Gaitzets ezazue Mandela
Gaitzets ezazue Mandela –
Ausartak izango zarete eta Nelson Mandela terrorista hiltzailea izan zela esango duzue? Adorerik izango duzue Nelson Mandela Fundazioarekin hitz egin eta hori anbiguotasunik gabe aitor dezan eskatzeko?
Nortzuk dira koldarrak? Barren-barrenean sentitzen ez dutena esaten ez dutenak, presioak presio eta irainak irain, ala jarduera armatua gaitzesteko soilik batzuei eskatzen dietenak -eta biolentzia politiko berdina erabili izanaz inoiz damutu ez direnak laudatzen dituztenak-? Nortzuk ari dira zurikeriatan? Nor zarete zuek zoru etikoa soil-soilik batzuei eskatzeko, baina besteei ez?
Kiratsa darie zuen hipokrisia politikoari eta kontraesan etikoei. IRA terrorista izan zela esaten irudikatzen duzue Sinn Feineko kide bat? Palestinaren Askapenerako Erakundea terrorista zela entzun zenioten Arafati? Tupamaroak terroristak zirela Pepe Mujicari? Ez. Hala ere, Sortuko kide batek ETA terroristatzat jotzea espero duzue. Zer logika darabilzue buruan?
40 urte barru matraka horrekin segituko duzue, umiliazio ariketa semantikoa inposatu guran? Badakizue Nelson Mandelaren borrokaren berri? Harekin eta ETArekin duzuen jarrera ikusita, ohartzen zarete zuen koherentziarik ezaz? Mandelari Bakearen Nobel Saria eman zioten 1993an. Hegoafrikako presidentea izan zen 1994-1999 urteak bitartean. Ba, 1995ean bere autobiografia kaleratu zuen. Libre zela idatzi zuen Long Walk to Freedom, inolako presiorik gabe. Liburu hori goitik behera irakurri duenak badaki inon ez dela ageri damuzko hitz bat bera ere borroka armatuari ekin izanari buruz -gero ere ez zuen halakorik esan-. Hutsegiteak -istripuak, haren hitzetan- izan zirela aitortzen du Mandelak, baina iragana gaitzetsi? Baita zera ere!
Mandelak liburuan azaldu zuenez, berak bazekien armak hartzeak errugabeak hiltzeko arriskua zekarrela. Hala ere, alde eta aurkako uste guztiak neurtu eta borrokari ekitea erabaki zuen. 1983an bonba bat jarri zuen ANCren adar armatuak Pretorian. 19 lagun hil ziren, horietako asko zibilak. Mandelaren hitzak: «Zibilak hiltzea istripu tragikoa izan zen, eta heriotza kopuru hark oso hunkitu ninduen. Baina, hildako horiek asaldatzen ninduten arren, banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezinak zirela». 1995ean esan zuen, ez 1983an. Ordurako Bakearen Nobel sariduna zen. Eta Hegoafrikako presidentea.
«Hurrengo hauteskundeetan esan Sorturi Mandela eta haren alderdia bezain txepelak ez izateko eta terrorismoa benetan gaitzesteko»
1985ean bonba bat ipini zuen Mandelaren erakundeak merkataritza gune batean. Eztanda aurreikusi baino lehenago izan zen. Hildakoen artean hiru ume izan ziren –txikienak bi urte zituen–. Andrew Sibusiso Zondo atxilotu zuten atentatuagatik. 1986an urkatu zuten. 2008an Zondoren izena jarri zioten ume eskola bati KwaZulu-Natal probintzian, haren bonbak hiru haurrak hil zituen eskualdean, Mandelaren alderdiak hala ebatzita. Gainontzeko taldeak kontra azaldu ziren. Terrorismoa babestea egotzi zioten ANCri. Mandela bizirik zegoen artean eta haren alderdiak erabakiari eutsi zion. Izenak eskolako sarreran segitzen du egun. 2016an, Zondo exekutatu eta 30 urtera, hura laudatu zuen ANCren kide eta jeneral Siphiwe Nyandak: «Andrew Zondok halako egintza batean parte hartu izanak ez du paria bihurtzen gure hiztegian. Gure heroia da oraindik ere».
Hurrengo hauteskundeetan esan Sorturi Mandela eta haren alderdia bezain txepelak ez izateko eta terrorismoa benetan gaitzesteko. Eredugarriak izateko. Areago: Mandela Fundazioari deitu Johannesburgora (27 (0) 11 547 56 00) eta esan egiozue, hain balienteak bazarete, bizia sakratua dela beti, baita diktadura baten kontrako jardueran ere. Ez ote diren lotsatzen Mandelak eta ANC alderdiak iraganeko borroka armatua arbuiatu ez izanaz. Zer dela eta hiru haur hil zituen terrorista bati heroi deitu eta haren izena eskola bati jarri, hemen diktadurako presidentea hil zuena omentzea debekatzen duzuenean. Ikastetxeari Zondoren izena kentzeko esan. Hegoafrikatik helduko zaizkizuen barre-algarek belarriak leherraraziko dizkizuete.
2024ko apirilaren 20a
Gaitzets ezazue Mandela