Ezinduen ordezkarien biltzarra Bilbon

Aspaym

Azaroaren 24 eta 25ean ezintasunak dituzten pertsonen ordezkarien VII. biltzarra egingo da  Bilbon. Jardunaldi hauetan Euskal Herriko eta estatuko hainbat ordezkaritza taldek eta erakundek hartuko dute parte, Eusko Jaurlaritza barne.

Beste gai batzuen artean,  ezintasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko hartu beharreko neurri eta ezarri beharreko bitarteko ezberdinez hitz egingo dute.   

EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA ETA EZINTASUNAK DITUZTEN HAURRAK

 Euskal Curriculuma, UNESCOk eta Europar Kontseiluak sustatutako hezkuntzainklusiboaren korrontearen barruan kokatzen da.  Eskola inklusiboaren proiektuak, ezberdintasunak gaindituz haur guztiak bere baitan eta batera heztea du jomuga, eta horretarako lan sistemak eta jarraitu beharreko pausuak  zehazten ditu.

 Hezkuntza ereduak gizartearen ezaugarrietara eta honek jasaten dituen aldaketetara moldatu beharra dauka, eta erronka handia izango da azken hamarkadan erabat aldatzen ari den eta aldatuko den euskal gizarterako hezkuntza eredua moldatuz joatea. 

 Proiektua “desberdintasunen konpensatzaile eta aniztasunaren integratzaile” den einean, ikasgelak desberdintasun horiek konpensatzeko bidea izango direla pentsa genezake.

 

211.000 pertsonek ezintasunen bat dute Hego Euskal Herrian

Iturria. INE

 

ITXASOREN ESKOLA

Itxaso Azpitartek 13 urte bete ditu aurten. Hilabete gutxi zituenean ezintasun neurologiko larria zuela antzeman zioten, eta harezgeroztik, bere ezintasunak ezartzen dizkion traba fisiko eta kognitiboei aurrea hartzen saiatu da.   Nekez eta astiro, bere familiari eta bere indarrari esker, aurrera egin du. 

Itxasori bere eskola egunei buruz elkarrizketa egin nahi izan diogu, Maierrek, bere amak “itzultzaile” lana egin digu.  Izan ere, Itxasok ez du ahozko hizkuntza menderatzen, baina urteen eta maitasunaren poderioz, Maier hizkuntzalaritzan aditu bilakatu da.

Nola ulertu Itxasoren hitzak?

Maier: Begietara begiratzea baino ez da egin behar, eta berak sentitzen duena sentitzen saiatu. Askotan, edonorekin, ez dago hitz egin beharrik zerbait gertatzen zaiola jakiteko edota zer pentsatzen duen asmatzeko. Bada, Itxaso bezalako pertsonekin gauza bera gertatzen da. Edonork uler dezakeen hizkuntza da, ulertu nahi izatea baino ez da behar.

Orduan, gainontzeko haurrekin eskolara joango balitz…elkar ulertuko lukete.

Maier: Nik uste dut haurrek inork baino gehiago ulertzen dutela, baina haur oso txikiek. Gehiegi esatea izango da agian, baina 5 urte arteko haurrek ulertuko luketeela esatera ausartuko nintzateke. Esponja modukoak direlako. Pasadizo bat kontatuko dizut: aurten Itxaso amamarenean egon da udan eta Atxutxiamaikakoek ( Elgoibarko umeentzako aisialdi taldea) San Fermin txiki eguna ospatzen zuten egunean, nire ahizpak, Itxasoren izebak, plazara eraman zuen. Han zarata handia omen zegoen eta Aintzane eta Mariarekin topo egin zuten. Mariak 2 urte eta erdi ditu. Itxaso zarata handia dagoen lekuan deseroso egoten da. Ba handik ordu erdira edo, Mariak Aintzaneri zera esan omen zion. “Ama, Itxasok plazan beldurra”.

Gutako nor izango litzateke horretaz ohartzeko gai? 5 urtetik aurrera berriz, beraien maila bera dutenekin erlazionatzea nahiago izaten dutela iruditzen zait.Hau da, maila fisiko eta kognitibo antzekoa dutenekin, feedback orekatua izango dutenekin.  Itxaso bezalako haurrek ezin dute haiek nahi duten erara jolas egin, beraz, ez zaizkie interesatzen. Baina zera iruditzen zait, ez zaizkiela Itxaso bezalako haurrak interesatzen, ezta garapen “normala” izan arren beraien jolas beharretara egokitzen ez direnak ere. Beti dago eskolan “normala” izan arren baztertzen den inor. Ulertuko liokete, beraz? Bai eta ez. Interesaren arabera.

Komunikatzeko gaitasun berezi horrekin, bere eskolak berezia ere beharko du izan…

Inolako zalantzarik gabe!! Behar bereziak dituzte eta eskolak behar horien araberako hezkuntza bermatuko dizkien eskola behar du izan.  Irakasleek komunikazio era hori ulertu beharko lukete eta eskolak beraien behar berezietara egokitutako programa bat bideratu beharko luke: fisioterapeutak, logopedak, sikologoak, ariketa sentsorialak, ….

Eskola inklusiboaren proiektua Itxaso bezalako haurrentzat onuragarria izan daitekeela uste duzu?

Ez dut uste, haur gehienek eta Itxaso bezalako haurrek ez baitituzte behar berdinak.

Eskoletan Itxaso bezalako haurrei buruzko informazioa falta dela iruditzen zaizu?

Bai, zalantzarik gabe. Kontuan izan gutxiengo baten artean gutxiengoa direla eta horrelako haurrei buruzko informazioa gertu ez dituzun arte ez da izaten. Honi lotuta, ohiko eskoletan sentsibilizazioa lantzea oso garrantzitsua izango litzateke,  eta orokorrean, haur ezinduak joaten diren eskoletan estimulazio programak betetzeko jende gehiago kontratatzea ere oso garrantzitsua da.

Nota onak ateratzen ditu?

Itxasok oso onak!! Eta gainera ikasturtea hasi zenetik hona asko hobetu du komunikatzeko gaitasunean, inguruko tresnekiko interesean, ….

Gaisotasun arraroa heriotza edo betirako ezintasuna eragiten duena da. Egun munduan bost mila eta zortzi mila gaisotasun arraro daudela kalkulatzen da, eta populazioaren %6 -%8 arengan dute eragina.

Iturria: Europako Kontseilua.