Gaitz erdi. Etxeko lanak eginak ditugu

 

Gaitz erdi. Etxeko lanak eginak ditugu.

Beharrik eta beharrik, etxeko lanak eginak ditugu.

Orain ikasi dut, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza lege berriaren proiektua alde batera utzi duela. Haur superdotatuen teoria alde batera utzi duela, alegia, ordu gutxiagorekin euskara gehiago ikasiko duten kontu hori. Eskerrak, oraingoan euskararen alde hasiko den zuzen-zuzenean eta euskaldunon aldeko Lege berri bat aterako duen!

EAEko Parlamentuan erdaraz aritzeko ohiturak azken urte hauetan poliki-poliki behera egin omen du. Ia ez omen da inor ere aritzen erdaraz.

EAEko politikariak beren egitekoen artean, euskara erdi-erdian jarri omen dute, behin betiko gune hori irabaziz. Ikusi besterik ez dago hauteskundeetako programetan, beren agerraldietan eta abar, gure hizkuntzari behar duen duintasuna eman diotela. Ia katalanen pare jarri eta aitzina jotzeko ausart.

EAEko Auzitegi Gorena aspaldian sartua dugu euskararen kontratako borrokan. Eta honek ez du etenik.

Beharrik eta beharrik etxeko lanak egintxek ditugun!

 

NAFARROAKO Parlamentuan ere euskararen erabilera bizkortu omen dute Geroa Bai, Bildu eta Zurekin Nafarroa alderdiek. Euskararen eta euskaldunon aldeko termometroa besterik ez omen da hori. PSN berriz, bere betiko jakobinismo-kolonialista jarrera uzteko unean bide da. Eta UPN? UPN ere bere siglei kasu egiteko prest omen dago. Esan bezala, dirudienez, den-denak hobera egin dute.

Nafarroako Administrazioko Auzitegia, jo eta su, euskara jo puntuan jarri eta tiro eta tiro ari zaigu. Auzitegi Gorena ere bide beretik ari da.

Beharrik eta beharrik, etxeko lanak behintzat eginak ditugu!

 

Irakaskuntzako esperantzak:

Gure eskoletan, honezkero, euskararaz ez dakien maisurik ez omen da sartzen, poliki-poliki erdaraz euskaraz baino hobeki dakitenen ehuneko ikaragarria beherantz hasi omen da. Gainera euskaraz motz eta motel diren guziak euskara hobetzera igorri omen dituzte (azentua, hiketa, hotsen berreskuratzea… Euskal kulturan ere trebatzen ari bide dira) Funtzionario izatearen karga arintzen hasi omen da eta, aldiz, euskararen alde egiteko suharra hedatzen ari bide da.

Ezin sinetsia bada ere, eskoletan haurrak euskaraz ari dira, behin Lizarrako ikastolan eta beste batzuetan aritzen ziren bezala.

Eskoletako euskara irakasleak kendu omen dituzte, orain euskara erakustea irakasle guzien egitekoa omen da (Eta maizenik, euskara irakasle hoberenak zientzietakoak dira)

Inon testatu gabeko pedagogia arrotzak alde batera utzi omen dituzte, hala diote. Hainbeste kalte egiten ari ziren, non, hemendik aurrera guzi-guziak proba pilotuak egin beharko dituzten, eta euskararen transmisioa hobetzen ez duten guziak bazter utziko diren. Herri zapalduetan erabiltzen diren pedagogiak aztertzen ari omen dira, eta gainerako herrietakorik ez bide da inongo plan pilotuetan onartu ere eginen. Euskaran eta euskal kulturan sartzeko ez omen da beste biderik ikusten.

Gainera, herri honen aurrera bidean permisibitatea, utzikeria eta azalkeria kaltegarritzat jo omen dira. Irakaskuntzan ageri den PERMISIBITATEA, infernuko zolara igorriko bide dute.

Euskaldun hutsak diren haurrak ez omen dituzte besterik gabe sakabanatuko erdaldunen artean orain artio egin den bezala. Izan baduguna ez dezakegu galtzera inola ere bota.

EAEko Lanbide Hezkuntza euskaraz jarri omen dute behingoz, ikusirik 40 urte pasa direla, eta euskaraz hezteak nolako inportantzia duen gerora, beren lantokietan eragiteko. Horrekin frogatu da itsuek ere ikusten hasi direla agerian zegoena. Eta ez da gutxi.

Gurasoak eskolatuko dira, soziolinguistikaz jabetu daitezen, haurrekin nola jokatu behar duten ikasteko. Ez da ikastaro luzerik behar. Guziok ikasi beharko dugu, karrikan eta ostatuan topatzen ditugun adiskide eta lagun ez jakinei ere -erdaldun izan edo euskaldun izan- gure hizkuntzaren ibilbidea zein izan behar duen erakusteko. Eta hauek ere lan honetara lot daitezen konbidatzeko. Betiko oker alimaleko honi irtenbidea ikusten omen zaio.

 

EAEko Auzitegi Nagusiaren euskararen kontrako gurutzada ez da nolanahikoa. Gorrotoa, ezinikusia eta kolonialismoa berarekin du. Hortaz izanen da 40 urteko “demokrazia” honetan euskararen kontuan pausu bakar bat ere eman ez izana.

Beharrik eta beharrik…

 

Udaletan ere erne dira gure alkate eta zinegotziak:

Euskara Udal politikaren erdi-erdian jarriko omen dute.

Udaletako Euskara Batzordeetako lehendakariak alkateak berak izanen omen dira, hainbesteko errespontsabilitatea inoren eskutan ez uzteagatik.

Euskara teknikariak ez omen dira ari gehiago itzulpen eta horrelakoetan. Kontzientziatze eta sustatze lanetan ari bide dira honezkero.

Udalek antolatzen dituzten aktibitate guzietan euskarak hartuko omen du gaina.

Umeen eta gaztetxoendako antolatzen dituzten eskolaz kanpoko aktibitate guzietarako prestatuak eta trebatuak diren begirale eta erakusleak hartzen hasi bide dira: euskara jatorra, goi mailakoa eta azentu ona darabiltenak. Gainera, ondoren begiraleak begiratuak izaten omen dira, ea erabilera bere jakinduriarekin bat datorren ikusteko, hau da, ea erabat euskaraz ari diren ikusteko; ea berek agindutakoa eta ematen zaien soldata bat datozen ziurtatzeko, alegia.

Oraintsu arteko gainbeherari amaiera eman eta anabasa behin betiko bukatu dira, zorionez!

Karguak hartu orduko, alkate eta zinegotzi guziendako ikastaroak emanen omen dira, adibidez, administrazio hiztegia ikasteko edo, nahi eta nahiezkoa luketena, beren udalerrian euskarak eta euskaldunok pairatzen dugun egoeraz jabetzeko.

Gure Alkate eta zinegotziak etsenplua emanen omen dute euskarari dagokionez, bai udaletxean eta bai kanpoan (Edanda harrapatzea baino aise larriagoa omen da zarra-zarra erdaraz aritzea)

 

Beharrik eta beharrik etxeko lanak eginak ditugun eta ahal guzietan Botere etsaiari iskin egiteko prest gauden!

 

EGA titulurik ez bide dute gehiago erregalatzen. Eta behar ez duenak ez omen du titulurik ateratzen erdarazkoa ateratzen ez duten bezala. Hori bai, gau eskoletan eta euskaltegietan gero eta gazte gehiago omen dabil euskara hobetzeko eta euskañola baztertzeko. Ikasteko grina sortu omen zaie Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta gainerako botereek erakutsi duten euskaltzaletasunari esker. Euskararen aldeko beren lana zintzoki betetzearen ondorio, dirudienez.

Eta zer esan Komunikabideei buruz?

Euskal Telebista ere izanen omen dugu hemendik aurrera (Orain artio KT izan dugu, Kirol Telebista) Eta munduan agertzen diren pelikula eta serie hoberenak euskaraz entzuteko eta ikusteko aukera izanen omen dugu. Gure gobernuak prest omen dira behar diren baliabideak jartzeko.

Komunikabideetako politika erabat aldatuko omen da. Euskal komunikabideak taxuz eta zuzentasunez lagunduko omen dira, gutxienez erdarazkoen pare jarri artio.

Sare sozialetan ere esku sartuko omen dute gure agintariek, ahal guzia eginez.

 

Beharrik eta beharrik etxeko lanak behintzat eginak ditugun!

Ikusirik Iparraldean euskara erabat baztertua Frantziako jakobinismoarengatik, erabaki berriak hartzeko oldozten eta prestatzen ari omen dira Hegoaldeko erakunde, alderdi politiko, euskal eskola…, guzi-guziak batera jotzeko. Solidaritatea eta laguntza etxetik hasten dela ikasi omen dugu. Bazen garaia!

Hede xuriak ere Ertzaintzaren bide beretik sartzen ikusteko aukera izanen ote dugu? Euskaraz nonahi eta beti mintzatuz Hegoan ikusten dugun bezala?

Hegoaldeko unibertsitateek Iparraldeko ikasleak trabarik gabe hartzen bide dituzte. Ea Iparraldekoak noiz hasten zaizkigun alderantzizko bidea ere errazten!

Eta mundu guzia kezkaturik euskaldunon kontra sortutako erauntsiaz, Idazleen Elkarteak, Bertsozaleen elkarteak, Gidoilarienak, Bikoiztaileenak…, beren lan oparoez gain, euskararen etorkizuna ere beren egitekoetan sartu omen dute. Ezinbestekoa zaie eta zaigu.

Feministak, gazte talde, bilgune partikularrak, den-denak euskararen etorkizunaz kezkaturik, beren ekintzen erdigunera ekarri omen dute Euskal Herriaren hizkuntza.

 

Beharrik eta beharrik garaiz ohartu garen! Etsaiaren eraso bortitzari ez diogu kontra modu on samarrean eginen?

Etxeko lanak eginak ditugu. Beharrik eta beharrik!!!

 

Juan Aleman