Eztia ozpinduko zaigu

Eztia ozpinduko zaigu –

“Erleak desagertuz gero, gizakia lau urte gehiago biziko zen soilik”

Albert Einstein

Eztia ozpinduko zaigu

Loreak, gu guztiok bezala, ernalketaren fruituak dira, baina arazo bat daukate: ezin dira laguntzarik gabe ugaldu, maitasunaren mezulari bat behar dute. Hori da erlea. Baina aspaldiko kontua da patal dabiltzala, eta izaki bizidun gehienon bizitzan daukate zeregin eta zer eragin zuzena.

Elikadura burujabetzaren inguruko jardunaldiak antolatu dira Goierrin udazken osoan zehar, eta pasa den astean Ormaiztegin ospatutako mahainguruak erlea eta eztia zeuzkan hizpide. Lehenik eta behin More than honey dokumentala ikusteko aukera izan genuen, ohartzeko erleen afera estrategikoa dela izaki bizidunentzat.

Azken 15 urteetan, munduko zenbait lurraldetan, erleen %50-%90 artean desagertu dira, eta sarraski honek ez dauka etenik. Eszena berdina errepikatzen da behin eta berriz: erleek erlauntzak utzi eta ez dira itzultzen. AEBtan 1,5 milioi erlauntza desagertu dira, zeuden 2,5 milioietatik (27 estatutan); Alemanian kolonien laurdena galdu da; berdin gertatzen da Suitzan, Frantzian, Italian, Portugalen, Ingalaterran…

Landareen %80ak beharrezkoa du erleen polinizazioa. Erlerik gabe, fruitu eta barazki ugari desagertuko lirateke (denak ez esatearren). Non dago erleak pairatzen ari diren egoeraren kausa?

Mahaingurua

Eztia ozpinduko zaigu

Hiru erlezale inguratu ziren Zumalakarregi Museora: Mikela Untsain azkaindarra (IDOKI), Aitor Otegi urretxuarra (AIKUR) eta Josetxo Rodriguez donostiarra (Apicultors Lleidatans), eta Erlezain Elkarteko Amaia Aierbek egin zituen moderatzaile lanak (ezkerretik eskuinera). 20-25 lagun inguratu ginen; beranduago ohartuko ginen entzule gehienak erlezaleak zirela.

Hiruek bat egin zuten dokumentala baloratzerako garaian: beltza da, beltzegia akaso. Muturreko bi eredu agertzen dira dokumentalean: batetik, zahar maitakor bat, Suitzako mendietan, erleak modu idilikoan zaintzen; bestetik kapitalista estatubatuarra, pestizidak, kamioiak eta botikak erruz erabiltzen dituena. Zuritik grisera kolore gama handia dagoela oroitarazi, eta tartean kokatu ziren hirurak. Mikela eta Aitorrek ekologikoan lan egiten dute, Josetxok ez.

Eztia ozpinduko zaiguMikelak adierazi zuen beharrezkoa dela erleak hazten ikastea, gizakiarekiko dependienteegiak bihurtu direlako, eta horrek galbidera eraman ditzake. Kontutan izan behar da erleak eta dinosaurioak batera egon zirela munduan garai batean, ez dira edozein animali mota. Aitorrentzat Euskal Herria lur ona da erleentzat, hauek lore aniztasun handia behar dutelako, eta hori badaukagu. Erleak sufritzen ari diren atzerakadari buruz, esan zuen arrazoi bakar bat baino gehiago, askoren pilaketa dela kontua: varroa destructorea (mozorroa), akaroak, pestizidak, hauek neutralizatzeko erabiltzen diren botikak, klima aldaketa... Josetxo gehiago zentratu zen alde sozioekonomikoan: erlezainen artean profesionalak, semiprofesionalak (beste ogibide batekin tartekatzen dutenak) eta zaleak daude. Neurri txikian lan egiten duten askok arazoak dauzkate jabe handiekin.

Izan ere, erleei transhumantzia egitera behartzen zaie, kasu askotan kamioietan (berak Kataluniako adibidea jarri zuen). Fruituak modu intentsiboan lantzen dituzten terratenienteek enpresa handietako erlezainak kontratatzen dituzte, hauek erlauntzak beren terrenora eraman eta erleek polinizazio lana egin dezaten. Sekulako kolpea da erlezain txikientzat bapatean, beren ingururan, beste arraza bateko miloika erle agertzea.

Hemen ere kontratatzen dira erlezain batzuk fruitu arbola guneak polinizatu ditzaten. Normalean 30€ ordaintzen zaie erlauntzako (prezioak izoztuta daude azken 20 urteetan).

Erle beltza, gurea

Eztia ozpinduko zaigu
Erle beltza

Mikelak erle beltzarekin egiten du lan. Euskal erlea ez da errendimendu handiena daukana (italiarrak baino txikiagoa), baina daukagun erle, lore eta ezti kulturarekin pertsona bat modu duinean bizi daiteke, Mikela bera testigu. Zuzeneko salmentatik bizi da, eta garrantzitsutzat jotzen du zirkulua hemen ixtea: hemengo erleaz, hemen lan eta hemen saldu.

Lagun batek ekarri zizkiola eta, Aitorrek froga egin zuen atzerriko erregina batzuk sartuta, baina ondorioak larriak izan ziren: erleek ez zuten negua pasa, hemengoarekin nahastu ziren, eta emaitza ezti gutxi ematen zuen erle erasokor bat izan zen. Luzera, erle beltzak mesede egiten dio erlezainari, eta inguruari.

Ipar Euskal Herrian arazo handia daukate erle arrazen nahasketekin, eta horregatik erleen salerosketa gehiago kontrolatu behar dela aldarrikatu zuen Josetxok, edozeinek erosi baititzake edozein motatako erleak eta beste erlezale baten aldameneko erlauntzetan jarri. Abeltegietako pestizidek ondorio larriak dakartzate, eta salbazio oraindik zutik dirauten arnasgune basatiak dira.

Eztia ozpinduko zaigu
Zumalakarregi Museoa (Ormaiztegi)

Mikelak fermuki babestu zuen eredu ekologikoa. Varroa arazo handi bat dela agerikoa da, baina tratamendu ezberdinak aplikatuta kontrolatu daitekeela badaki. Garaiak aldatzen dira, eta orain erlezain batek ezin du pentsatu urtean behin botika bat bota eta jada arazoaz ahaztu daitekenik; tratamendu ezberdinak aplikatu behar dira, urtean zehar. Aitorrek berretsi zuen garaiak asko aldatu direla: lehen mendietarako transhumantzia Eki egunean egin ohi zen (ekainaren 24 bueltan), baina aurten ekain hasieran jada 30º-ko tenperatura zegoen mendi askotan. Lore kantitate berarekin ezti gutxiago lortzen dute.

Gizakiak azukrea beste iturri batzuetik nola lortu asmatu aurretik, eztia zen gozo iturri bakarra. Luxuzko produktua izan zen aitzinean; agian, etorkizunean, berriro ere hala bihurtuko da, baina beste motibo batzuengatik.

Hizkuntza batek asko esaten digu beren hitzen gibelean dauden esanahiengatik. Euskaraz, animaliak “akatu” egiten dira, eta erleak “hil”, pertsonak bezala. Erleak hiltzean geure buruaz beste egiten ari garelako agian, Einsteinek zioen bezala. Ea ez zaigun eztia ozpintzen.

Eztia ozpinduko zaigu
erle beltza, Erlea, erlezainak, euskal erlea, eztia, Eztia ozpinduko zaigu
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude