FUPOGA Plataforma sortu dute: Funtzio Publikoa Oztoporik Gabe
FUPOGA Plataforma sortu dute: Funtzio Publikoa Oztoporik Gabe –
Izparringia-tik jasoa.
Politika, gizarte eta kultura esparruetako intelektual talde batek Funtzio Publikoa Oztoporik Gabe plataforma aurkeztu du Bilbon. Sustatzaileen arabera, plataformaren helburua da herritar guztiei erraztea funtzio publikoko lanpostuetarako sarbidea, horretarako “gaur egun inposatzen diren eta horrenbeste frustrazio eta tristura eragiten duten oztopo burokratikoak ezabatuz”.
Lanpostu publikoen eskuragarritasuna unibertsala egiteko, FUPOGAk sarbidea erraztea proposatzen du, hautagaien borondate ona baloratuz, “zentzurik gabeko traba burokratiko bilakatu diren titulu akademikoak eta oposizioak ekidinez”. Sustatzaileen arabera, milaka dira lanpostu publiko bat lortzeko lan izugarria egin ondoren proba horiek gainditze ez dituztenak, eta horrek “frustrazio, ezinegon eta tristura handia sortzen du populazioaren zati handi batengan. Gainera, inork gutxik ukatuko du gaur egungo oposizio azterketak oso zailak direla”. Tramite burokratiko hotzen ordez, FUPOGAk sistema malguagoa proposatzen du, hautagaiaren borondate ona izango duena neurgailu nagusitzat.
Neurri zehatzen katalogoa oraindik prestatzen ari badira ere, FUPOGAko kideek adibide zehatz batzuk azaldu dituzte gaurko aurkezpenean. Sendagilea izateko, adibidez, nahikoa izango da Dr. House telesaileko 10 kapitulu baino gehiago ikusi izana, ospitaleetako espezialitateetan behintzat. Familiako medikua izan nahi duenak, berriz, aski izango du Médico de Familiaren dozena bat atalekin. Umeren bati inoiz merkromina edo iodoa jarri izanak kirofanoko laguntzaile izateko aukera ematea ere proposatu dute.
Epailea izateko, berriz, AllyMcBeal telesailaren 20 kapitulu proposatzen dute oinarri gisa, edota Caso Cerrado realityaren 15 atal. Saioko gidariak gonbidatuari gazteleraz egiteko exijitzen dion atalak doble puntuatuko du.
Irizpide horiez gain, FUPOGAko arduradunek aurreratu dute bestelako aldagaiak ere hartu nahi dituztela kontuan, hala nola generoa, bizilekua edo errenta. “Argi dagi zubipean bizi denak nekez ordain dezakeela karrera unibertsitario bat. Ez da justua medikua, epailea edo administraria izateko jende askok ordaindu ezin dituen ikasketak eskatzea, guztiz baztertzailea da eta gatazka soziala eragiten du”.
FUPOGAko kideek laster abiatuko dute sinadura bilketa bat euren eskaerak Eusko Legebiltzarrera eramateko.
FUPOGA Plataforma sortu dute: Funtzio Publikoa Oztoporik Gabe