Futbol profesionalaren bi aurpegiak?
Futbol profesionalaren bi aurpegiak?
Futbola da inguruotan zale eta diru gehien mugitzen dituen kirola; negozio hutsa, marketing hutsa dela salatzen dugu etengabe, baina milaka lagunek betetzen dituzte astebururo futbol zelai eta tabernak 11 jokalari beste 11ren kontra jokatzen ikusteko. Futbolak hamaika aurpegi ditu, futbola da telebistan sekula botako ez duten auzoko umeen partida, eta futbola da haur eta gazte gehienek praktikatzen duten kirola. Baina gizonezkoen goi-mailako futboletik atera gabe ere, aurpegi asko ditu futbolak.
Asteburu honetan bertan eta Espainiar estatuko futbol ligaren baitan bi aurpegiak ikusi ditugu.
Izarrak Ipuruan
Bi urtean bigarren B mailatik lehenengo mailara igota, sinestezina zirudiena egin zuen Eibarrek, eta oraindik lehenengo mailako handikeria eta izarretara egokitzen ari da hiria. Larunbatean, miloika euro irabazten dituzten Real Madrileko jokalariak izan ziren bertan, eta 0-4 galdu arren festa giroa izan zen Eibarren nagusi. Milaka lagunek jaso zituzten Bilboko Carlton hoteletik autobusean zetozen izarrak. Talde eta hiri xumea emozioz beteta erraldoiaren bisitarekin.
Rayo Vallecanoren keinua
Asteburuko beste argazkia etxegabetu duten 85 urteko emakume onena izan da, Carmenena. Vallecas auzoan bizi izan da 50 urtez, bere semeak eskatutako prestamo baten ondorioz etxerik gabe geratu den arte. Sare sozialak bere argazkiz bete dira, eta haserrea zabaldu da nonahi.
Itxura denez, Carmenek ez du gehiegi itxaron beharko etxe bat izateko. Bere kasua ezaugututa, Lehenengo Mailako aurrekontu xumeenetakoa duen Rayo Vallecanoko jokalari eta entrenatzaileek euren ekarpena egingo dute bizi den artean etxebizitza duina izan dezan. Hona Paco Jemez entrenatzailearen (gaztelaniazko) hitzak:
Baten batek, marketing hutsa dela sala dezake, euren irudia garbitu eta zuritzeko ekimena dela soilik. Hala izango da akaso, baina egoera bestelakoa litzateke Eibarrera autobusean joan diren kamiseta zuriko jokalariek ere beste batzuk baztertu eta marketing estrategia gisa behar gehien dutenak laguntzea hautatuko balute.