Ezinbestekoa, baina ez nahikoa

Ezinbestekoa, baina ez nahikoa –

Euskal Herriak bere askatasun nazional eta sozialerako eginiko borroka luzean bi izan dira eskuratu ditugun ikasgai nagusiak. Lehena, askapenerako sortzen ditugun egiturak tresnak direla, ez helburuak. Eta bigarrena, askapen prozesua benetan korapilatsua izanik, ezin dugula egitura eta bide bakarretik burutu, zer esanik ez, geure buruari jarri diogun helburua euskal errepublika sozialista sortzea bada.

Ezinbestekoa, baina ez nahikoa

Eta hausnarketa hori da mahai gainean jarri duguna datorren maiatzaren 28an izango diren Udal eta Foru hauteskundeetan nola jokatu behar dugun erabakitzeko. Izan ere, bizi izan duguna kontuan izanik, ez zaizkigu arrazoiak falta, ezta gogoa ere, bozkatzera ez joateko, abstenitzeko, alegia. Baina hori al da askapen prozesuaren fase politiko honetan jarrerarik eraginkorrena? Ez al gaituzte pentsamendu horretara bultzatzen egungo politikagintza konbentzional ustelak edota  EH Bilduk zenbaitetan bideratu izan duen praktika politikoak edo hartu izan dituen benetako azalpenik gabeko erabaki ulertezinek?

Azken urteotan euskal jendarteko sektore berriak bereganatzeko asmoz EH Bilduk bideratu duen praktika politikak zein ildo komunikatiboak euskal herritar batzuk erakarri dituela gauza segurua da, baina baita beste kide batzuk uxatu. Eta, nahikoa ez balitz, gazte askorentzat bilakaera berri hori ez dela batere erakargarria izan, gainera. Ikusteko dago jokabide horren emaitza politikoa, ez soilik elektorala, nolakoa izango den etorkizunean. Horretan zalantza handiak daude.

EH Bilduren helburu nagusia Euskal Herriaren askapen prozesurako indar metaketa zabala eta anitza osatzea da, erreforma bidez aurrera egiteko behar diren abagune berriak sortuz. Izan ere, gehiengo sozial hori gabe eta hegemoniatik at, ez dago euskal errepublika herritarrekin bideratzerik, ez Estatuek jarriko dizkiguten mota guztietako oztopoak gainditzerik ere. Eta bide horretan gustatzen ez zaizkigun eta zenbaitetan okerrak izan diren erabakiak egon badira ere, ez dugu uste fase politiko honetan abstentzioaren bidez EH Bildu ahultzea erabaki egokia denik, bete behar duen funtziorako indar politiko nagusia izatea ezinbestekoa delako.

Beste kontu bat da, eta oso ezberdina, askapen prozesuaren motor zuzentzaile nagusia eta praktikan bakarra EH Bildu dela pentsatzea eta, ondorioz, EH Bilduren irizpideen eta interes instituzional zein elektoralen arabera, Euskal Herrian dagoen dinamika sozial, sindikal eta politiko osoa subordinatu behar dela.

Hasieran esan dugun moduan, gure herriaren askapen prozesua bihurriegia da tresna edo egitura nagusi bakarrarekin bideratzeko. Eta horretan ez dugu uste asmatzen ari garenik. Gure ustez, azken urteotako Ezker Abertzalearen estrategiak bideratu duen praktika politikoaren zein borroka ideologikoaren emaitza aztertzea besterik ez dago, oker gabiltzala ikusteko. Batetik, nazio zein klase borrokan atzera egin dugu. Bestetik, izugarri ahuldu da askapenerako antolakuntza sozio politikoaren aniztasun sarea. Eta, azkenik, herri mugimendua eta dinamika soziala kalean unerik apalenean daude, dinamika instituzional zein elektorala nagusitu diren bitartean. Ondorioz, EH Bilduren tentaldi subordinatzailea eta hegemonikoa argia da.

Ezker Abertzaleak beti izan duen independentzia eta sozialismoaren aldeko tresna edo egitura iraultzailea da egungo askapen prozesuari falta zaion zutoina, tresna ala egitura nagusia, eta hori ezin da EH Bildu izan. Egitura edo tresna iraultzaile horren norabide estrategikoa interes instituzional eta elektoralen gainetik egongo litzateke, kontrabotere herritar izaera argia luke, euskal errepublika sozialistaren bidean praktika politiko konfrontatzailea, desobedientea, independentista, feminista, sozialista, euskalduna eta internazionalista jorratuko lituzke. Bi hitzetan esanda, inorekiko subordinatua egongo ez litzatekeen izaera antikapitalista euskaldun argia izango lukeen tresna iraultzaile autonomoa da falta zaiguna.

Gure ustez, espazio antikapitalista euskaldun horren artikulazioari begira hasi behar dugu lanean maiatzaren 28aren ondoren. Eta bide horretan ulertu behar dugu askapen prozesuaren egungo fase politikoan EH Bildu indartzea ere beharrezkoa dela euskal errepublika sozialista sortzeko bidean, nahikoa ez den arren. Indartzea eta izan dituen hutsune eta akatsak zuzentzea, nola ez.

Gauzak horrela, guk maiatzaren 28an EH Bilduri emango diogu botoa, gure boto kritikoa, eta 29an euskal espazio antikapitalista euskaldun hori sortzeko auzolanean jarraituko dugu dinamika sozial, sindikal eta politikoan lanean ari den beste jende askorekin batera, herri honen nazio zein sozial askapenerako estrategia zuzentzeko konfluentzia, konbergentzia, ekintza batasuna eta zehar lerrotasuna landuz. Ezinbestekoa beharrezkoa izan arren, nahikoa ez delako.

 

Joseba Alvarez, Iker Mendibe, Andoni Rodriguez, Andoni Castillo, Zudaire Lopez, Expe Iriarte

Ezker Abertzaleko kideak

Ezinbestekoa, baina ez nahikoa Ezinbestekoa, baina ez nahikoa Ezinbestekoa, baina ez nahikoa

Zer duzu buruan “Ezinbestekoa, baina ez nahikoa”-ri buruz

  • Ba nere ustez abstentzio egiten duena ezin da kontsideratu inoiz ez antikapitalista. Prokapitalista eta eskubiaren aldeko jarrera argia dela iruditzen zait jarrera abstentzionista.

    Abstentzio aktiboa eta horrelakoak eraldaketarako inutilidadearen praktika penagarria dela iruditzen zait baita ere.Ezer ere ez aldatzekoaren justifikazio antzua.Desesperantzaren indartzaileak.Delakoa.

    Insubordinazioaren kontu hori nik ez dut ikusten gertatzen denik, bai aldiz praktika marginalista antzuen exenplu batzuk herri mugimenduaren( independientea omen den) izenean egindakoak edo eta sindikalgintzatik edo eta teorian langile mugimendu omen denaren izenean eskubia nabarmenki indartuaz,etabar .