[#EztabaidaNazionala] Independentzien artxipelagoa
Independentzien artxipelagoa –
Helmugatik eraiki nahi dugu abiapuntua. Independentiston gaurko estrategia biharko Euskal Errepublikak berak erakutsiko baligu bezala. Etorkizunetik iraganera itzulita, gertakizunak –Arendten edo Badiouren adieran–, eraikitzen ditu bere sorreraren kausak. Baina tamalez, edo zorionez, nahi edo amesten dugun helmugak ez digu bide-orririk oraindino marraztu, eta irudimenak jauzi ederrak egin ditzaken arren, errealitatea zikinagoa da, gordinagoa. Realpolitik.
Ez gaude gatazken kudeaketa pragmatikoan iaioa den Erresuma “denbora laburrerako” Batuan. Ez gara lurraldetasunaren murrizketa aise onartu duen burgesia omen hiper-bentilatuak gidatutako Katalunia. Nazioaren lurralde historikoa hiru erakunde-erremutan zatituta duen gizarte zaharkitua gara eta patxadaz hartzen ditugu bizitza kolektiboaren berezko gorabeherak. Gazteen gaztekeriak barne. Pandemia etorri zen, pandemia joan da eta gure epe luzera begirako eszenatoki politikoa zain dugu, 1839an.
Ez dago ezer idatzita, idazteke dago idaztekoa. Ez dezagun denbora galdu gure arbasoen bataila galduetan. Galera –higatzea ez bezala–, ezin da izan gure mundu ikuskeraren itsasargia. “Ez zazu ardo berria zahagi zaharretan sartu”, Jesusen hitzak. Hortaz, ez dezagun demokrazia foruen zahagian sartzeko ahaleginik egin, biak galtzera eramango gaitu horrek: euskal herritarron erabaki askea eta iraganetik datorren autogobernuaren mugarik gabeko garapena.
Abagunean eta testuinguruan kokatu behar dira bide-orriak. Ez gaude XIX. mendeko aro aurre-modernoan. Mundu garaikidean legitimitate demokratikoa aintzat hartu beharreko printzipioa da, ekidin ezina. Alabaina, esan bezala, Espainia dugu aurrean, ez Downing Street eta Westminster. Eta “Espainia” diogunean ez gara ari Moncloaz edo San Jeronimoko lehoiez. Demokraziaren argia inoiz heltzen ez den sotoetan, sakonetik eta sakonean, agintzen dutenez ari gara.
Euskal independentismoak (eta Kataluniakoak), munduko ereduetatik datozen irakaspenak galdu gabe, bere gertuko kontestutik abiatuta eraiki beharko lituzke proposamen erakargarriak eta estrategia eraginkorrak. Kataluniak eta baita Euskal Herriak ere Frantzia jakobino demokratikoa eta Espainia jakobino autoritarioa ditugu ama-estatu. Ama-orde edo aita-orde anker, hobeto esanda.
Estatu horiekin izandako esperientzia historikoetatik ikasi behar dugu. Bereziki Espainiarekin izandako harremanean jarriko dugu arreta hemen.
Kataluniako eta Euskal Herriko errebindikazio nazionalak eredu politiko desberdinak jarraitu ditu Frankismoaren amaieratik hona: paradigma instituzionala, politiko-militarra eta Katalunian berriki abiatutakoa, desobedientzia soberanista gisa defini genezakeena.
Kataluniak 2010etik aurrera hasitako bide soberanista honek aurrekari teorikoak izan zituen Euskal Herrian Lizarra-Garaziko akordioaren garaian, baina praktikara eramateko orduan, batetik, haustura konstituziogilearen inguruan ez zen akordiorik lortu euskal abertzaletasunaren baitan eta, bestetik, soberanismoak erreforma estatutarioaren bidea –Ibarretxe lehendakariak sustatutako estatutu berria–, hartu orduko bertan behera geratu zen Espainiako Kongresuak ezezko borobilaren ostean.
Espainiako Estatuan egokitzapen nazionala lortzeko zailtasunak ez dira gaurkoak, noski. Nazio eta estatu eraikuntza prozesuak gatazkatsuak izan dira luzaroan. Eta, Hirschmanen kategoriak gogoratuz, gure nazioen “ahotsa” nekez aitortua eta maiz bortizki isilarazia izan denez, “irteera” errebindikazioak aldiro-aldiro plazaratu dira, independentziaren leloa behin eta berriro berpiztuz. Sezesioaren logika edota nahia beti egon dira presente gure herrietan, horixe baita nortasun politiko nazionalaren ezaugarri funtsezkoena: –autogobernu gorena, independentzia nahi izatea–, baina nahi horrek gorabeherak izan eta izango ditu historian zehar, zenbait kausa, mekanismo eta prozesuen kariaz. Katalunian independentismoa ez zen populazioaren herenera heltzen 2000. urtean, 2017ko urriak bateko erreferendumean ia populazioaren erdiak independentziaren alde bozkatu zuen. Gurean 1998tik hona behera omen doa independentismoaren indarra… Zer dela eta? Zeintzuk dira independentismoa apaltzen ala hauspotzen duten aldagaiak? Batzuk akaso ez dira epe laburreko giza-agentziaren menpe egongo, estrukturalak izaki, baina aldi berean, gorabehera horiek ikusita bistan da beste zenbait aldagaietan epe laburragoan eragiteko aukera egon badagoela.
Ez dugu hemen estrategia independentista desberdinen eraginkortasuna hizpide izango, eraginkortasuna a posteriori neurtzen baita. Aldez aurretik ez baitago esaterik zein izan daitekeen une eta gune bakoitzean independentziara heltzeko biderik efikazena. Gertakizunak ezin dira diseinatu, prestatu edo aurreikusi. Bide-orri independentistak marraztu daitezke, eta ilusioz marraztu behar dira, norberarena zuzena den bakarra dela sinetsiz. Alabaina, porrotez lepo dago garaipenaren txangoa. Behin eta berriro errepikatutako hasiera etengabeak dira aurrera egiteko modu bakarrak, denetariko eta askotariko saiakerak.
Errebolta edo iraultzen teoria eta praxian pizten diren eztabaida zaharrak errepikatzen baitzaizkigu sezesioan: “zisne beltza” ala plangintza? Bietatik apur bat. Hortaz, galderak ditugu, batik bat. Ez erantzun borobilak.
Aldez aurretik jakingo ez dugun horri bere tartea utziko diogu, hortaz, eta sezesioaren aldagai suspertzaileak, erraztatzaileak, oztopatzaileak… Aztertzen saiatuko gara orain zientzia politikoak eskaintzen digun tresneria lagun.
Meritxell Martinez Rierak eta biok artikulua idatzi genuen 2015ean, “Nación y construcción estatal como acción colectiva. Un análisis comparativo de mecanismos y procesos en Cataluña y el País Vasco“, sezesio prozesuetan aktibatzen diren mekanismoak argitu nahian. McAdam, Tarrow eta Tillyren “Dynamics of Contention” lanean proposatutako kategoriak abiapuntu hartuta, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko konparazioa egin genuen. Orduko aldagai batzuk bere horretan daude, ez dago aldaketa handirik, baina beste batzuetan sumatu diren berrikuntzak aztertzea interesgarria gerta dakiguke.
Aipatu autoreen esanetan, nazio (des)eraikuntza prozesuetan zenbait mekanismo eta prozesu atzeman daiteke, giza-egintzaren esku daudenak batzuk, abaguneari edo eragileen arteko elkar-eraginaren menpe daudenak, besteak. Sezesioan laguntzen dutenak ala statu quoa mantentzearen alde jokatzen dutenak. Mekanismo bakar batek ez du independentismoaren patua erabakiko, haien arteko artikulazioa da aztertu beharrekoa, bataz besteko aktibazio maila, alegia. Ikus ditzagun eta hel diezaiogun Katalunia eta Euskal Herriaren arteko alderaketari. Aipatu artikuluan erabilitako eskema bera abiapuntu hartuta edukiak gaurkotzen saiatuko gara eta mekanismo bakoitzaren aktibazioak sorrarazten dituen galderak luzatuko ditugu. Erantzun posibleak plazan daude jada eta guk ez dugu hautu argirik proposatuko.
1. Irainen bapateko ezarpena. Katalunian, bai; gurean, mugatua.
Mobilizaziorako potentziala, eskuratu nahi den helburuak pizten duen grinaren menpe bezain beste, gertaera jasangaitzak sortutako asalduraren ondorioa da. Bat batean pairatutako irainak ekintzara garamatza, eta maiz irainaren tamainak erakutsiko du erantzunaren neurria. Irainak eduki objektiboa izan beharko du, noski, baina gertaera iraintzat definitu eta ulertu ezean ez da mekanismo hau aktibatuko.
Kataluniako prozesu politikoan Estatutik datozen irainak azken urteotan etengabeak izan badira ere –hortik esamolde famatua: “España nunca defrauda”–, bi azpimarratuko nituzke: prozesuaren sustatzaile izan zen Auzitegi Konstituzionalaren 2010eko epaia, Kataluniak bozkatutako Estatutua kamustu zuen hura, eta 2017ko urriak bateko erreferendumean Estatutik etorritako errepresioa, Espainiako erregearen agerralditik hasita. Lehenak protesta zikloa hauspotu zuen, bigarrenaren kasuan oraindik ez dago esaterik zein izango den “irainaren” ondorioa, izan ere, gero aipatuko dugun moduan errepresioaren eragina aldebikoa izaten baita: batetik, pizgarria, bestetik, zatitzailea.
Euskal Herrian estatutik datozen neurri edo erabaki kaltegarriak ez dira modu zabalean iraintzat eraiki. Ibarretxe Lehendakariak –eta EAEko legebiltzarraren gehiengoak–, 2005an jasotako ezezko borobil eta “iraingarri” hura ia ahaztuta dagoen honetan, autogobernuaren “higadura isilak” erantzun nahiko “isila” izan du, eta Espainiako epaitegien erabaki arbitrarioek, berriz, kexa mugatua. Aurreko ziklo politikoarekin lotutako erabaki ez-bidezkoak –memoriaren kudeaketa partziala, presoen eskubideen urraketa…–, gizartearen parte baten arazo gisa izan dira ulertuak soilik. Ez dago “herri gisa” iraintzat hartuko den gertakizun esanguratsurik. Akaso lan egin beharko da irain hori egon dadin, erabat zilegia eta legitimoa den zerbait zapuztean sentitzen dugun asaldatzea soma dezagun eta iraina mobilizazio zabalaren pizgarri izan dadin… Ala nahikoa irain sentitzen dugu jada independentistok eta horiek leheneratzen saiatu beharko ginateke? Edozein modutan, kontuan izan beharko genuke mekanismo honen garapenak “are okerrago, are hobeto” logikara eramango gaituela, erasoa jasan behar baita, erantzun sendo eta bateratua eman ahal izateko. Hurrengo hauteskunde orokorretan Espainiako gobernua PP eta VOXen esku geratuko balitz irainik ez zaigu faltako.
2. Eliteen interesen kaltetzea eta deslerrotzea: Katalunian, bai; gurean, ez.
Mekanismo hau piztu dadin errebindikazio sezesionista errotuta dagoen herrialdeko elite politikoak eta, batez ere, ekonomikoek, haien interesak kaltetuak ikusi behar dituzte, eta sumatutako kalte hori ekiditeko Estatuari adierazitako ordura arteko fideltasuna ukatu beharko liokete.
Katalunian hauxe izan da ziurrenik azken aldi historikoan abertzaletasunaren baitan egondako aldaketarik nabarmenena. Pujolismoaren agortzearekin batera Madrileko gobernuak areagotu egin zituen joera zentralizatzaileak –inbertsio eza azpiegituretan, zerga autonomiarik ez, enpresa handien egoitza aldaketa…–, eta Kataluniako eliteek aukera gisa ikusi zuten prozesu soberanistari ekitea. Zerga-itunaren errebindikazio gisa hasi zen liskarraldi hura, independentziaren aldarrikapenarekin amaitu zen.
Gurean, elite politiko-ekonomikoen estatuarekiko lerrotzeak kausa ezaguna du: kontzertua edo hitzarmen ekonomikoa. Euskal eliteen epe laburreko interes ekonomikoak ez daude arriskuan sistema autonomiko honetan.
Zerbait egin al daiteke gure eliteek independentziaren epe luzerako onurak ikus ditzaten? Estatuak gurean egiteko dituen inbertsioak kontuan hartuta –AHT-ri lotutakoa, nagusiki–, eta Europatik datozen funtsen banaketa hasi berria dagoen honetan, ez dirudi bertako eliteen fideltasuna asko aldatuko denik. Jarrera hori –herri ikuspegitik–, itsukeria galanta den arren.
3. Aukeren espirala: Katalunian sendoagoa, gurean baino.
Aukeren espirala abagunearen menpe dago. Independentzia prozesuaren alde jokatzen duten gertaerak kateatzen direnean, emulazio mekanismoak piztuko dira: Eskozian posible bada, zergatik ez gurean? Brexitak Europako mugak aldatu baditu, zergatik ez aldatu gureak?… Mehatxu teorikoak izan daitezkeenak ere, aukera espiralean lotzen dira maiz, gurpila elikatuz. Gertaeren kateatzea ez da nahikoa, espirala aukera moduan hartu behar dugu aintzat.
Nazioarteak eskainitako abaguneari dagokionean, 1998ko Euskal Herrian ekialdeko estatu berrien sorrera, Ipar Irlanda edo Quebec aukerak izan ziren moduan, Kataluniako ziklo soberanistari dagokionean Eskoziak egindako erreferendum independentista izan da aukera nagusia. Guretzat, Eskozia eta Katalunia bera. 2008ko krisi ekonomikoak Katalunian izan zuen eragina ere espiral honetan kokatu beharko genuke: mehatxu zena, errebindikazioa sendotzeko aukera bihurtu baitzen. Gerora, ETAren amaierak ere aukera berriak ekarri zizkion hango eta hemengo soberanismoari.
Aukera edota mehatxu berriak etorri badatoz –Bretaina Handiaren krisia (Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda sezesioaren markoan kokatzen ari dira), Kaledonia Berriaren independentzia erreferenduma, autogobernuaren higadura nabarmena, Europako etorkizunari buruzko konferentzia, pandemiaren irteera, eredu sozio-ekonomikoaren agortzea, krisi ekologikoa, energetikoa…–, eta denetan dugu burujabetasunaren inguruko eztabaida erdigunean. Aukera/Mehatxu espiral horiek alde jartzeko gaitasuna izango dugu? Herritarrak etxekotuta, umetuta eduki gaituzten honetan, gure autogobernuaren hetero-gobernantza areagotu den honetan… Erabakitzeko gaitasuna eta eskubidea, burujabetza, finean, berebiziko errebindikazio objektiboa bilakatu dela ezin uka genezake… baina subjektiboki –banako eta herri gisa–, behar hori sumatzen al dugu?
4. Artekaritza: Katalunian sendoa, gurean ahula.
Aldaketa prozesua eraginkorra izan dadin ezinbestekoa da aliantza ahalik eta zabalenak artikulatzea, deslotuak edo desmobilizatuak dauden gizarte eremuak aldaketaren norabidean artekatuz. Horixe da artekaritza mekanismoaren eragina. Eta piztu dadin “artekariak” behar izaten dira, zubigileak. Pertsonak ere izan daitezke, baina normalean gizarte eragileak bilakatzen dira artekari.
Katalunian “Plataforma pel Dret a Decidir” (PDD)-etik hasita, eta gero, batez ere, Assemblea Nacional de Catalunya (ANC) eta Omnium Cultural-aren eskutik gizarte eremu oso zabalak artekatu ziren, sentsibilitate oso desberdinek lelo bakar baten bueltan bilduz: “Som una nació i volem decidir”. Artekaritza honen bitartez zabaldu da han soberanismoaren eremu sozio-politikoa, eta horrek behartu ditu alderdi eta erakunde abertzaleak.
Euskal Herrian ez da sortu indar bereko artekari soberanistarik. Funtzio horretatik gertuen dagoena Gure Esku izango litzateke, 2013tik aurrera erabakitzeko eskubidearen bandera eraman duen gizarte eragilea. Hasieran Lizarra-Garaziko izpirituaren oinordeko gisa hasi zena, gero Kataluniako prozesu soberanistaren trena harrapatu zuen eta haren gorabeherak jarraitu ditu, emulazioa (herri-kontsultak) eta elkartasuna, tartekatuz. Gai anitzez erabaki beharra aldarrikatu du berriki, “Hamaika Gara” ekimena sustatuz. Sentsibilitate anitzeko soberanismoa artekatzen saiatu da orain arte, eta horretan dabil oraindik ere.
Dena den, bere potentzialitate guztia zabaldu ahal izateko artekaritzak salbuespenezko testuingurua behar izaten du, eta gurean ez da oraingoz horrelakorik izan, Katalunian bezala.
Alabaina, hemendik aurrera… Gutxiengo independentistak aktibatzea komeni da ala gizarte eremu zabalen bila joan behar da? Nork bete dezake gurean deslotuak eta desmobilizatuak dauden eragileak eta gizarte eremuak artekatzeko funtzioa? Ze leloen inguruan? Ezkerreko soberanismoak “euskal estatu independentea” leloa erabiliz ze artekaritza maila lor dezake? Independentziaren ordez, erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio eskubidearen logika soberanista hobetsi beharko litzateke? Lekua du Gure Eskuk? Estatus berriaren impasse instituzionalak kalte egin diola nabarmena da, Kataluniako olatuaren apaltzeak bezala, baina akaso erabakitzeko eskubidearen aldarrika alderdien kalkuluetan ez katramilatzea lortuko balu, Kataluniako eta Eskoziako hurrengo olatua harrapatzeko moduan egongo litzateke, “erreferendum adostua” leloa hiru herriak artekatzeko tresna egokia baita.
5. Lehia: Katalunian aldakorra; gurean, sendoagoa.
Eragile politiko sezesionisten arteko lehia onuragarria izaten da. Independentziaren alde dauden eragileen arteko lehiak hauspotu dezake prozesu politikoa, baldin eta logika polarizatzailea nagusitzen bada. Norgehiagoka horrek –nor baino nor soberanistago–, eta lehiakideen arteko markaketak atzera pausoak zailduko ditu, lasterketa independentista bizkortuz. Dena den, lehiak ondorio kaltegarriak eduki ditzake, baldin eta estrategia dibergenteen edo kontrakoen adierazpen gisa piztuko balitz, aldaketaren indarrak zatituz.
Artur Mas eta David Fernandezen arteko besarkada hartatik hona, “junts” egon beharko liratekeenak zatituta daude. Zatiketa areagotu omen da eta gaiztotu, lehia eraikitzailetik suntsitzailera igaroz. Dena den, azpitik agian badago isilbidez partekatutako estrategia sakona: urriak bateko mandatuak bigarren edizioa behar du, bigarren autodeterminazio erreferenduma egin beharko da. Adostua izan ala ez.
Euskal herrian ere alderdi abertzaleak hegemonia borrokan murgilduta jarraitzen dute frankismoaren amaieratik hona. Bi eredu talkan: Borroka armatua ala instituzionala (Txiberta), erreforma politikoa ala haustura konstituziogilea (Lizarra/Garazi), ETAren amaiera negoziatua (Loiola) ala Ibarretxeren proposamena… EHBildu legeztatu eta gero, paradigma instituzionala nagusitu zen. 2018ko uztailean, artean zabalik zegoen Kataluniako prozesu soberanistara lotze aldera, 79ko estatutuaren erreforma soberanistaren oinarrizko edukietan ados jarri ziren bi alderdi abertzaleak.
Ordutik hona, Espainiako gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua erabiliz Kataluniako Autonomian esku hartu zuenean, jeltzaleen grina soberanista apaldu zen eta oraingoz oinarri horien araberako testu artikulatuan ez da akordiorik lortu. Bide hori geldirik dagoen bitartean, lehia ez da parametro soberanistan jokatzen, ezker/eskuin ardatzean baizik, barneko hegemonia lortzeko nagusitu den alderdi logikan.
Ezkerreko soberanismoa vs. eskuineko autonomismoa izango al da hemendik aurrerako lehia eremua? Ezkerreko soberanismoa, independentismoa apalduz, beste ezkerreko alderdiekin –PSE, Ahal dugu–, aliantza berriak osatzen saiatuko da? Lehia hegemonikoa mugatuz, estatus berriaren inguruan oinarrizko akordioari eutsiko al diote bi alderdi abertzaleek?
6. Kategoria osaketa. Gurean zaharrak, Katalunian berri.
Independentzia erditzea da. Subjektu politiko berriaren jaiotzaz ari gara eta sorkuntza politiko guztietan kontzeptu berriak agertuko dira halabeharrez, unez-une eraikitzen ari den mundua izendatzeko beharrezkoak diren kategoriak. Hitz zaharrak ez baitira nahikoak, diskurtso berritzaileak behar dira sortzen ari den mundua izendatzeko.
Joan den mendeko 90. hamarkadan “soberanismoa” kontzeptua sortu zen Quebecek abiatutako doktrina eta praxi abertzale berria izendatzeko: “burujabetze” prozesu demokratikoak izendatzeko. Gurean Lizarra-Garaziko akordioaren garaian errotu zen kategoria hori eta eragileen ahotan eta idatzietan etengabe agertzen zen garai hartan. Hainbat lan teoriko ere idatzi zen soberanismoari buruz. Hemen eta gerora Katalunian, kategoria horretatik eratorria den “erabakitzeko eskubidea” garatu zen, autodeterminazio eskubidearen egokitzapen gisa. Kategoria osaketa horrek aldaketari ateak zabaldu dizkio, proposamen politikoak “ulergarri“ bihurtuz.
Doktrina soberanistaren baitako kategoriak –“erabakitzeko eskubidea”, “euskal errepublika”, “euskal estatua”, “independentzia”–… kontrajarriak ala uztargarriak al dira? Kategoria horiekin lotutako estrategien arteko lehia ekidin ezina da ala prozesu beraren aldibereko edo hurrenez hurreneko aldaerak besterik ez?
7. Identitate aldaketa: Katalunian nabarmena, gurean oso mugatua.
Aldaketa prozesuetan sistema politikoa eta gizartea bera moldatu ahala banakoen identitate subjektiboa ere aldatuz joango da. Gure gaira etorrita, herritarren identitate aldaketa da prozesu sezesionistaren garapenaren seinale argiena: “independentista berriak” agertuko dira prozesuak arrakasta eduki ahala.
Katalunian nabarmena izan da identitate aldaketa hori azken hamarkadan. Inkesten bitartez eta urriak bateko erantzun zabalari so eginda froga daiteke independentista “berrien” agerraldia. Gurean, berriz, erreferendumaren frogaren faltan, behin eta berriro errepikatzen dira inkestetako datu kezkagarriak: independentisten kopurua ez da apenas aldatzen, eta aldatzekotan beherantz doa.
Han eta hemen, kezka eta galdera leku beretik datoz: koiunturalak al dira gorabehera horiek? Zein da Katalunian independentista berrien grina indartzeko eta kopurua zabaltzeko diskurtso eta estrategiarik eraginkorrena? Zer egin genezake gurean independentismoa lozorrotik ateratzeko eta independentista berriak sortzeko? Bi helburu hauek lortzeko diskurtso eta estrategia berberak erabili daitezke epe laburrean ala lehen helbururako egin behar den diskurtsoak urrunduko al du bigarrena?
8. Berrikuntza taktikoa: Kontsultak, euskal teoriatik Kataluniako praktikara.
Diskurtsoaren berrikuntzarekin batera dator protesta moduen eraberritze taktikoa. Sistema politikoen aldaketa egon dadin, Morlinok gogoratzen duen bezala, ziurgabetasuna barreiatu beharko da ustekabeko gertaerak kudeatzeko sistemak dituen egituretan. Arazoa neurri ezagunen arabera kudeatzeko gaitasuna kolokan jartzea da berrikuntza taktikoaren helburua, ezintasun horrek sistemaren eraginkortasuna ezbaian jartzen duenez, aldaketaren atea zabalduko da.
Aipatu bezala, Katalunian “erabakitzeko eskubidea” izan da “kategoria osaketa” mekanismoaren adierazpena, eta honekin estuki lotuta ekintza kolektiboan ere berrikuntza taktiko esanguratsua jarri da abian: herri-kontsultak eta erreferendumak. Teoria mailan tresna hauek Euskal Herrian landu ziren Lizarra-Garaziko akordioaren ingurumarian. Azkenean, praktikara ekartzeko saiakera zapuztu egin zen Ibarretxe Lehendakariaren Kontsulta-legea bertan behera geratu zenean.
Gure Eskuk behetik gorako herri-kontsulta bolada azpimarragarria egin zuen 2014ean hasita: bi urtean 208 herritan egin ziren kontsultak eta 200.000 lagunetik gora parte hartu zuen. Euskal soberanismoa ZIUn dagoen honetan ez da marka makala.
Katalunian Arenys de Munten hasitako kontsulten olatua (2009) herriz-herri barreiatu zen, eta 2014ko azaroaren 9an egindako kontsultaren tarteko helmuga igarota, 2017ko urriak bateko erreferendumera heldu zen. Estatuak arazo larriak izan ditu mobilizazio mota hau oztopatzeko: nola zigortu ariketa demokratikorik demokratikoena, herritar baketsuak bozka ematera deitzen dituena? Erantzuna ezaguna da: “Legez kontrako erreferendumera” bildu zirenak jipoitzeko eta antolatzaileak kartzelaratzeko ez du izan lotsarik, baina koste politikoa ordaindu behar izan du Espainiak. Estatuaren legitimitatea asko higatu du kudeaketa bortitz horrek, batez ere Europan.
Etorkizunera begira erreferenduma ez da jada “berrikuntza taktikoa” izango, baina bere potentzialitate demokratikoa kontuan izanik, ziurrenik sezesionismoaren ekintza kolektibo aproposena bilakatuko da. Finean, Quebecen, Eskozian, Kaledonia berrian… Herrien autodeterminazioa egikaritzeko modu argiena zuzeneko demokrazia baita, jendeari zuzenean galdetzea. Eta erreferendum hori adostua ez bada, beti egongo da aukera aldebakartasunetik antolatzeko, eta egiteko.
Galdera, kasu honetan, operatiboa da: urrikoa eta geroko bigarren erreferenduma antolatu beharko balitz, estatuaren adostasunik gabe, posible litzateke Espainiak jarriko lituzkeen oztopoak gainditzea? Emaitzak hobetuko liratekeenik ziurtatu ezin bada, merezi al du urriak batekoa amortizatzea eta bigarren erreferendum horretan jartzea itxaropen guztia? Adostua balitz, zeintzuk izango lirateke “argitasun baldintza” onargarriak (galdera, gehiengoak…)?
Noski, berrikuntza taktikoak ezin dira aurreikusi, are gutxiago idatzi, baina nago desobedientzia zibilaren adierazpen sendo anitz erabili gabe dagoela oraindik eta sezesionismoak bere plangintzan sartu beharko dituela ezinbestean.
9. Ziurtapena: Katalunian, aldakorra; Gurean, mugatua.
Aldaketa prozesu politiko guztiek, erreforma, iraultza edo, gure kasuan bezala, sezesio gisa bideratzen badira ere, negoziazio eremuren bat behar dute, aldaketaren baldintzak edota ondorioak finkatzeko eta, ahal bada, berauek adosteko. Negoziazio eremuak parteen elkar-aitorpena eskatuko du, elkarrenganako aintzatestea edo ziurtapena.
Espainiako gobernuak denbora luzez ez du aitortu Kataluniako gobernuaren ordezkaritza demokratikoaren legitimotasuna: “Rajoyk ez zuen Generalitateko telefono deirik hartzen”. Gobernu aldaketaz geroztik eta bi gobernuen arteko mahai politikoa osatu denetik, ziurtapen mekanismoa aktibatu da, partzialki bada ere. Erabateko ziurtapena autoritatez jantzitako kanpo eragile batek bakarrik eman baitezake, nazioarteko eragile nagusi edo potentzia baten batek, bereziki.
Euskal Herrian mekanismo hau ETAren amaieraren inguruko abagunean piztu zen. Espainiako estatuaren ziurtapena lortu ezean, nazioarteko eragileak bildu ziren behinbetiko su-etena eta armagabetzea ziurtatzeko. Aiete eta Baiona. Gurean mekanismo hau ez dago lotuta prozesu soberanistarekin, oraingoz eremu instituzional arautuan planteatzen ari baita errebindikazioa. EHBiduk politika arrunterako ziurtapena jasoz gero –bilera publikoak Espainiako Gobernuarekin–, ez dago bestelako ziurtagirik eman beharrik eguneroko solaserako. Oso bestelako kontua da noski burujabetzari edo autogobernuari buruzko elkarrizketa. Gai horretan Espainiako gobernuaren ziurtapenaren kuasi-monopolioa EAJk du ziurrenik. Gaindituta daude jada Aljer, Geneva, Oslo eta Loiolako paradigma negoziatzaileak.
Nazioartekotasunak garrantzia du mekanismo honetan. Horregatik ibili da Katalunia horren bila etengabe. Horregatik dago dagoen lekuan Puigdemont presidentea. Eta zigor arloan nabarmena da lortu duen arrakasta, Sardiniako azken pasadizoak berretsi bezala.
Dena den, bi aldeen elkar-ziurtapenak negoziaziorako aukera zabaltzen duela ezin uka daiteke. Zentzu horretan, sezesionisten arrakasta gisa uler genezake Kataluniako mahai politikoa, “politika arruntaren” mugetatik kanpo bildu izana. Alabaina, negoziazioa zabaltzen den unea ez da inoiz neutroa, indar harremana “garbira pasatzeko” unea den neurrian, ez da gauza bera izango sezesioaren aldeko indarren porrotaren ostean zabaltzea ala estatuaren garaipenaren ondoren. Orain bizi dugun “Sit and talk” unea Kataluniako indar soberanisten ahulezia egoeran dator, ezbairik gabe, eta horrek asko baldintza ditzake hurrengo urratsak. Jarraian doan mekanismoa aktibatzeko arriskua ezin daiteke alboratu eta, aldi berean, soberanisten arteko lehia kaltegarria, auto-suntsitzailea, areagotzeko arriskua nabarmen areagotzen da, sakoneko estrategia adostu ezean. Ba al dago negoziazio horri begirako sakoneko adostasunik Kataluniako soberanisten artean?
10. Errepresioa: Katalunian nabarmena; gurean, mehatxu gisa.
Mekanismo honek ez du azalpen handirik behar. Aldaketaren kontrako indar instituzionalek sezesionisten kontra hartzen dituzten neurrien bildumaz ari gara. Sezesio prozesua zailtzea, oztopatzea, suntsitzea jomuga duten izaera anitzeko jarduerak bilduko dira hemen: legezko errepresioa, zikina, ekonomikoa, polizia edota epaileen esku uzten dena… Gerra-logikari erantzuten dion Estatuaren disuasio-estrategia oro uler daiteke “errepresio gisa”.
Katalunian errepresio mota ia guztiak erabili dira prozesu sezesionista gelditzeko. Euskal disidentziari luzaroan aplikatutako algoritmo antiterroristaren markoan, epaileak, polizia, goardiazibila, gerra zikina –inoiz argituko al da Rambleetako atentatua–, xantaia ekonomikoa… erabili dira, gupidarik gabe.
Eta errepresioak lortu du bere helburua, onartu beharra dago. Ez du mugimendu soberanista suntsitu baina arrisku sezesionista saihestu du Espainiako estatuak, tarte batean behintzat. Elkartasunera bideratu du eraikuntzara jo behar zuen indarra eta mugimenduaren baitako desadostasunak agerian utzi ditu.
Gurean errepresioaren mekanismoa, bere adiera gordinenean, apaldu egin du estatuak. Alabaina pandemiaren kudeaketan indartu den paradigma sekurokratikoa ez da inozentea. Ordenu publikoaren kontzeptualizazioa gero eta gotorragoa da eta algoritmo errepresibo zaharrak prest leudeke liskarraldi politiko soberanista piztuko balitz. Gurean gainera gertu dugu terrorismoaren aurkako marko diskurtsiboa, erraz berpiztu daitekeena.
Arlo honetan sortzen zaizkigun galderak ezagunak dira: arautu gabeko protesta motek –desobedienteek–, jasan dezaketen errepresioa onartzeko prest al daude gure gizarteak? Errepresio mota sofistikatuenei aurre egiteko gaitasun eta jakituria nahikorik ba al dago? Zein da “konfrontazio demokratikoaren” neurria errepresio gordinena ekidin nahi bada?
11. “Azeria eta mahatsak”: Katalunian, ahula; Gurean, sendoagoa.
Mobilizazio prozesuetan oso ohikoa izaten da eskaeraren egokitze pragmatikoa adierazten duen “azeria eta mahatsak” mekanismoa. Alegia, helburua ezinezkotzat jotzen denean mugimenduak berak burutzen duen egokitzapen estrategikoa adierazten duena: “Lorgarria eska dezagun, aski helduak ez dauden mahatsak ahaztu ditzagun.”
Mekanismo honen itzala mugimenduaren ibilbide osoan egongo da presente, aukera, tentazioa, ihesbidea edota irteera duina eskaintzeko prest. Negoziazio prozesuak zabaltzen direnean beti egongo da mahaiaren gainean, negoziazio orotan zerbait utzi behar baita alboan. Hasierako marra gorriak ez dira inoiz amaierakoak.
Kataluniako prozesu sezesionistan independentzia bera bainoago erabakitzeko eskubidea izan da heldu nahi izan den mahats-mordoa. Maiz esan ohi da, independentziaren bidea egin behar izan dutela autodeterminazio eskubidea onartua izan zedin. Oraingoz ez bata, ez bestea ez dute lortu eta Estatutik datorren eskaintza bakarra marko autonomikoaren baitakoa da: eskumenak, zerga-ituna… Mahai politikoan badirudi tinko mantenduko duela Generalitateak erreferendumaren errebindikazioa. “Azeria eta mahatsak” mekanismoa hortaz ez dirudi epe laburrean aktibatuko denik, bi alderdi abertzaleen arteko lehia berme nahikoa da oraingoz hori gerta ez dadin. Dena den, balizko “erreferendum adostuaren” edukia edota epea aldez aurretik oso ondo zehaztua ez dagoenez, mekanismo honen aktibazioa ezin dugu baztertu. Espainiako gobernuak eskaintza berriak –maltzurrak– egin ditzake mekanismoaren aktibatzea errazteko: konstituzioaren erreforma zehaztugabea, estatu mailako kontsulta ez-loteslea…
Gurean independentziaren mahats-mordoak urrun omen daude. Jeltzaleek inoiz beteko ez diren ametsen (edo amesgaiztoen) hodeian dute gordeta independentzia, eta azeri abertzale ezkertiarrak ere aspaldi onartu du, batetik, gatazkaren ondorioen agendak duela orain lehentasuna, eta bestetik, burujabetzarantz doan ibilbidean tarteko helmugak jorratu beharko direla, erabakitzeko gaitasunari eta lurraldeari dagokionean: erabakitzeko eskubidea aitortuko duen estatus berria EAEn, Nafarroako amejoramendua ere logika horretara ekarriz, eta Iparraldean elkargoaren izaera demokratikoa sendotu, zuzeneko hautaketaren bitartez. Euskal gehiengoak aktibatuz estatuei harreman konfederala proposatzea litzateke helburu osagarria. Esan bezala, independentzia ez dago aski heldua. Edo bai.
Galdera estrategiko sakonak piten zaizkigu mekanismo honen haritik tiraka.
Aurretiazko premisa: Independentzia behar dugu. Errepublika gisa antolatutako euskal estatu independentea izango al da menekotasun eza bermatzeko modu bakarra? In-dependentzia, menekotasun eza, ez da kontu binarioa, graduala baizik. Estatu izaerak ez du menekotasun eza bermatuko, baina egituratze juridiko-politiko burujaberik gabe euskal botere sareak nekez trinkotuko dira, eta datozen hamarkadetan munduak biziko dituen zurrunbiloetan galtzeko zorian egongo gara.
Nola lortu baina? Bizi dugun testuinguru demokratikoan independentziara heltzeko bideak demokratikoa izan behar du: sezesionatu nahi den lurraldeko herritarren gehiengo nahikoak adierazi behar du bere borondate askatzailea, zuzenean edota ordezkarien bitartez. Autodeterminazio eskubidea, modu batera edo bestera onartuta dagoenean, Quebecen edo Eskozian bezala, independentisten ardura bakarra gehiengo independentista nahikoa lortzea izaten da.
Estatuak ez duenean eskubide hori onartzen independentistek arazo bikoitza dute, autodeterminazio eskubidea berme guztiekin egikaritu ahal izatea izango da eskuratu beharreko lehen lorpen politikoa, eta testuinguru horretan ez da nahikoa izaten estaturik gabeko herriaren gehiengo instituzionalaren borondate sezesionista, oso zabala izanda ere, horretarako bide arautu gabeak erabili behar izaten dira: protesta, ekintza kolektiboa, mobilizazioa…
Blokeo egoera hauetan –Kataluniak edo Quebecek erakutsi bezala–, aldebakarreko jarduera demokratikoa izaten da aurrera egiteko modu bakarra.
Komunitate politikoa erakundetua badago eta gehiengo soberanista argia eta konprometitua baldin badago bertako erakundeetan, desobedientzia soberanista instituzionalak har dezake lehentasuna, alderdien eta herritarren mobilizazioarekin batera. Hauxe izan da orain arte Katalunian jarraitutako bidea. Erreferendum adostuaren proposamena behin eta berriro berretsiko den arren, hauxe izango da ziurrenik –apustu soberanista igoz eta itzuliko den errepresioa aintzat hartuz–, Generalitatek eta Espainiako gobernuak adostutako mahai politikoaren porrotaren osteko agertokia. Azeria eta mahatsak mekanismoa pizten ez bada, noski. Alegia, Kataluniako ordezkaritzak autodeterminazioaren langatik beherako eskaintza onartu ezean. Bi alderdi nagusien arteko lehiak, kasu honetan, marra gorriak marrazten dizkio negoziazio orori. Hortaz, B plana, alegia, hirugarren aldebakarreko erreferenduma –azaroak 9ko eta urriak batekoaren ostean–, edo bestelako ekimen desobedienteak prestatzen ariko dira dagoeneko.
Katalunia dugu bidaide eta eredu baina zaila da gure erakundeak hangoek 2017an hartutako bidea errepikatzea. Oraingoz, ezinezkoa. Arazo erantsia dugu berton: Katalunian egindako lurralde mugarritzea ez da hain erraza gurean: Katalunia/Països Catalans dikotomia eta Euskal Autonomia Erkidegoa/Euskal Herria ez dira parekoak, independentziaren bide faktikoari ekingo bagenio. Baina erakundeen edo alderdien kalkulu taktikoen menpe egon gabe – “ez da unea”, esango dizute–, eta lurraldetasunak ezartzen dituen baldintzak gainditze aldera, gizarteak har dezake gurean abangoardia lana.
Esatea erraza da. Zein da mobilizazio sendo eta zabal hori lortzeko diskurtso, errebindikazio, eragile eta protesta modurik eraginkorrena? Tarteko jomuga lehenetsiko duena –autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea–, ala azken helburua –independentzia– erdigunean jarriko duen leloa? Mobilizazioaren oinarria zabalduko duena ala hasiera batean gehiengoa erakarriko ez duen abangoardia trinkoa, konbentzituak bakarrik mugitu dituena? Bi logika hauek uztargarriak dira ala jendartearen nahasmena areagotuko da bi lerro soberanista egonez gero? Gutxiengo koherenteen garaia da ala gutxiengo trinko horiek planteamendu zabalago batean motore gisa kokatzeko sasoia? Eragile sozio-politiko bakar batek kudea dezake halako protesta bilduma anitza ala eragile independentista desberdinen eta autonomoen esku geratu behar dira ekimen desberdinak, are kontraesankorrak?
