Floren Aoiz: "Independentziaren aukera erreala da eta, gainera, aukerarik onena da Euskal Herriarentzat."
Atzo Floren Aoiz, idazle, iritzi emailea eta ezker abertzaleko politikaria izan genuen Lazkaoko Gerriko txokoan. Ondoren idatzi ditugu jaso genituen ideia nagusiak.
Goiburuan datorren galderari erantzunez hasita: independentziari dagokionez bi sentipenak dira bidezkoak. Ametsa da, baita beharra ere. Independentzia, ametsa da euskaldunontzat, baina ez da ilusio faltsua, ez amesgaiztoa. Are gehiago, Independentziaren aukera erreala da eta, gainera, aukerarik onena da Euskal Herriaren biziraupenari begira.
Bi estatuen jarrera inposatzaileak egin gaitu independentista. Gure arteko harremanak beste era batekoak balira historian zehar, urtetan zehar, errespetuzkoak, berdinetik berdinerakoak… beharbada, ez ginatekeen independentista izango. Baina, ez da hori izan mendeetan zehar bizi izan duguna. Estatuek euren mendean nahi izan gaituzte eta horrek gure jarrera independentista indartzea ekarri du.
Independentzia ez da inondik ekar daitekeen ezer. Independentzia herriaren nahian, borondatean islatzen da. Independentzia izateko eskubidea izan behar dugu (eta badugu!), guk geuk nahi badugu. Hori bai, iraganean independente izatea ez da baldintza erabakiorra izan behar horretarako, kontrakoek bolo-bolo darabilten argudioa indargabetuz. Izan ere, herri batek nahi izatea aski izan beharko luke aukera hori erreala izan dadin. Gaur egun ezagutzen ditugun estatu guztiak inoiz dependente izango ziren. Beraz, iraganean independente izan garen argudioak ez du balio independentziaren aurka egin ohi diren diskurtsoetan. Hori hala izanda, halere, gu noizbait independente izan ginen.
Bestalde, gaurko egoerari begira jarriz gero, gaur daukagun errealitatea ez da herri honek egindako hautu libre bat, inposaketa bat baizik. Estatuek Euskal Herria desegin nahi izan dute herri gisa, nola nortasuna hala kultura eta hizkuntza zapalduz. Gure arteko harremana estatuek sekula ez dute errespetu terminoetan, berdintasunean planteatu. Beti eurak gainean eta gu azpian ikusi nahi (izan) gaituzte; beti gu deuseztatzeko, akabatzeko ahalegin tinkoarekin.
Espainiar nazionalismoa zentralista da, ez autonomista. Horren ondoan, gure inguruko hainbaten posizioa aldatu egin da 30 urte hauetan. Alegia, autonomismotik independentziaren eredura mugitu izan den jendea ikusten ari gara 30 urte ondoren. Oso jende gutxi, edo ia inor ere ez dugu ezagutzen alderantzizko bidea egin duenik, independentismotik autonomismora. Ondorioz, gaur egun bi estrategia indartsu daude: espainiar nazionalismoarena bata, eta independentzia zaleena bestea. Jakina, gero tartean egon daitezke norabide argirik gabeko beste batzuk ere. Hau da, espainiar nazionalista ez den oro ez da independentzia zalea.
Globalizazioaren aro honetan, berriz, munduko bizitzaren subjektuak estatuak dira. Estaturik gabeko herriak oso ahul agertzen dira gaur egungo nazioarteko panorama politikoan. Ondorioz, independentziarena ametsa da baina lehen esan dugun moduan, ez da amesgaiztoa edo ilusio faltsu bat. Gainera, ametsa izateaz gain, Euskal Herriaren etorkizunari begira jarrita, beharra ere bada.
Azken batean, ikusi dugu elkarrekin ezin dugula etxe berean bizi eta estatuengandik banandu egin behar dugu, dibortzio paperak egiten hasi beharra daukagu. Gero euskaldunok ikusiko dugu auzokoekin zer nolako harremana izango dugun, errespetuan eta berdinetik berdinera. Ez dugu zertan etsaiturik bizi. Bizilagunen arteko harremana harmoniatsuagoa ere izan daiteke.
Hauxe, bada, ikuspegi bat. Datorren astean Xabier Arzalluz entzuteko aukera izango dugu Lazkaoko gerriko txokoan, arratsaldeko 6:30ean.
[…] Floren Aoiz: "Independentziaren aukera erreala da eta, gainera, aukerarik onena da Euskal Herri… […]
Egi aundia eta sakona,aspalditik gabiltz ideia orren atzetik,eta argi-argi dago sortuko dala gure askatasun eguna!!!