Familiaren (ez) apologia pandemia garaian
Familiaren (ez) apologia pandemia garaian –
Ibai Fresnedok, hezitzailea eta Euskal Herriko LGBT+ mugimenduko kideak, berria egunkarian.
Badirudi, etxean hainbeste egun sartuta egon ondoren, deseskalatze prozesuaren bigarren fase honen hastapenean, gure hain preziatua den askatasuna berreskuratzen hasiak garela. Eta orain, atzera begiratuta, ikusten ari gara, hain zuzen ere, zenbateko garrantzia izan duen familia unitate tradizionalak, ez bakarrik itxialdian zehar, baita deseskalatze prozesuaren planteamenduan beran ere.
Eta, zin dagizuet, estatuak, horren menpe dauden instituzioak eta, nola ez, horien guztien botere faktikoak planteatzen ari zatzaizkigun normaltasun berria delako horrekin lotura zuzena duela honek. Neoparadigma horren atzean, bizitzen ari garen egoera sozioekonomikoaren funtzionamendurako neurriak berriak izan badaitezke ere, tamalez, gizartearen beraren estruktura ekonomikoek, politikoek eta sozialek orain arteko normaltasunean oinarriturikoak jarraituko dute izaten.
Ideia horretatik tiraka, ezin dugu ahaztu instituzioez mintzatzen garenean, horien kontzeptualizazioan eta nolakotasunean familiak uste dugun baino pisu handiagoa duela. Eta hori estatuak deklaraturiko alarma egoera honetan oso nabarmena izan da.
Etimologikoki, familia hitza latinetik dator, eta zerbitzaria edo morroia esan nahi duen famulus hitzetik eratorria da. Alegia, pater edo familiaburuaren ondare den morroi eta esklaboen taldea. Eta historian zehar, nekazaritzaren sorreratik hasita, antzinako erromatik igarota eta egun bizi ditugun kapitalismo basatiaren garai hauetara arte, familiak askotariko formak hartu izan ditu. Baina esentzian, kontrol sozialerako funtsezko instituzioa izan da beti.
Izan ere, kapitalismoaren sorreran familiaren ulerkeran egondako aldaketak oso esanguratsuak izan ziren. Familia eremu publikotik bereizten hasi baitzen, horixe lan indarra birsortzeko zentro nagusi gisa egituratuz.
Eta geroztik, familia merkatu osagarria, gizarte harremanak pribatizatzeko eta, batez ere, diziplina kapitalista zabaltzeko eta dominazio heteropatriarkalerako tresna izan da, baita emakumeen lana bereganatzeko eta ezkutatzeko instituzio garrantzitsuenetarikoa ere.
Gainera, kapitalismoak eta heteropatriarkatuak aliantza perbertsoan (Carole Patemanek deituriko) kontratu sexualaren edota ezkontzaren bidez ezarritako harreman eredu asimetrikoa ondo baino hobeto ezagutzen dugu; zeinetan monogamia (jabetza pribatuaren analogia sexu-afektiboa) eta maitasun erromantikoa bera, familian jazotzen diren indarkerien bizipenak leuntzeko eta eztitzeko gako izan diren.
Baina, hasieran aipatutako ideiara bueltatuz, argi dago itxialdi garaian familia giltzarria izan dela. Familia estatuaren boterearen kopia amorratua baita, horren domeinu egitura nagusia erreproduzituz, eta haurtzarotik guztiongan autoritatearekiko lotura injektatuz. Alegia, agintaritzaren aurrean isiltzen eta horri men egiten ikasiz, eztabaidaezina den hierarkia maila eta norberari dagokion rola errespetatuz eta onartuz. Hortxe dugu, beraz, gure mikroestatu eraginkorrena: familia unitate tradizionala, nuklearra, heterosexuala eta monogamoa, noski!
Eta justuki, gaia zentratu nahian, asko dira azken hilabeteotan, balkoietako gestapoaren bitartez akaso, ikusi eta entzun izan ditudan betiko familia eta harremantzeko eredu hegemoniko horietatik at bizi garen herritarrok bizitako jarrera eta egoera onartezinak.
Burura datorkit ama bakarra den emakume hori zeinak, itxialdiaren hasieran erosketak egitera zihoala, ezinezkoa zuen sei urteko haurra etxean bakarrik uztea. Pentsa ezazue, beraz, zer-nolako begirada zorrotz eta epaileak jasoko zituen merkatuan bertan haurra bere ondoan zuelarik.
Gogoan dut ere beraien bizitzan zehar sexu eta genero disidentziatik familia unitatearen urrats tradizionalei jarraitu ez dietenen errealitatea; zeintzuk ez duten herrietako festetan nobioetako garairik bizi/ezkontzako berbarik eman/haurrik izan/hipotekarik eskatu/ez etxerik ezta autorik ere erosi/familia argazki saio superfizialik egin segida ezagun hau bete. Eta nola, ondorioz, inork beraien sare afektibo propioak aintzat hartu ez izanagatik, bakardade hutsean bizi izan duten itxialdia. Horrek dakarren zaintza, aitortza eta duintasunik ezarekin.
Azkenik, nik neronek, hezur-haragi propioan poliziaren partetik bizitako egoera. Kontestuan jartzearren, batetik, esatea ni landa eremuko auzo batean bizi naizela jabetza publikoko etxe okupatu batean. Eta, bestetik, lotura afektibo anitzez zeharkaturiko bost lagun elkarrekin bizi garela, bi solairutan banaturik eta komunitate eredu propioa sortu nahian.
Itxialdian zehar, osasun eta segurtasun neurri guztiak kontuan harturik (gure herriko zaintza sare komunitarioaren sustatzaile gisa guk geuk horiei dagozkien protokoloak diseinatu baititugu), bizikidetza dinamika bizigarri eta sortzaileak abiatu nahi izan ditugu; Poliziarekin topo egin genuen arte!
Behin, etxeko eremuan mahai baten bueltan kartetan jolasten ari ginela, ertzainek lehenengo eta udaltzainek ondoren, gure odolkidetasun eta senidetasunari buruzko galdera gogaikarri eta paternalistak egin zizkiguten.
«Ezin duzue elkarrekin hain gertu egon! Zein da zuen arteko lotura? Bikote ala elkarren senide zarete? Etxea zuena da? Ba al dakizue eraikina udalarena izanda nahi izatekotan sar gaitezkeela?» Hori guztia, ironia, oilarkeria eta gehiagotasun ukitu batekin, noski.
Guk, berez, egoerari ez genion arazo handirik ikusi, eta hara non Poliziak salaketa akta eskutara eman zigula. Zergatik? Hain justuki, (denok barruan dugun) indar polizialek, legeak dioenaz harago, gizarte arauek familia eredu tradizionalaren bueltan dioten horretan sutsuki sinesteagatik. Edo beste modu batera esanda, guk pandemia garaian familia normatiboaren apologia ez egiteagatik.
Batzuk dira, beraz, saritzen diren elkarbizitza unitateak. Gu gara, ordea, periferian kokatzen garenak, zigorra pairatzen segituko dugunak berria ez den normalitate aspergarri eta biolento honetan.
Hain zarete desberdin! Hain zarete autentikoa! Hain zarete eraldatzaile! Hain zarete.. kantsagarri!!!!
Nik ez dizut zer egin behar duzun edo zer ez duzun egin behar esango, baina gizarte mota batean bizi zara, non arauak ahalik eta orokorrak egin behar diren guztiei modurik objetiboenean aplikatu daitezen. Baina zuen kasua, hain da berezia!!!!
Barkatu, baina familia tradizionalaren defendatzaile sutsua naiz, euskarri sustengu eta oinarri moduan hartuta. Orain arte bizirauteak balioetsi diguna, hain zuzen ere.
Idatzi honen arabera: Familia = kapitalismoa = estatuaren zapalkuntza = biolentzia = penagarri bizitzea. Lotsa ematen duzue! Familiarekin historian honaino iritsi gara, bere gorabehera guztiekin, baina honaino. Nik esango neoliberalismoa dela zuen harremantze kolektibo definitu gabeko hori baliatzen ari dena beraien eredu berrirako, pertsona bakartuta, desegindako gizarte bat emango diona. Horregatik hain zuzen ere hainbesterainoko gorrotoa familia tradizionalari. Neoliberalismoak bere helburuak beteko baditu, lehenbailehen familia tradizionala eta gizartea desegitea dira, eta horregatik jarri zaituzte hain modan sistemak. Gizabanako bakartu, gizarte desegituratu, askatasun itxura ematen duen araurik eta egiturarik gabeko mundu berria, non kontsumoa, dibertsioa eta norbanakoikeria erdigunean dauden beste ezeren gainetik gaizki ulertutako askatasun baten izenean. Eta hala ere, desalienatuta zaudeten bakarrak zaretela pentsatzen duzue, neoliberalismoaren txakurkumeak zaretenean. Ibai Fresnedo, piercing batzurekin etxe okupatu batean bizi zarelako ez zara desalienatu iraultzaile bat.
“herrietako festetan nobioetako garairik bizi/ezkontzako berbarik eman/haurrik izan/hipotekarik eskatu/ez etxerik ezta autorik ere erosi/familia argazki saio superfizialik egin segida”, ederki egiten duzu barre jendeaz, zure ustez alienatuta bizi den jende horretaz, zure ustez bere buruaren egoeraz jabetzeko pentsatzeko astirik ere hartzen ez duen jende horretaz. Zu aldiz librea zara, gorago zaude, zu ez zara topikotan erortzen. Eta aldiz zu bezalako jende “alternatibo” izeneko hori baino topikosoagorik ez dago. 60. hamarkadako hippiak, pelotazoa joko zain zeudenak eta lortu dutenean etxe okupatuak laister abandonatu dituztenak. Aukera izango banu, 5 milioi euro emango nizkizuke.
Harrigarria ez al da gu hain gutxi izanda gure artean hainbeste Biblia saltzaile agertzea?
Familia “kontrol sozialerako funtsezko instituzioa” dela esan daiteke norberaren mundu-ikuspegia norbanakoan edo estatu-kolektibismoan datzanean, hots, liberalismoan edo komunismoan. Liberalek norbanakoaren askapen sozial eta ekonomikorako oztopo gisa ikusten dute familia, eta komunistek, aldiz, estatuaren hegemoniari oposatzen zaion egitura sozial gisa.
Aldiz, herria ardatz dugunok jakin badakigu sendia berau antolatu eta egituratzeko funtsezko instituzioa izan dela, eta honen ezean, estatu arrotzaren totalitarismoak irentsiko duela euskalduna. Horretaz gain, Erdi Aroan zehar iraun zuen euskal sendi tradizionalari buruz dakigunok jakin badakigu ere ez zela monogamia patriarkal zurrun kanonikoan oinarritzen, are gehiago, XVII. mendera arte leku ugaritan alabek jasotzen zutela etxea oinordekotzan, gerora ere jaso izan zutela maiorazkoa ezarri arren, edota zenbait foruek etxeko jaun zein andrearen oniritzia eskatzen zutela etxea eta bere ondasunen salerosketa zilegiztatzeko, edota emakume zein gizonaren kontrako tratu txarrak berdin-berdin zigortzen zituztela, edota ezkontideen arteko banaketa baimendua zegoela…
“Eta orain, atzera begiratuta, ikusten ari gara, hain zuzen ere, zenbateko garrantzia izan duen familia unitate tradizionalak, ez bakarrik itxialdian zehar, baita deseskalatze prozesuaren planteamenduan beran ere”.
A, bai, orain? Oroitzen al zarete, nola koronabirusa baino lehenagoko krisialdi ekonomikoan, langile batzuk gurasoen etxera itzuli ziren? Are gehiago, aitona-amonak zaharretxetik atera eta etxeratu ziren, haien pentsioari esker, nola-hala, seme-alaba-bilobak aurrera atera ahal izateko…
Izan ere, krisialdi garaietan, merkatuak, enpresak, ongizate-estatua bera, etab, krisialdi latzean erortzen direlarik, badirudi familiaren elkartasun-sarea itzultzen dela, inoiz baino sendo eta beharrezkoago. Eta auzolana ere bai.
Alegia, neoliberalismoak bultzatzen duen bizimodu indibidualista, krisialdi garaian pixkat aparkatua gelditzen dela. Horren harira, gogoratzekoa da Manifestu Komunistaren zenbait pasarte, non nabarmentzen baita Kapital ahaltsuak desegin egin duela antzinako gizartearen egitura oro, tartean balio tradizionalak, gizarte gentilizioa eta PATRIARKATUA.
Ni, erabat, polizia indarren nagusikeria eta zurrunkeriaren kontra. Egun hauetan makina bat kasu izan da, eta asko dago esateko polizia agente ergel, parafaxista batzuen lan egiteko moduaz eta estatuak osasun-krisia nola erabili duen bere burua inposatzeko.
Bestalde, ez dut ezer “lotura afektibo anitzez zeharkaturiko (…) komunitate eredu propioa” bilatu nahi duten komunitateei buruz, ezta ere familia nuklearraren egituaren kontra; izan ere, komunitate-eredu alternatiboen aldekoek ez dute, oraingoz, familia eredua ordeztu ahal izan.
Horrexeagatik, beharbada, lotura afektibo anitzez zeharkaturiko komunitate eredu propioa eraiki nahi dutenei umiltasun gehixeago eskatu nahi nieke, oraindik ez baitute Cocacolaren formula magikorik aurkitu.
Arratsalde on guzioi
Azken bi iruzkin hauiekin debatea jnteresgarria bihur liteke.
Berriz, Juan Inazio ez naiz segur “hainbeste biblia saltzaile agertzea ” esaldi horrekin ulertzea esan nahi duzun .
“Harrigarria ez al da gu hain gutxi izanda gure artean hainbeste Biblia saltzaile agertzea?”, hauxe da euskaldunon miseria, denok molde berekoak izan behar garela uste izatea. Begirada motzekoa, panparroitik puxkat ere bai eta akonplejatua oho har. Hain gutxi gara eta beraz denok zintzarri batzuk belarritik jarrita artaldean joan behar dugu lotura afektibo anitzez zeharkaturiko komunitate eredu eraikitzen. Popatik hartzera, hori duzue eta gustuko.
Mila esker zuen iruzkin aberasgarriengatik (eta iraingarriengatik ere)!
Izenik gabeko “euskaldun bat” erabiltzaileak aipatutakoarekin gelditzen naiz: “Popatik hartzera, hori duzue eta gustuko”.
Hau nibela! ;-P