Gamarra Vs Mendizorrotza: segregazioa Gasteizko udal igerilekuetan?

Gamarra Vs Mendizorrotza: segregazioa Gasteizko udal igerilekuetan? –

Zigor Olabarria Oleagak Argia aldizkarian.

Mendizorrotzako igerilekuak. Argazkia: ARGIA

Igerilekuak klase gatazka ulertzeko ikasgela izan daitezke, gorputzen arteko aldeak aztertuta. Urte asko dira udal igerilekuetan igeri egiten dudala. Ia beti Aldabe gizarte-etxekoan, Alde Zaharra eta Errota auzoen artean kokatuta. Baina garai bat egon zen Mendizorrotzako igerileku estalietara joaten nintzena, izen bereko auzoan kokatuak. Gorputzen arteko aldeak nabarmenak ziren batetik bestera: osasuntsuagoak edo gaixoagoak, zahartzaroaren arrasto gehiago edo gutxiago dutenak, arau estetikoan sarrarazteko baliabideak dituztenak eta ez dituztenak…. Gorputzek ez diote gezurrik: Alde Zaharra eta Errota auzokoek Gasteizko txirotuenen artean daude (14.660 eta 15.697 euroko errenta batez beste, Eustaten azken datuen arabera); Mendizorrotza, aldiz, aberastuenen bizitokia da (34.020 euro). Hori, jakinik Mendizorrotzako auzokideetako asko igerileku publikoaren ondoan dagoen Estadio igerileku pribatuetara joko dutela.

Estali gabeko Gasteizko udal igerilekuen denboraldia maiatzaren 24an hasi zen. Bi ditugu, Gamarra eta Mendizorrotza, igerilekuz gain hainbat kirol-zelaiz, tabernaz, belardi zabalez eta beste hornituak, udan hamarnaka milaka gasteiztarrek gozatzen dituztenak. Mendizorrotza Gasteizko erdigunetik hurbil dago, Gamarra aldirietako industria gune batean. Hor ere ikusi daiteke alderik gorputzetan, bereziki azal kolorean, eta ez du ematen gustu edota erabaki pertsonal libreen ondorio hutsa denik.

Gamarrako eguneko sarrerak 6,60 euro balio du; Mendizorrotzakoak 13,40. Gamarrako uda denboraldi osorako abonuak (maiatzaren 24tik irailaren 15era) 31,50 euroko prezioa du; Mendizorrotzakoak… Mendizorrotzan ez dago denboraldi osoko abonurik. Bai, ordea, hilabeteko eta hamabostaldiko abonuak: hilabetekoagatik 64,10 euro ordaindu behar da, hamabost egunekoagatik 38,20 euro. Hau da, Mendizorrotzan hamabostaldi bat gozatzea Gamarran lau hilabetez egitea baino garestiago irteten da (proportzioan, zortzi aldiz garestiago), eta egun bakarraz gozatzea bikoitza. Bi tokietara sartzeko aukera du Gasteizko kirol instalazioetarako urteko abonua egiten duenak ere (alta ematea 52 euro, urteko kuota 95,40). Ezagutzen ez dituenarentzat, Mendizorrotzako azpiegiturak ez dira inolaz ere Gamarrakoen bikoitzak, are gutxiago zortzikoitzak. Azken datu esanguratsu bat: baztertutako herritarrekin lan egiten duten hiriko kale hezitzaileek edo elkarteek aukera dute udal igerilekuetarako txartelak lortzeko udaletxeari eskatuta… Gamarrarako, beti ere.

Zergatik herritarrak Gamarrara edo Mendizorrotzara errentaren arabera bideratzeko politika hau?

Ghettoa, nolabait, Mendizorrotzakoa da, gorputz eta poltsiko askoz uniformeagoen aisileku. Gamarrako erabiltzaileak askotarikoak dira, Gasteizko errealitatearen ispilu fidelagoa, Mendizorrotzara joan ezin dutenak zein ahal dutenak nahasten baitira bertan (baita inguruko herrietako edo Debagoienako herritar ugari ere). Arazoa da mundu mailako pertsonen joan-etorriekin ematen den bera: batzuk nahinora joatea dugu, beste batzuk ez, eta dirua da multzo batean edo bestean kokatzen gaituena. Baita igerileku publikoetan ere.

Zergatik herritarrak toki batera edo bestera errentaren arabera bideratzeko politika hau? “Administrazioak erantzuten du irizpide teknikoak direla”, azaldu dit gizarte langile batek gaiaz hizketan, “irizpide horiek dituzten ondorioak ez dituzte baloratzen”. Baina edozein irizpide ‘teknikoren’ atzean beti daude balore politiko jakin batzuk, kontzienteagoak edo inkontzienteagoak izan. Zeintzuk dira Gasteizko Udalarenak?

Gamarra Vs Mendizorrotza: segregazioa Gasteizko udal igerilekuetan?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude