Eskifaia osatzeko, ezinbestekoak diren marinel adituez gain, zernahitarako neska-mutilak behar baditu El Conquis-etik har ditzake nahi adina, eta jakina, harri-jasotzaile batzuekin batera, bizpahiru sukaldari puntako ere sartu beharko lituzke erroldan, ontziak jotzen duen kai bakoitzean plater zoragarri bat eginen dutenak, horretarako erabiliz gure gastro-ezagutza behinena eta, nola ez, iritsi diren lurreko produktuak. Andoni Ortuzarren kaiku outfit-a ere balia liteke eskifaiaren uniformeak diseinatzeko; eta epopeia paregabea osatu.

Epopeia superlatiboa.

Superlatiboa, horixe baitugu gure herri-gramatikaren haberik sendoena. Nolakotasun gorena. Ikurrinik handiena egingo dugu, eta munduan erakutsiko barku batekin, ontzigintzan eta nabigazioan trebeenak izan garelako; eta erakutsiko gure sukaldaritzaren emaitzak, horretan ere munduko onenak garelako Basque Pintxo Herrian, gure galaxia ttipian inork baino izar gehiago biltzen dituena; Tourrean ere berriro erakutsiko duena gutar batek ez irabazi arren, planetako afiziorik hoberena dugula, atzerrikoak ere berdin txalotzen eta animatzen dituena, zale solidarioenak; eta ikurrin zati bat ere eramango dugu berriro ere munduko gailurretara, horretan ere bikainenak izan baikara… Eta hori dena Europako hizkuntza zaharrenean. Tira, azalpenak eta izenak ez ditugu euskaraz emanen, ETBko kate horrek 1 zenbakia eraman arren ez baita lehena, audientzia datuek hagintzen ei dute, baina hori garrantzirik gabeko xehetasuna da: ikusi eta entzungo gaituztela, hori da inportanteena.

Espainiako DNI eta Frantziako carte d’identité-ren ordez gurea, propioa, atera zenean, izena jarri zitzaionean, bete-betean asmatu zuten: ENA. Euskal Nortasun Agiria. Hori da gu garena: gara + -ena.

Euskal nortasun superlatiboa.

Gure koloreen defentsa ez dut nik gaitzetsiko, alajainkoa! Nik ere kolore batzuk aldezten ditut eta nahiago nuen Landak edo Izagirrek irabaztea Itzulia, Vingegaardek oso mutiko majoa dirudien arren. Eta horrela alor guztietan. Inoren lorpena eta arrakasta ezagutzean, poza handiagoa da lorpENA baldin bada, dudarik gabe. Eta zer arraio, alor batzuetan oso onak gara.

Jakina, joera hau ez da gurea soilik: toki guztietan euren opilari ematen diote ikatza. Denek dituzte eraikinik bikainenak, jakirik goxoenak, paisaiarik ederrenak, zernahi puntako puntakoenak…

Arazoa da eguneroko bizitzara pasatu dela gaitza. Forofismoan jausten ez bada, besteak ez dakar kalte handirik (eta ahantzi gabe, noski, depredadoreenak, konkistatzaileenak, errepresoreenak… ere maiz izan garela, alde ilunak ere badituela superlatiboak), baina egunerokoan kezkagarria da. Jendartea inbaditu du joerak eta orain ez gara konformatzen herriko bat izan dadin gorena, garaipena tarteka eskuratzearekin, noizbehinkako txaloarekin. Orain denean eta aldi oro izan behar da lehena, azkarrena, diru gehiena, berriena, puntakoena, politena, alaiena, ausartena… eta gainera lau haizetara zabaldu. Gainerakoa porrota da, zuloa, iluna. Presio soziala, eta pertsonala, jasanezin egiteraino.

Bakarrak balio du: garaipenak. Eta horixe ematen du garaiak: pena.

Garai pena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.