Ezintasun iraunkor partziala

Ezintasun iraunkor partziala –

2018/02/28
Azken eguneraketa: 2024/04/30

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren XI. Kapitulua

Ezintasun iraunkor partziala

Ezintasun iraunkor partziala ezintasun iraunkorren mailarik baxuena da.

Lan egin dezakegu (lehen egiten genuen jardun berberean, alegia), baina jardun hori burutzeko gure gaitasuna gutxienez %33 murriztu da. Kasu honetan, kalte ordaina jasoko genuke eta lanean jarraituko genuke, nahiz eta zerbaiterako zailtasunak izan edo astiroago egin behar.

Esan bezala, baliteke ezintasun honek zure jardueran eragitea. Zure lanpostura itzuli beharko zinateke eta, zailtasunak handiak balira, enpresak antzekoa den beste lanpostu batera mugitu beharko zintuzke.

Hala ere, lanpostu aproposik ez balego (edo enpresak esango balu ez dagoela), aukera izango luke soldata %25 jaisteko. Beraz, kontuz! edozein zalantzaren aurrean, jarri kontaktuan sindikatuarekin, enpresak ez dezala egoera aprobetxa zure lan baldintzak kaskartzeko.

 

Hauexek dira, laburbilduz, ezintasun iraunkor partzialaren gako nagusiak:

  • Langilea ez dago guztiz ezinduta lan egiteko, ezta bere ohiko lanbiderako ere, hein batean edo bestean mugatuta baino. Hortaz, lan harremana ez da automatikoki etengo (hau da, lanean jarraituko zenuke).
  • Garrantzitsua da zehaztea zer hartzen den ohiko lanbidetzat. Era berean, ondo zehaztu beharko da noiz hasi den ezintasun iraunkorraren egoera (hau da, noiz izan den gertaera eragilea edo gaztelerazko “hecho causante”)
  • Ezintasun iraunkor partzialagatik ez da pentsiorik jasotzen, baizik eta ordainketa bakarreko kalte-ordaina.

 

Gutxieneko kotizazioak

Gutxieneko kotizazioak pilatuta izan behar dituzu, baina, ADI! hau eskatuko zaizu baldin eta ezintasun iraunkor partzialaren arrazoia gaixotasun arrunta izan bada:

  • 21 urtetik gorakoa bazara: 1.800 egun kotizatu behar izan dituzu aurreko 10 urteetan zehar.
  • 21 urte edo gutxiago badauzkazu (laneko baja eskatu zenuen egunean):
    16 urte bete zenituenetik eta laneko baja eskatu zenuen egunera arte pasa diren egun guztien erdia. Kopuru honi aldi baterako ezintasun egoeran (laneko bajan) egon daitekeen gehienezko epea gehituko zaio (545 egun, alegia).

Esan bezala, gutxieneko kotizazioak eskatuko dira baldin eta arrazoia gaixotasun arrunta izan bada. Arrazoia istripua izan bada (izan lan istripua, izan istripu arrunta) edo lan gaixotasuna izan bada, ez da behar aldez aurretiko kotizaziorik.


Gertaera eragilea

Zenbaitetan gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, gaixotu eta laneko baja eskatzen dugu. Hala ere, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, ikusten dugu gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.

Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.

Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator bajan egon ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen dituen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna.

 

Ohiko lanbidea

Gogoratu ezintasun iraunkor partzialak mugapenak dakartzala ohiko lanbiderako. Baina zer jotzen da ohiko lanbidetzat?

Ezintasuna gaixotasun arruntak edo profesionalak sortu badu: ohiko lanbidea izango da azken 12 hilabeteetan egin duzun lana.

Ezintasuna istripuak (laneko istripuak edo istripu arruntak) sortu badu: ohiko lanbidea izango da langilea momentuan egiten ari zena, berdin zenbat denboraz egon den horretan.

 

Lan egin daiteke?

Hasieran azaldu dugunez, ezintasun iraunkor partzialak ez digu lan egitea galarazten. Izan ere, aitortzen digun bakarra da gure ohiko jarduerarako gaitasuna murriztu zaigula, baina honek ez du esan nahi lan horretan ezin garenik aritu, baizik eta, agian, zailtasunen bat izango dugula edo astiroago egin beharko dugula.

Baina, zer gertatuko da gure lanpostuarekin ezintasun iraunkor partziala aitortu badigute?

  1. Lehen betetzen zenuen lanpostuan aritu ahal bazara, enpresak lanpostu berean hartu behar zaitu berriro. Zailtasunen bat izango bazenu, enpresak antzeko beste lanpostu batera mugitu beharko zintuzke, baina soldata jaitsi barik.
  2. Enpresak esan dezake zure errendimendua jaitsi dela. Honelakoetan zure gaitasunarekin bat datorren beste lanpostu batera mugitu beharko zintuzke. Baina enpresak esan lezake ez daukala halako lanposturik. Hala bada, legeak aukera ematen dio soldata ere proportzionalki jaisteko. Jaitsiera hau, gehienez, %25ekoa izan daiteke eta, jakina, soldata berri hori ezingo litzateke lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoa izan.

Beraz, egoera honetan badin bazaude, garrantzitsua da zure enpresako ordezkaritza sindikalarekin kontaktuan jartzea edo, horren ezean, sindikatura jotzea, lan baldintzen balizko kaskartzetik, baita balizko kaleratzetik ere, babesteko.


Zenbat jasotzen da?

Ordainketa bakarra da. Aldi baterako ezintasuna kalkulatzeko erabili den oinarri arautzailea bider 24; hau da, gaixotasun edo istripuagatiko baja kalkulatzeko oinarria bider 24.


Adi! Ezintasun iraunkor partziala onartu badizute eta, denbora bat pasatuta, zure egoera larriagotzen bada eta ezintasun maila handiagoa ematen badizute, jaso duzun kalte ordaina itzultzeko eska diezazukete, baldin eta ez badira hiru urte pasatu ezintasun partziala eman zizutenetik maila altuagoko ezintasuna aitortu arte. Denbora luzeagoa pasaz gero, ez legoke diru hori itzultzeko premiarik.


Zelan eskatzen da?

Lehen aipatu dugunez, normalean ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasunaren ostean etortzen da. Beraz, Osakidetzak edo Osasunbideak, Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedurari ekin diezaiokete tarte horretan.

Beraz, aldi baterako ezintasun egoera amaitu arte itxaron liteke, ea Gizarte Segurantzaren Institutuak berak ezintasun iraunkorrerako proposamena egiten duen. Denbora hau, luzapenekin, orotara, 545 egun dira.

Baliteke hala ez gertatzea. Kasu honetan zuk zeuk eska zenezake. Era berean, zeuk eskatu beharko zenuke derrigorrez, ez bazara aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egon.

Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio. HEMEN kontsulta ditzakezu INSSen helbideak.

Eskaera-orria bete beharko duzu. HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu. Besteak beste:

  • Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
  • Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
  • Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu.

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

https://t.me/BizilanEus

Ezintasun iraunkor partziala  Ezintasun iraunkor partziala  Ezintasun iraunkor partziala  Ezintasun iraunkor partziala  Ezintasun iraunkor partziala

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude