Frantziarekiko atxikimenduaren gako historikoak: “Aberri txiki, Aberri handi”
Zergatik Iparraldean alderdi abertzaleek ez dute emaitza hobeagorik lortzen? Peio Etcheverry-Ainchart historialariak iaz “Aberri txiki, Aberri handi” hitzaldian horrelako galderen erantzun batzuk aurkeztu zituen. Finean, euskaldun askok Frantziarekiko duten jarrera ona nondik datorren azaltzen du, beti ere historiari so eginez. Hegoaldekoontzako bideo biziki interesgarria “Aberri txiki, Aberri handi”.
oso interesgarria iruditu zait. Hurrengo bideoa nafarroari buruzkoa izan beharko litzateke, “hego euskal herria” delako hori ere oso anitza eta ezberdina baita.
Euskal nazioa eraiki nahi badugu abertzaletasunaren bitartez, abertzaletasun hori tokiko errealitatetik abiatu beharko da.
Nik beti pentsatu izan dut, Iparraldean jaio izan banintz ez nintzatekeela abertzalea izango. Frantsesa izatea, balizko euskal estatu independenteko hiritarra izatea baino hobea delakoan nago. Espainiarekin konparatuz ordea, nahiago dut munduko herririk
txiroenekoa izan (zer esanik ez Euskal Herrikoa) espainola baino. Eta hor dago gakoa, gainerakoak koplak.
Guazak zer diren… Ni oiloa naiz, baina beti pentsatu izan dut alboko baserrian jaio banintz untxia izatea nahiago nukeela. Ze, halako larru goxoa baitute…
Asimilaziorako, inperialismoak baita ere erabiltzen ditu modu honetako historialari kolonizatuak. Horrelakoentzat, “Historiaren kontakizuna”, aldez aurretik ezarritako helmugara iristeko ahalegina baino ez da: sekulan izan da euskal naziorik ? Ez.Gaur bada euskal naziorik ? Ezta ere.
Hori da frantses hautetsi honen jomuga. Penagarria.
Baina egia da 500 urte ez direla alferrik pasa :gaur egun, txantxangorriak euskal nazioa eraiki nahi du ,beraz ez gara nazio bat eta orduan zer gara? oiloak ,oilandak ,periferia, belarrimotzak zapaltzeko arrazista talde bat,burges batzuk,euskaldun akonplejatu saldo bat ? Horretarako hobe untxia izatea. Oso ona.
Baina ez zara.Sentitzen dut.
Iñaki, ez dut fitsik konprenitzen: zuk “historialari kolonizatu” deitzen duzun horren hitzaldia, argigarrietan argigarri da Iparraldean bizi den Hegoaldeko abertzale honentzat. Benetan aparta egin zait, ez bakarrik dioena, baizik eta bikain esateko duen gaitasuna. Izango da abertzaleak mota bakarrekoak izan daitezkeela zuretzat. Areago, ez dagoela beste abertzalerik, zeu ezean. Bestenaz, hitzaldi aparta, zinez. Zuri gustatu ala ez.
Hitzaldiaren hasieran garbi azaltzen du bere iritzia : nola pentsa daiteke okupazioan bizi garela ? Beretzat edozein historialari frantsesentzat bezala gure herria ez dago okupaturik.Okupazioa bizi izan genuen Alemaniak Frantzia okupatu zuenean.
Faxismoa ere garai batean bizi izan genuen , beraz oraingoari demokrazia deitu behar zaio.Nahi baduzu segituko dut baina 7. minuturako hori guztia esan duenari erantzuteak luzeegi joko luke. Berak borrokatu nahi duena hauxe da (7-10 minutu
horietan azaldu duenez ; bat, ez dago okupaziorik eta bi, ez dago herri bat autodeterminazio eskubidearen subjektu.
Kolonizatua deitu diot bi idei nagusi horietan oinarritzen delako inperialismoaren
diskursoa menperatutako herrietan.
Neu ezean beste abertzalerik ba ote den eta horrelako pitokeriak erantzuten ez naiz hasiko.
Hara, o Peio Peio
Historiari, kausei eta azalpenei begira aitzakiarik ez, argi eta garbi azalduta, dotore eta atsegin. Hala ere, faltan sumatu dut horren osteko hausnarketarik: zer egin Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna azkartzeko. Izan ere, Peio ez da historialari soil, baizik eta alderdi abertzale bateko kide ere. Hurrengoan izan beharko, pena.
Uste dut batzuei sinplekeria gehiegi gustatzen zaiela; eta horrek ez dio laguntzen, ez eztabaidari, ez errealitatearen ezagutzari, ezta Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari ere.
Hain zuzen ere, eraikuntza nazionalaz hitz egiten bada, egiteke dagoelako da, ez dagoelako naziorik. Nazioa, gaur egun ulertzen dugun moduan, gauza berria da. Kontua da, horrek esan nahi du ez dagoela -eta ez zegoela- euskal jendarterik? Ez, noski.
Are gehiago, euskaldunok, politikoki bananduta egonda ere, komunitate berekoak izatearen kontzientzia izan dugu aspaldidanik. Bestela, zergatik zuzentzen zaie XVI. mendeko lapurtar bat (politikoki frantsesa) euskaldun guztiei Nafarroako erreginarentzat egindako liburu batean? (Leizarragaren testamendu berriaz ari naiz)
Baina ziur aski, euskaldun horiek ez zutela euskalduntasun hori – batez ere, atxikimendu politikoari dagokionez- geuk bezala bizi; hain zuzen ere, komunitate soziokulturalaren eta politikoaren arteko lotura (alegia, egungo “nazio” kontzeptua) beranduago sortu baitzen; bai Euskal Herrian, bai Europako gainontzeko tokietan.
Jakina, komunitate soziokultural amankomuna izateak asko laguntzen du nazio eraikuntzan, baina ez da nahikoa. Eta, Peiok ongi adierazi duen bezala, estatuak ongi aritu dira lehen existitzen ez ziren komunitate soziokulturalak eraikitzen. Gure kasua ordea, alderantzizkoa da: aurrebaldintza guztiak genituen -komunitate soziokulturala-, baina beste estatuen indarrarengatik ezin izan genuen eraiki naziorik.
Beraz, ez dut uste Peiok inolako gezurrik dioenik. Agian hainbat gauzatan ez da sartzen, baina bere helburua ez da euskal nazioa justifikatzea, baizik eta hegoaldearen eta iparraldearen arteko aldeak ulertaraztea. Errealitate bat azaltzen du eta bere oinarri historikoak: ez dio euskaldunak ez ginenik (komunitate soziokulturala), baizik eta ez genuela naziorik (komunitate politikorik) eraiki; ez dio ez dugula naziorik eraiki behar (ez esplizituki behintzat), baizik eta iparraldean eta hegoaldean nazioa era ezberdinean ulertzen direla (gustatu ala ez).
Eta uste dut, errealitatean eragin nahi badugu (hau da, nazioa eraiki) ezinbestekoa dela abiapuntua ulertzea eta ezagutzea. Beraz, ez ditzagun gauzak bere tokitik atera.
“Hain zuzen ere, eraikuntza nazionalaz hitz egiten bada, egiteke dagoelako da, ez dagoelako naziorik.”
Haitzek Zuzeun 2012-04-11
“Ezker Abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta ABk akordio estrategiko NAZIONALA landu eta adosteko engaiamendua hartu dugu”
Baionan 2012-03-14
“Nazio bat gara eta guk erabaki behar dugu gure etorkizuna”
Iñigo Urkulluk bere blogean 2010-11-27
“…hipotetica nacion vasca”
R. Aresek 2012ko Aberri Egunean
Ederra, zure hausnarketa, Haitz! Hain abertzale peto garenok, ez dakigu bereizten abertzaletasuna eta nazionalismoa: halako moldez, non abertzaletasuna eta nazionalismoa identifikatu egin baititugu. Konturatu gabe gure historian euskal abertzale sendoak izan ditugula espainiar nazionalismoari muzin egin gabe (Hegoaldean, eta gaur egun oraindik ere batik bat Nafarroan). Eta konturatu gabe gure historian eta gaurkoan abertzale zintzoak ditugula frantziar nazionalismoari muzin egin gabe (Iparraldean). Zenbat aldiz ez ote dut (nik behintzat) entzun aberri txiki eta handiarena, euskaltzaletasuna eta espainiartasuna/frantziartasuna nork bere erara uztartuz! Bale, kolonizatuaren mentalitatea, noski, baina zerbait berezi asmatu beharko dugu/dute abertzale petook (abertzaletasuna eta nazionalismoa identifikatu nahi dituztenek) abertzaletasun/euskaltzaletasun hori oinarri hartuz, haratago eramateko kontzientzia politikoa. Diot.
60. hamarkadatik aurrera, (des)kolonizazioaren inguruko diskurtsoek izan dute eraginik euskaldunen artean. Horiei esker, gauza batzuk argitu dira: adibidez, ekarpen politak ekarri dituzte hizkuntza-auzia konprenitzeko… Baina gauza askotan, ordea, bazterrak nahastu dituzte: nire ustez, Europako naziorik gabeko herriak (Euskal Herria, Cymru, Breizh, Catalunya…) eta Afrikako herriak besterik gabe parekatzea sinplekeria galanta da. Europan agian asimilazioaz hitz egin beharko genuke; euskaldun batek, demagun, espainiartasuna edo frantziartasuna onartu duenean, bere egin duenean, ez du inolako arazorik eduki Espainia edo Frantziako elitean integratzeko. Nire ustez, handik dator mugimendu abertzaleen ahultasuna, baita haien handitasuna ere.
Antzua iruditzen zait terminologia kontutan hainbeste denbora galtzea. Peio NAZIO-ESTATUAz ari da, Politologian -eta Soziologian hein handi batean- erabiltzen den KONTZEPTU POLITIKOA, XVII-XVIII. mendeetan SORTUA. Herriak, noski, lehendik bazeuden.
Hori argituta, Inakiri erantzunez: zeuk jarritako adibideen moduan, beste hainbeste aurki daitezke bestelakoak ere. Adibide garbi bat: “Euskal Herrian, nazio ERAIKUNTZAREN ikuspegitik…”, ezker abertzalearen web orriaren AURKEZPENEAN (eraikuntza.ezkerabertzalea.info; web orriaren izenean bertan ere…).
Bestalde, Bixenteri erantzunez: mesedez, ez jarri nire ahotan -hitzetan- esan ez dudanik. Batetik, nik ez dut abertzaletasunari eta nazionalismoari buruz txintik ere esan, beraz, zertara dator zure “interpretazioa”? Aurreritziak ote? Eta nork dio ez dugunik kontzientzia politikorik izan behar? Alderantziz, hain justu ere, kontzientzia hori ez dutenengan sorrarazteko, estrategia egokiak bilatu beharko dira; eta horretarako, errealitate hori aintzat hartu beharko dugu. Ez duzu uste?