Eztabaidarako, erantzun hirukoitza:
- Erakundeetan lanean ari diren alderdi abertzale independentistak tarteko helmugen proposamenak lantzera behartuta daude. Helburua behin eta berriro gogorarazi behar badute ere –Euskal Errepublika Independentea da itsasargia–, haien lan politikoak epe labur eta ertainera begirako bide orri pragmatikoa hobetsi beharko luke: EAEn estatus konfederal berria, Nafarroan hobekuntzaren erreforma soberanista eta Elkargoaren demokratizatzea Iparraldean. Burujabetza politikoaren errebindikazioa azken geltokira eramateak –urruti dagoen eta epe laburrean heldu ezin den “errepublika independentera–, jarduera politikoaren auto-mugatzea dakar. Eragile sozialek aise eta ongi egin dezakete hori, alderdi batek ezin du lubaki hori utzi.
- Gizarte eragile desberdinek errazago kudea ditzakete epe ertain eta luzera begirako diskurtsoak: “independentzia, errepublika”, Dena den, aldarrika sinboliko hutsean gera ez daitezen, arloz-arloko nazio eta herri eraikuntza materialen murgildu beharko lirateke, ekimen eta egitasmo praktikoak landuz. Gizarte eremu zabalak erakartzeko independentziaren eguneroko onura faktikoa erakustea ezinbestekoa da. Estatu independentea zer den erakusteko gizarte eremu independenteak sortu beharko dira. Independentzien artxipelagoa. Izan ere, Espainiako estatuaren aurrean bezain beste monopolio energetikoen aurrean gauzatu beharko da independentzia, menekotasun eza.
- Independentziari atea zabalduko dion konfrontazio demokratikoa agian autodeterminazio eskubidearen inguruan ardaztu beharko litzateke. Errebindikazio zabal eta indartsuena horixe baita eta, mobilizazio arruntez landa, ekintza kolektibo praktikoak antolatzeko aukera eman dezake. Kontuan izan behar da lehenik eta behin hautsi behar den harresia Espainiako Estatua bera dela, eta koiuntura historiko honetan autodeterminazioaren bandera Kataluniarekin partekatu ahal izateak, estatuaren gunerik ahulenean jotzeko aukera ematen digula: bere defizit demokratiko sakona.
Galdera asko, erantzun gutxi. Aukerak eta mehatxuak lapiko berean. Mekanismo kontrajarriak. Inork ez du esan independentzia erraza denik. Independentzia ez baita epifania –derrepentean adieraziko den egia mesianiakoa–, egunero eraiki behar den menekotasun eza baizik. Inoiz amaitzen ez den dema: herri-subiranotasuna.
…
Mario Zubiaga Garate
UPV/EHUko Zientzia Politikako irakaslea
Durango, 2021ko urriaren 6an
Zorionak Mario, artikulu mamitsu-burutsuagatik.
Kaleidoskopio makala, Mario!
nire aldetik, ñabarduretatik hasiko naiz.
Lehenik ZARAGI ZAHARRA ETA ARDO BARRIArena: Zahagi Zaharra, FORUEN zahagia izan da, orain PNVrena hain zuzen, hara itzuli gura baitu.
Baina euskaldunok ez dugu behar bezala landu ZUZENBIDE PIRINIARRAREN zahagia, Kataluinak duena baino tradizio askoz emankorragoa duena (AUZOA eta auzolana (Jaurlaritxak bahitu nahi duena). AUZOETANAN datza gure dinamika ororen habia.
Eta zUZENBIDE PIRINIARRAEN MAMIA, nekez lan dezakegu haren nukleo printzipala den Nafarroaren zentraltasunik gabe. Alferrik, independente eta soberanisten ametsak ohiko BASQUE COUNTRYren eremuan. Hor PNVren estrategia izanen da nagusi, BETI.
Beste ñabardura bat. Gure soberanismoaren erreferentzia AGENDA 2030 izan beharko du; hots, Kapitalismoaren eredu berria (fase oligarkikoa eta Elite trinko batek gidatua). Nora joan nahi duen oso ondo dakien ELITEA. Ikus AGENDA horretan parte hartzen dutenak: Mundu Bankua, Rockefeller eta Gates/Melinda Fundazioak, Farmazeutiken kopatxoa eta sugea, Munduko Osasun Erakundeak… Zein besterik nahi?
Ikas dezagun PLANDEMIAN gertatu zaigunaren adibidetik.
ELITE OSO TRINKOAK jokatu du bere aukera: Mundu Bankuak eta Davosko Mundu mailako Ekonomia Gailurrak, bateik; OMS eta FARMAZEUTIKAK, uneoro eskutik; horiexek izan ziren “Plandemia Egoera aldarrikatuzutena, baren txertok prest aeuzkaten une edokian; atzetik Estatuetako gobernu mertzenarioak mugitu ziren, hirugarren osakide gisara.
Eta helburua lortu dute: populazioaren burua jatea, populazioa BEZATZEA, bertsio (dogma) bakarra ezartzea, eta kriston ZENTSURA, negazionisten edo perraplanisten kontra, hots kritiko ororen kontra. Zeinen laguntzarekin?: Jaurlaritxa eta ETB, eta hedabide salduenen laguntzarekin
Bada, Elite trinko horren markoan kokatu beharra dago SISTEMA BERRIAREN kontrako borroka. Baita euskal soberanismoarena ere. Zer soberania asmo izan dezakegu, geure pentsamenduaren jabe ere ez bagara?
Beraz, gartatu berri den eta urte gutxi batzuk barru BURUTUKO den (Agenda-2030 Plangintza barruan baitago jada) hondamendiaren aurka KRITIKO ez bagara, ez dago soberanismoetan zakur ametsak egiterik.
“Independentziari atea zabalduko dion konfrontazio demokratikoa agian autodeterminazio eskubidearen inguruan ardaztu beharko litzateke”, hori da gakoa, auto-determinatzea…