Gaindegiez eta zedarriez

Gaindegiez eta zedarriez –

Atzen hilabete hauetan bi gauza oso interesgarri pasa dira gure herriaren mundu sozio-ekonomikoan. Batetik, azaroaren bukaeran Gaindegiaren etapa berriari hasiera irudikatu zuen ekitaldia egin zen Donostiako Tabakaleran eta erakundearen atzen lana aurkeztu zen: ‘Euskal Herria 2004-2024: adierazle galeria’. Besterik, urtarrilaren bukaeran Zedarriak lobbyak urteko bere lehen txostena aurkeztu zuen Bilbon, Deustuko unibertsitateako liburutegian: ‘Euskadi y la Unión Europea: Un destino compartido de prosperidad y competitividad’.

Bi ekitaldiek ezaugarri amankomunak izan zituzten, batetik, eta desberdintasun adierazgarriak bestetik. Bietan, arduradun politiko nagusien presentzia nabarmentzekoa izan zen. Gaindegiaren aurkezpenean foru-aldundietako ekonomia diputatuak eta Nafarroako ekonomia-sailburua egon ziren. Zedarriakenean EAEko industria-sailburua entzuleen artean. Desberdintasun adierazgarria txostenen esparru geografikoan: Euskal Herria batak eta EAE besteak. Seinalatzekoa izan daiteke, halaber, Gaindegiak Donostia aukeratu zuela aldarria jotzeko tokia, jabego publikoko azpiegitura batean eta Bilbo, unibertsitate pribatu batean, Zedarriakek; gure herriaren zentroa eta zentralitatea non dauden ikuspegi desberdinen ondorioa hain segur!

Gaindegiaren txostenak ikuspegi diakronikoa ematen du eta analisirako datu-bilketa oparoa eskaintzen du gure gizarte-jardueraren hainbat esparru nagusitan. Zedarriaken analisia aurrera begirako proposamena da, Draghi eta Lettaren txostenak abiaburu/aitzakia moduan hartuta. Horretan ere bi-biak desberdinak. Hizkuntzaren hautua ere bereizten ditu: euskara eta gaztelania Gaindegikoan; Bilboko elite ekonomikoen ohiko hizkuntza bestean.

Gaindegiez eta zedarriezGaindegiak eginiko txostenak ez du hauts askorik harrotu eta, seguruenik, euskarazko komunikabideek eman diote atentziorik sakonena. Zedarriakenak, aitzitik, estaldura zabalagoa izan du eta ekaitz txiki bat eragin du iritzi-artikuluei eta sare sozialetako txioei erreparatuta. Bi kontzeptu izan dira sua pizteko txinparta: defentsa-industria eta energia nuklearra.

Egia esan, txostena arretaz leituz gero, ez ditu irakurleak bi kontzeptu horiek inon aurkituko. Aurkezpen-ekitaldian aipatu zituen Guillermo Dorronsorok gure industriaren etorkizunerako aukera gisa: «Europako defentsa industria berreskuratu behar dugu, Euskadin ia osorik desagertu dena». Komunikabideak amua irentsi eta tituluetara eraman zituzten: «Zedarriak-ek «aukera bikaina» ikusten du defentsa industrian, eta sektore hori berreskuratzera deitu du» Berrian etsenplurako.

Arretaz irakurri dut Zedarriaken txostena. Eztabaidarako proposamen interesgarria iruditzen zait. Jakina, datorren tokitik etorrita baditu txostenak ajeak eta jiteak: talentu-faltaren matraka, lehiakortasunaren aldarria edo hezkuntza-sistema industriaren premiekin lerrokatu beharra azpimarratzea. Ustekabeak ere izan ditut, ez bainuen espero ‘Lan- eta gizarte-baldintzak hobetzea’ eskatzen baita erronken artean. Dena dela, talentuarekin batera aipatzen da eta horretan egon daiteke koxka! Gizarte zibila indartzearen aldarria egiten da eta hori positibo dakusat.

Gure herria, Euskal Herria, eta Europa orohar, bidegurutzean dagoen momentu honetan guztiz beharrezkoa iruditzen zait debatea irekitzea gure gizartearen ongizatea eta ekitatea bermatzeko jorratu beharko genituzkeen estrategien inguruan. Ikuspegi berritzaile eta zabalarekin, garai bateko errezetei eta susmoei jaramon handirik egin barik, gai izan beharko lukete gure agente ekonomiko, politiko eta sozialek elkarrizketa zintzoari ekiteko. Gaindegiaren eta Zedarriaken ekarpenak, beste batzuekin batera, lanerako dokumentu baliagarriak dira, nik uste.

Asko dugu jokoan, ondorengo belaunaldien geroa besteak beste.

Galde 48 udaberria/2025

galde

Gaindegiez eta zedarriez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude