Funtzionarioak
Funtzionarioak –
Joan den astean, Diario de Navarrak gaztigatu zigun Nafarroako Gobernua puztu eta puztu ari dela langile publikoen kopurua. Albistea bertze datu batekin osatu zuen barnealdeko orrialdeetan. Honatx: “Egunero, 2.640 funtzionariok huts egiten dute lanpostuan arrazoi medikoengatik edo bertzenazko arrazoiengatik”.
Ez dakigu beti berberak ote diren 2.640 horiek, edota txandakatuz joaten ote diren; edo, berberak baldin badira, izen-zerrendarik ba ote duen Diario de Navarrak. Nik, funtzionario naizen honek, bistan dena, anonimoki nahiago dut lanera ez joan, arrazoiak medikoak direla edo bertze klase batekoak direla.
Diario de Navarra ezagututa, ez da inolaz ere pentsatu behar zalantzan paratu nahi duela osasun arrazoiengatik langileek baja hartzeko duten eskubidea. Ez egunkariak langileen alde egin nahi duelako, baizik eta gibel-asmoa aise maltzurragoa delako: funtzionarioak ez dira lanera joaten alferrak direlako, gezurra erranda lortzen dutelako medikuak baja sinatzea. Eta alfer gezurti kuadrilla horren soldata zu ari zara ordaintzen, xuxurlatzen dio bidenabarkoan egunkariak bere irakurle idealari.
Orduan, alferrak baldin badira, zer dela-eta ari da PSN haien nonbrea emendatzen? Erantzuna ere aise da ondorioztatzekoa: PSN esker oneko estomakaz ari da administrazioa betetzen, botoa emanen dion klase otzan bat sortu nahian.
Eta, bizitza zoragarria baita, puntu horretan bat egiten du Cordovillako kazetak karrika nagusiko ezker ustez erradikal ezin aratzagoarekin. Hamaika ikusteko jaioak gara gero!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko abenduaren 10ekoa]