Gaitzespen ekitaldia Durangoko udaletxe aurrean

Durangoko Udaleko zinegotzi hainbat -Aitziber Irigoras alkatea tartean- eta Durangaldeko beste herrietako zinegotzi batzuk ere batu dira. Txalo artean amaitu dute elkarretaratzea.

Adierazpenak

Jose Antonio Pastor: “Atentatuaren aurrean gure gaitzespen osoa azaldu nahi dugu ezer baino lehen. Zorionez ez da zauriturik egon. Bestalde, herritarren laguntza eskertu nahi dugu, eta modu batera edo bestera kaltetuta suertatu direnekin solidarizatu. ETAk erakutsi du min egiten bakarrik dakiela, baina argi utzi nahi dugu horrela ez dutela helburu politikorik lortuko”.

Andoni Ortuzar: “Lehenengo eta behin gure gaitzespen irmo eta sendoa. Alkartasuna erakutsi nahi diogu alderdi sozialistari eta kalteturik gertatu diren biztanleei. Demokrazian alderdi politikoak zutabe nagusi dira eta alderdien kontra atentatzen denean, demokraziaren kontra atentatzen da, eta ondorioz, herriaren kontra. Durangoko eta Euskal Herriko herritarren kontra”.

Leopoldo Barreda: “Atentatua gaitzetsi nahi dugu. Durango gehiegitan izan da ETAren jomuga. Alderdi sozialistari gure elkartasuna erakutsi nahi diogu eta baita Durangoko bizilagunei ere. ETAk argi izan behar du zerumugan helmuga bakarra duela: justiziaren aurreran kontuak garbitzea eta kartzela. Indarkeriaren bidez ez dute ezer lortuko. Horrelako uneetan garrantzitsua da demokrata garenon batasuna, ETAri aurre egiteko”.

Dani Maeztu: “Atentatua gaitzetsi eta Durangoko eta Euskal Herriko alderdi sozialistari gure alkartasuna  erakutsi nahi diogu. Tamalez berriro ikusi dugu ETAk Euskal Herriari egiten dion ekarpena beldurra zabaltzea dela. Helburu zilegiak lortzeko bide baketsuak erabili ezik zilegitasuna galtzen da. ETAri esan behar diogu horrelakorik ezetz gure izenean”.

Mikel Arana: “Atentatua gaitzetsi eta alderdi sozialistari gure elkartasuna erakutsi nahi diogu.  Mezua helarazi nahi diogu ez ETAri, entzungor egiten duelako, ezker abertzaleari baino. Polo soberanista ezin da lehergailuekin defendatu. Ildo horretaik, erantzun argi bat eskatzen du”.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria