Feminizketak eta Ikusgela lanek irabazi dute RAKS Kazetaritza eta Komunikazio saria
Feminizketak eta Ikusgela lanek irabazi dute RAKS Kazetaritza eta Komunikazio saria –
Aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak baditu irabazleak; Feminizketak eta Ikusgela lanek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio saria, hurrenez hurren.
Azaroaren 27an, asteazken ilunabarrean, ospatu da Andoainen 2024ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia. Bertan eman dira ezagutzera aurtengo saridunak: kazetaritza sariaren irabazlea Feminizketak, Berrian argitaratutako elkarrizketa sorta, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egindakoa, eta komunikazio sariaren irabazlea Ikusgela, Euskal Wikilarien Kultura elkartearen proiektua.
Bi sari, kazetaritza saria eta komunikazio saria, biak maila berekoak: 9.000 euro eta Xabier Lakak RAKSerako berariaz egindako oroitikurra eman dira sari banatan. Jarraian saridunak izendatzeko epaimahaiak ezagutzera eman dituen arrazoiak, hitzez hitz:
KAZETARITZA SARIA
Feminizketak, Berrian argitaratutako elkarrizketa sorta, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egindakoa.
BERRIAk, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetarien bidez, Feminizketak elkarrizketa sorta eskaini digu. Lau kazetariei eskertu behar zaie egin duten ahalegin berezia adin, jatorri eta arlo desberdinetako puntako pentsalarien gogoetak jasotzeko sei hizketaldirekin osatutako bilduman. Alde batetik, galdera egokiei forma eman eta horiek arduratsu bideratu dituzte; eta, bestetik, bizi dugun garai honetan adimenez ekiteko erantzun mamitsuak eskaintzen dizkigute Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela pentsalariek, mundu mailan ezagunak eta eraginkorrak direnek. Ikuspegi anitzak azaltzen dira horien ahotsetan, euskaratik eta feminismoz betetzeko oraina. Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza
KOMUNIKAZIO SARIA
Ikusgela, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua.
Ikusgela proiektuak hainbat gairen inguruko euskarazko bideo labur, erakargarri eta dibulgatiboak ekoitzi eta jendearen eskura jartzen ditu. Gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe sortzen ditu edukiak Ikusgelak ikus-entzunezko formatuan. Bideoak lizentzia libreekin argitaratzen dira, euskarazko jakintza librearen sustapen eta eguneratzeari balio handiko ekarpena eginez. Hiru Damatxo ekoiztetxea lagun, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) bultzatutako ekimena da eta, bide batez, sari honen bidez, epaimahaiak aitortu nahi dio elkarte horri Euskal Wikipedian hainbeste urtez egindako lan eskerga, Ikusgelaren bideoek bertan azaltzen diren artikuluak hornitzen baitituzte askotan, EWKEren urteetako ibilbideari jarraipena emanez.
Ekitaldiaren gidaritza Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik egin dute, eta hitza hartu dute Andoaingo alkate Andoni Alvarez jaunak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Aitor Aldasoro jaunak. Irabazleek ere hitza hartu dute eskerrak emateko. Bertan izan dira, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak eta euskalgintzako eragile ugari. Ekitaldiak izan ditu gozamenerako musika tarteak ere Petti eta Esanezin taldearen eskutik.
Epaimahaiak azaro hasieran zortzi finalista izendatu zituen aurtengo sarirako. Kazetaritza Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?, June Fernandezen erreportajea, Argia aldizkarian argitaratutakoa; Juana, Jon Artano Izetak idatzitako liburua; Bada, Gazteon hedabidea. Komunikazio Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Ezer ez eta festa, podcasta (Berria); Ez hain ondo bideopodcasta (EITB Podkast); Flop Kultura bideopodcasta (Euskalerria Irratia).
Finalisten artean sarituak aukeratzeko ardura epaimahaiak izan du, eta Marta Lasa Gon?i Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna izan da mahaiburu. Harekin batera mahaikide izan dira: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria) eta, idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria
2024ko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak ohorezko mugarria eskaini dio Ana Galarraga Aiestarani, Xabier Lakak diseinatutako lana oparituz. Hauexek epaimahaiak baloratu dituenak sari hauek emateko garaian:
Ohorezko mugarria: Ana Galarraga Aiestaran
Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1970) Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziatua da eta zientzia-komunikazioan aritzen da batik bat Elhuyarreko Zientzia Unitatetik. Zehazki, Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariaren eta Uhin Ultramoreak zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen podcastaren zuzendarikidea da, eta hainbat hedabidetan argitaratzen du: Elhuyarren zientzia.eus atarian eta Berria egunkarian esaterako, baina baita Mastodon.eus eta X/Twitter plataforma digitaletan ere. Dibulgatzaile jori eta eskuzabala da. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak Galarragak idatzitako 250 artikulu baino gehiago biltzen ditu.
Hiru eremu dira nabarmentzekoak, gutxienez, Ana Galarragaren ekarpenean: lehenik, desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak —erresistentzia eraberrituak— eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan —prentsa, hitzaldiak, podcasta, plataforma digital komertzial zein libreak, eta beste—.
Zientziaren protoi bihurtu du feminismoa eta elektroi euskara. Dena aldatzen eta aldatzeko ari den atomoetako bat da. Erreplikatzeko moduko eredua.
.
Informazio askatasunaren aldeko aldarria
Urte hau ez da urte biziki ona izan informazio eta adierazpen eskubidearentzat. Gazan, Libanon eta Ukrainan gerra dabil eta populazio zibilen sarraski artean hainbat eta hainbat kazetarik bizia utzi du, beren lana dela kausa. Sekula izan den urterik latzena izan da 2023-2024 hau alor horretan. Ez da bakarrik kazetaritza auzian jartzen ari dena, hartan aritzen diren gizabanakoak ere, eta haien artean salatu beharreko gertaeretatik hurbilen daudenak, arrisku handiena pairatzen dutenak.
Hauteskunde kalapitatsuek, autoritarismoen gorakadek, gerlek eta kasik denetan hedatzen ari diren krimen antolatuaren sare indartsuek, besteak beste, moldatzen dituzte kazetariak hiltzera eta desagertzera eramaten dituen giro politikoaren baldintzak.
Laguntza instituzionalak murriztuz ere mugatzen ahal da kazetarien lana eta informatzeko eskubidea. Iparraldean, demagun, elkarte-irratien aldeko dirulaguntzak murriztuko ditu frantses gobernuak ekonomiak egiteko aitzakiarekin. Prentsa idatzia ere hunki dezake politika horrek.
Aurten ere salatzen ditugu adierazpen askatasuna eta herritarrak informatzeko eskubidearen kontrako erasoak, han eta hemen, eta eskubide horiek errespetatzea eskatzen dugu, egiazki informatua izatekoa, funtsezko eta oinarrizko eskubide humano bat delako.
Feminizketak eta Ikusgela lanek irabazi dute RAKS Kazetaritza eta Komunikazio saria