Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduta geratuko da
Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduta geratuko da –
Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzen duen Fermin Leizaola bilduma etnografikoak euskal kultura eta tradizioko 4000 lan pieza etnografiko baino gehiago biltzen ditu.
Aurreko mendeko 80ko hamarkadara arte, Aldundiak ondare kulturalarekiko zuen interesa, batez ere, sorkuntza artistikora bideratuta zegoen: musikara, pinturara eta eskulturara. Horretarako, artistak trebatzeko eta/edo arte-lanak eskuratzeko beken eta laguntzen hainbat programa garatu zituen, eta horiek guztiak, era batera edo bestera, guganaino iritsi dira. Garai hura baino lehen, ez zegoen gure kultura materialaren testigantzak jasotzeko benetako ahaleginik, nahiz eta gure ondare immaterial tradizionala ikertzeko proiektuak egin.
Testuinguru haren baitan, Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) bizimodu tradizionala eta haren irudikapenak baztertzen hasi zen. Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoarako bilduma etnografiko bat sortzeko beharra planteatu zuen, horren bidez gure arbasoen bizitza eta ofizioak irudikatzea lortuko zutela esanez. Une hartan, baiezko erantzuna eman zion Aldundiak.
.
Fermin Leizaola bilduma
60 urtez, Fermin Leizaolak Euskal Herriko bizimodu tradizionala argi eta garbi erakusten zuten piezak eskuratzeko egin du lan.
Hala, gaur egun, Fermin Leizaola bildumako 4000 pieza etnografiko daude jasota Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Gordailuan. Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira, hala nola, arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak…), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, hala nola nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude.
Goizane Álvarez Kultura diputatuak balioa eman nahi izan dio Fermin Leizaolak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendariak, egindako lan bikainari; “zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak aparteko etnografia-bilduma izan dezan ekarpen handiena egin duten pertsonetako bat da. Fermin Leizaola Bildumak gure nortasunaren eta sustrai kulturalen testigantza baloraezina jasotzen du. Bilduma honetako pieza bakoitzak gure historiaren, gure kulturari forma eman dioten jakituria eta ofizioen, pusketa bat jasotzen du. Sei hamarkada luzez Fermin Leizaolak ondare hori gordetzeko eta transmititzeko egindako ahalegin nekaezinak agerian uzten du euskal kulturarekiko izandako konpromiso sakona. Horrekin lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak ondare hori etorkizuneko belaunaldiei ezagutarazteko eta zaintzeko gure gain hartutako konpromisoa berretsi nahi du.
.
Etnografia Saileko erreleboa
Fermin Leizaolak etanografia saileko zuzendaritzan erreleboa emango dio Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariari. Maite 2019an sartu zen etnografia sailean eta, Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu.
Azaroaren 12tik 15era bitarte, San Telmo Museoarekin elkarlanean, Aranzadiren 45. Etnografia Jardunaldiak aurkeztuko dira. Sailak azken urteetan ikertu eta garatu dituen etnografia-proiektuak bilduko dituzte dituzten hitzaldiek.
Fermin Leizaolak emango die hasiera jardunaldiei eta 45 urteren ondoren saileko zuzendari gisa egingo diren azkenak izango dira. Jardunaldi horien bidez, Fermin Leizaolak urte luzez zuzendu duen ibilbideari agurra emango diote.
Gainera, hitzaldiak streaming bidez eskainiko dira Museoaren Youtube kanaletik.
- Azaroak 12: Algunos elementos de cultura material propios de vasconia. Hizlaria: Fermin Leizaola.
- Azaroak 13: Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan. Hizlaria: Mikel Prieto.
- Azaroak 14: Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika. Hizlariak: Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos, Oihane Mendizabal.
Gainera, azaroko larunbat guztietan, Sailak familientzako tailerrak antolatu ditu: “Ondarea gure bitxia! Bitxigintza tailerra”. Horietan, laiak, kaikuak, argizaiolak eta abarrak tailerreko parte-hartzaileentzat inspirazio-iturri bihurtuko dira, gero beren bitxiak sortzeko. San Telmo Museoan bertan egingo dira tailerrak.
Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduta geratuko da