Galdera batzuk ETB Maratoiari buruz, etxeko teilatura igota

Galdera batzuk ETB Maratoiari buruz, etxeko teilatura igota –

Galdera batzuk ETB Maratoiari buruz, etxeko teilatura igota
Etxeko teilatu gainera igo, eta lau haizetara galdera hauek oihukatzeko gogoa sortu zait. Auskalo zergatik!

Zer pentsatzen dute Norvegiako telebista publikoko arduradunek 17 orduz jarraian abesti bakar baten bertsioak emititzeaz? Eta Madagaskarrekoek?

Nola “izango gara berriz zoriontsu edozein herriko jaixetan”, zergen bidez finantzatu beharrekoa karitate bidez ordaintzen bada?  Eta karitate kanpaina bat telebistarako ikuskizun bihurtzen bada?

Egia da “Lau teilatu” abestia atzekoz aurrera jartzen baduzu “Karitatea elizatik atera eta telebistan sartu zen” esaldia entzuten dela?

ETB Maratoiaren arduradunek ba al dakite zer-nolako ondorioak eragiten dituen pertsona normal batengan abesti berbera egun gutxi batzuen buruan hamaika mila milioi aldiz entzuteak? Badago ikerketa psikiatrikorik horren gainean? Edo ikerketa horrekin lotutako esperimentua da pairatzen ari garena?

Zer pentsatuko genuke Espainiako telebista batean 17 orduz abesti berbera behin eta berriro jarriko balute? Adibidez, “Aserejé” edo “Macarena”…

Ze gizarte eredu dute buruan eta bihotzean kanpaina honetan parte hartu duten politikariek?

Nola banatuko dute bildutako dirua? Izan ere, 2017an iktusaren aurkako telemaratoian bildutako 146.410 euro kanpaina ordaintzeko erabili ziren, Argiak argitaratutakoaren arabera (albistea ikusteko, egin klik hemen).

“Hemen gaude eta poztutzen gara”? Zer dio “zure aitak”? Zer dio Josu Bergara abeslariak?

Duela urte askotxo, Xabier Montoiak kantaldi bat eman zuen Donostiako Parte Zaharreko lokal batean (Garai hartan bakarlari zebilen). Kontzertua bukatu ondoren, aukera eman zigun han geundenoi kitarra hartu eta abesti bat abesteko. Han zegoen gazte batek kitarra hartu eta “Lau teilatu” abestu zuen. Abesten bukatu zuenean, Xabier Montoiak hau esan zuen ironiaz eta haserre punttu batekin: “Euskal abesti guztietatik hori aukeratu behar zenuen? Zergatik?”.

Montoiak esandakoaren arrastotik, bi proposamen.

Kanpaina horretarako, zergatik ez dute aukeratu “Gizartearen eraikuntza” abestia edo abesti horren zati hau?

Zer anarkista mota ginateke
gizarte hau kritikatuko ez bagenu,
eta zer artista mota ginateke
gizarte hau aldatu nahi ez bagenu*.

Edota zergatik ez “Aberri ilunaren poema”?

Behar zaitut, Euskadi, desesperatuki
puta batek alkohola behar duen gisa**,

Akaso, goruntz begiratzen ari gara eta keia dugu eskuetan.

 .

*”Gizartearen eraikuntza” abestiaren letra Pako Aristirena da, eta Mikel Markezek abestu izan du.

**”Aberri ilunaren poema” Xabier Leteren abestia da.

Tximua naiz, eta Katxonderstango basoetan bizi naiz, ikasitakoa desikasten. Noizean behin Oiartzun Irratira egiten dut bisita, eta, azkenaldian, Barretartian ere sartu dut burua. Zuentzat guztiontzat mezu bat dut: agur eta umore!

2 pentsamendu “Galdera batzuk ETB Maratoiari buruz, etxeko teilatura igota”-ri buruz

  • Nik beste bi galdera gehituko nituzke, uzten badidazu:
    Zer zuen buruan halako kanpaina diseinatu zuenak, marihuanari eskainitako “Lau Teilatu” abestia hautatzeko?
    Kontziente dira “Lau Teilatu” kantatzen atera diren politikari guztiak marihuanari eskainitako kanta bat kantatu dutela publikoki?
    Lehendakari-jesuita marihuanari abesten ikusteagatik soilik merezi zuen kanpainak…

  • Zure galderek Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkide batzuek Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori” abestia abestu zutenekoa ekarri didate gogora.
    Orduko hartan ez zuten jakin abestia zeri buruzkoa zen edota zein zen abestiaren jatorria.
    Baina abestu abestu zuten.
    Ruperrek ere eman zuen iritzia: https://eibar.org/blogak/iturri/eta-ruperrek-zer-dio-ruperrek
    Zer pentsatzen ote du Juan Karlos Perezek? Beste galdera bat…