Grande-Marlaskak zinegotziak eta ETAko presoak nahasten ditu
Barregarria litzateke gaia, hain serioa ez balitz. Ekainean, Zarauzko Bilduren garaipenaren osteko San Pelaio jaietan, Ertzaintzak txosnetara sartu eta, bost euskal presoren argazkiak zituen ustezko pankarta kendu zuen. Bada Grande-Marlaskak aferaz egindako autoan, Garikoitz Berasaluze eta Francisco Javier Echaburu Udaleko zinegotziak ere ETAko presoak direla eta haien argazkiak ere kendu zituztela dio. Harrapazank.
Espainiar “Justiziaren” beste kapitulu bat aizue! Zuzentasun eta zorroztasun judizialaren adierazle garbia alajaina! Grande-Marlaska epaileak opor luzeak behar ditu, edo hobe erretiroa, izan ere herritarrek aukeratutako Bilduko zinegotziak ETAko presoekin nahasten ditu. Pankartetako argazkiak asmatu, nahi bezala. Berasaluzek dioen bezala, Plan ZEN (Zona Especial Norte) delakoa haintzat hartuz: Basta que la información sea creíble para explotarla.
Surrealista da Euskal Herrian bizi duguna. Preso dauden herritar batzuen argazkiak erakuste hutsa delitua da Espainiar Estatuaren “Justiziaren” arabera. Apologia del “terrorismo” edo dena delako edozer asma daiteke. Eta punto horrela dira gauzak hemen. Eta punto.
Baina Berasaluzek berak laburtzen ditu pankartan ziren ustezko bost pertsonen “delituak” zeintzuk izan diren. Egin dezagun errepaso bat:
· Iraitz Gesalaga: Frantzian atxilotu, Espainiaratu, eta epaitu gabe behin-behinean kartzelan zuten gazte zarauztarra. Hamalau hilabete egin zituen kartzelan, epaitu eta errugabe izendatu ondoren pasa den hilabetean aske utzi zuten arte. Antzeko zerbait egin zuten beste zarauztar batekin duela urte batzuk: atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta hainbat hilabetez kartzelan eduki zuten Iñaki Uria, Euskaldunon Egunkaria zenaren administrari kontseilari ohia. Gero, epaiketan errugabe izendatu zuten.
· Ekaitz Sirvent: duela ia hiru urte Frantzian atxilotu eta oraindik epaitu gabe behin-behinean preso duten gazte zarauztarra.
· Aritz Labiano: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Haritz Gartxotenea: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Jose Mari Perez Diaz, Txuri: etakidea izateagatik eta atentatu batean parte hartzeagatik ezarri zioten kondena 2008ko abenduaren 15ean amaitu zuen arren, oraindik espetxean duten zarauztarra.
Kartzelan eta sakabanatuta Euskal Herritik ehundaka kilometrora epaitu gabe gazteak, pena beteta dutenak, ezer egin ez duen jendea… ETAko preso asmatuak Zarautzen zinegotzi direnak… Argazkiak paratzea delitua… Jaiak zapuztuak honetxegatik… Ez da Zuzenbidea ikasi behar hau justua ez dela, are gehiago, hau erridikulua dela konturatzeko.
Gari Berasaluzeren blogean duzue gehiago. Animo eta besarkada bat guztiei.