Galbide autoritarioa
Galbide autoritarioa –
Urtebete joan da mundu osoa dantzan jarri zuen COVID19aren pandemiak Euskal Herria jo zuenetik eta begi bistakoak dira hemen ere eragin dituen kalte ekonomiko zein sanitarioak. Eta, mundu osoan bezala, Euskal Herrian ere inolako eztabaida publikorik gabe eta ustezko irizpide zientifikoetan oinarrituz, dozenaka neurri kontrajarriak eta askotan ulergaitzak jarri dituzte martxan, gure herriaren soberania falta behin eta berriz azaleratuz.
Neurri hauek guztiek pertsona baino ekonomia babestea izan dute helburu, askotan osasunaren kaltean izan bada ere. Kapitala zuzentzen duten enpresa handienen negozioa handitu egin da krisialdiak jotako urte honetan, herritarren eta langileen egoera modurik lotsagarrienean okertu den bitartean. Horrelakoa izan da pandemiaren lehen urte honen balantzea, gutxi batzuk gehiago aberastu eta gehienak gehiago prekarizatu.
Eta desastre politiko-sozial hori salatzeko hilabeteotan indartuz joan den -eta etorkizunean areagotuko den- protesta soziala itotzeko, gobernu estatal, autonomiko zein erregionalek kontrol sozialerako zein errepresiorako neurri legal, politiko eta teknologikoak areagotu dituzte, beraiek kontrolatzen dituzten hedabide nagusien ezinbesteko laguntzarekin. Pandemia garaian botereak hartu dituen neurri horiek gainera, etorkizunean zorrozteko asmo argia erakutsi du.
Manipulazio sozial erraldoia eta errepresioaren gogortze neurrigabea dira estrategia politiko berritu horren ezaugarri nagusiak. Helburua, berriz, jendartea beldurtzea eta zatitzea da, protesta soziala suntsitzeko asmoz. Beraien interes eta negozio ekonomikoen defentsan ez dute inolako mugarik izango etorkizunean.
Auzoen okupazio poliziala, “tirar a dar”, foam munizio “ez hilgarriaren” erabilera masiboa, atxilotuei tratu txarrak, herritar zaurituak, kolpatuak, zigortuak, epaituak, kondenatuak, isunak… dira azaltzen ari garen politika errepresibo horren emaitza. Ondorioz, Polizia guztiek, espainolek, frantsesek zein autonomikoek, inoiz baino errefusa sozial zabalagoarekin egiten dute topo. “Tout le monde déteste la Police” oihuak edota ACAB ikurrak bazter guztietan ugaritu dira.
Egia esan, COVID19aren pandemia zabaldu baino lehenago ere kapitalismoaren aurkako olatu sozialari aurre egiteko Estatuen aldetik ematen hasia zen horrelako Poliziaren eta Legeriaren oldartze neurrigabea, baina azken urte honetan nabarmen indartu da mundu osoan; besteak beste, Asian, Ekialde Hurbilean, Afrikan, Hego zein Ipar Amerikan eta baita Europan ere.
Gugandik gertuko adibide argigarria da Macronek Estatu frantsesean Jaka Horien aurka azken bi urteotan erabilitako politika errepresiboa, juridikoa, teknologikoa eta komunikatiboa. Hor ditugu Estatu frantsesean zabaldu den gatazkaren emaitza lazgarriak; hala nola hildakoak, zartatutako eskuak, galdutako begiak, gasez kaltetutako birikak, granada eta kolpeen ondoriozko milaka zauritu arinak, ehunka epaitu eta espetxeratuak, erreforma legalak, grabaketa eta fitxatze masiboak, segurtasunerako Lege egitasmo berriak…
Demokraziaren defentsa gisa aurkeztu nahi izan duten politika arduratsua galbide totalitario hutsean geratu da. Estatu totalitarioa da indartzen ari direna. Arazoa, beraz, ez da polizia ereduarena, eztabaida askoz ere sakonagoa baita. Arazoa globala da. Jendarte eta Gobernantza eredua dira arazoak, sistema autoritario batean ez baitago bestelako Polizia izaterik.
