Funtzionarioentzat, irainak; migratzaileentzat, esplotazioa
Funtzionarioentzat, irainak –
ELAk Korporazioarekin izan duen azken gatazka CECOSAkoa izan da; hau Eroskik sortu zuen migratzaileak esplotatzeko eta kooperatibako bazkideek egin nahi ez zituzten biltegi-lanak egiteko, hain zuzen gogorregiak direlako. Hori, lanbidearteko gutxieneko soldata baino piska bat gehiago ordainduta eta estatu mailako hitzarmen baten arabera. Ucin jauna, ez da harritzekoa egoera horretan dauden langileek sektore publikoan lanpostu hobea bilatu nahi izatea; nekez aurkituko baitute oraingoa baino okerragorik; zure bazkideek, behinik behin, lan hori ez dute egin nahi. Bost greba egun behar izan ziren duintzat har daitezkeen lan-baldintzak adosteko.
Baina CECOSAren kasutik haratago, badirudi Mondragon Korporazioaren lehendakariak euskal sektore publikoa ez duela ezagutzen, esan ere esan baitzuen administrazioan lan egiteko “bizi arteko bermea” dagoela. Haatik, EAEko sektore publikoan behinbehinekotasuna sekula izan den altuena da, %44raino iritsi baita; areago, Osakidetzan %50ekoa da…
Hitzaldiaren pasarterik iraingarriena izan zen esan zuenean enpresa pribatuetan jendeak biziraupena jokoan duela, eta aldiz sektore publikoko langileek ez omen dute “estres hori pairatzen”. Ucin jaunaren pentsakera ekonomizistak ez dio beta ematen irudikatzeko sektore publikoan jendeak sufritu dezakeenik, gaixo bat hiltzen zaionean, neskato batek ikasturtea gainditu ezin duenean, miserian bizi denari laguntza sozial bat ukatu behar zaionean… Izan ere, dirua irabaztea baita Ucinen helburu bakarra. Funtzionario alferraren klitxea hauspotzen du buruan ez zaiolako sartzen inork lana egin dezakeenik honek eragiten duen onura hutsagatik.
Hain zuzen, noiz eta LKS Next, Mondragon Korporazioko aholkularitza, Osakidetzan kontratu handiak lortzeko lehian dabilenean, Imanol Pradalesek aldarrikatzen duen kultura aldaketa gauzatze aldera.
ELAk behin eta berriz jo izan du Ucinek gidatzen duen korporaziora bilera eske, beti ere gatazkak ekiditeko eta Korporazioko soldatapeko langileen bizi-baldintzak hobetzeko asmotan. ‘Harrigarria’ da gure herrian diren bi organizazio nagusik, Mondragon Korporazioak eta ELAk, elkarren artean harremanik ez izatea. Hala ere, hitz egiteko saioei beti ezezkoa eman die Mondragonek.
Mondragoneko lehendakariarekin bilera bakar batean izan naiz, 2020an, hau da, pandemia betean. Bilera hura Arantxa Tapia sailburuak deitu zuen; dozenaka organizazio sozial eta enpresa elkartu ginen han. Orduan ELAk langileen osasuna babesteko neurriak eskatu zituen. Iñigo Ucinek behin bakarrik hitz egin zuen: ELAri errietan egin zion eta Jaurlaritza txalotu egin zuen.
Enpresa-foroetan biltzea, Eusko Jaurlaritzari koipea ematea eta sindikatu nagusiarekin bilerak egiteko aukera ukatzea, horixe da Mondragon Korporazioaren buru denaren kutsu humanista.
Ondorioz, ez da harritzekoa Ucinek lehenago aipatutako Foro hartan Erkoreka Segurtasun sailburuaren hitzak errepikatu izana: “Jendea funtzionario izateko irrikatan dago eta (behin iristen denean) bere lehenengo urratsa greba egitea da”. Sektore publikoko grebari dagokionez Iñigo Ucinek bat egin du Zupiria sailburuaren, Urkullu lehendakariaren edo Pradales lehendakarigai jeltzalearen akusazio faltsuekin: Guztiek ere sindikatuei leporatzen diete grebak soilik sektore publikoan deitzen dituztela; haatik, hauek 2023ko deialdien %3,6 besterik ez ziren izan. Gezurretan ari dira ez dutelako onartu nahi administrazioak direla patronalik autoritarioena; akordio bat ere ez duena iritsi behar izan, 2010etik aurrera lan-baldintzak dekretuz ezarri baititu. Ez da egia sektore publikoan greba gehiegi egiten denik; aitzitik! Gasteizko eta Iruñeko gobernuen ikuskeran negoziazioa da eurek beren aldetik idatzi dituzten testuak berrestea, azpian sinatuz.
Baliteke Ucin jaunak inbidia izatea lan-baldintzak dekretuz inposatzeko aukera dela eta, hala jokatzen baitute herri-administrazio gehienek, eta horretarako askatasun sindikala oztopo bat da. Horrexek batzen baititu Eusko Jaurlaritza eta Ucin errealitate sindikalari buruz: hau mespretxuz ikusten dute eta euren borondatea inposatu nahi dute, negoziatzera eseri gabe. Alabaina, ELAren atea irekita dago Ucin jaunarentzat. Nahi duenean elkartu eta solastuko gara euskal sektore publikoaren errealitateaz; bide batez, aipa dezakegu ere Mondragon Korporazioan zer egin litekeen Eroski inoizko etekinik handienak metatzen ari den garaian soldatapeko langileen esplotazioa amai dadin.