Eta horixe da PNVk zuzentzen duen Euskal Autonomi Erkidegoko Gobernantza ereduan, azken urte honetan ikusten ari garena. Pandemiaren aitzakian, Ertzaintza gero eta biolentzia handiagoz jokatzen ari da, gero eta sektore sozial zabal eta anitzagoen aurka, EITBren babes mediatiko okaztagarriarekin. Polizia eredu hori du PNVek horrelakoa delako defendatzen duen jendarte eta Gobernantza eredua kapitalista, biolentoa eta zenbaitetan, arrazista ere.
Gero eta kontrol sozial, legal eta errepresibo handiago ari da bideratzen Ertzaintza. Gazteak, langileak, langabetuak, prekarioak, migranteak, kalean bizi direnak, okupak… guztiak dira politika errepresibo totalitario hori egunero jasaten dutenak. Eta hori frenatzeko ez du ezer egiten Erkoreka eta Urkulluren Gobernuak, kontrakoa baizik, justifikatu eta zuritu egiten du galbide autoritario hori EITBren bidez.
Okerrena da Ertzaintzaren biolentzia handitzen doan heinean, ertzainen arteko interes korporatiboa ere areagotzen ari dela. Gero eta gehiago dira guztien artean izkutatu behar dituzten neurrigabeko jarduerak, basakeriak ala jokabide okerrak. Horretan datza Ertzaintzaren inpunitatearen oinarrietako bat. Gauza bera gertatu izan da historikoki gure herrian errepresio bortitzena bideratu izan duten Segurtasun Indarren artean. Euskal Herrian badakigu zerbait horri buruz. Ertzaintzaren mundua administrazioaren zonalde itsua, lubaki beltza, bihurtzen ari da.
Euskal Herriko krisialdi sanitario, ekonomiko, politiko eta klimatikoaren bilakaera ikusita, oso zaila da pentsatzea euskal jendarteak pozez eta alaitasunez bereganatuko dituenik PNVk eskaintzen duen jendarte eta Gobernantza eredua, Arantxa Tapiak EITBn euskal oasiaren mirariak saltzeko ahalegin nekaezina egiten duen arren.
Egoera globalki okertzen ari da eta gehiago okertuko da gehienontzat. Gehienon prekarizazioa gutxi batzuen negozioa bilakatuko da PNVren eskutik. Ez da distopia bat, errealitate bat baizik. Hori guztia dela eta, PNVk badaki bere negozioari eusteko ez duela paktu sozial transbertsalik eskuratzeko inolako aukerarik izango eta, beraz, errepresio bidea jorratzen ari da. Horregatik dabil Ertzaintza dabilen moduan, horregatik indartzen ari da galbide totalitarioa EAEn ere.
“Arazoa ez da klima, arazoa sistema da” esaten dute ekologistek. Guk ere gauza bera diogu, “arazoa ez da Polizia, arazoa sistema da”. Sistema honetan bestelako Polizia eredurik ez dago. Desobedientzia da irtenbide bakarra.
Joseba Alvarez. Ezker Abertzaleko kidea
Beno… ba orduan zure alderdi politikoari ere kontuak eskatu, zenbaitetan EAJri kargu hartu dio eta arinegi ibiltzeagatik. Dena dela, idatzi duzuna, izurritea baino lehenago idatzitako testua izan daiteke lasai asko, hitz batzuk aldatu eta listo! Izurriterako egokituta!
Estatu polizialak bere biziko garrantzia hartu duenik uka ezinezkoa da. Mugitzeko murrizketak dauden momentutik, eta murrizketa horien kontrola hainbat polizi desberdinei ematen diezunean, polizi hoien boterea indartzen duzu.
Zurekin bat nator, jeltzaleak eroso daude egoera honetan, horregatik hainbat polizi jokabide ezin dira zalantzan jarri, dena zuzena da. Eta haiek kontziente dira datorrena askoz latzagoa dela, horregatik indar polizial erabat kontrolpean nahi dute.
Baina gai batean, ez dut uste asmatzen zabiltzanik. Ez dut gizartea datorkigun horri erantzun tinko bat emateko moduan ikusten. Zeharo ildokatua dakusat, inolako kritika izpirik gabe. Komunikabideak euren lana bikain egiten dabiltza, eta sumisio maila oso altua da.
Nola iratzarri genezake euskal jendartea?