Ezinbertzekoak

Ezinbertzekoak –

Ezinbertzekoak

Ez naiz ezinbertzeko langilea. Eta, nirekin batera, Nafarroako Hizkuntza Eskoletako gainerako langileak ere ez dira ezinbertzekoak. Aurten bederen. Iazko maiatzean bai baitzen ezinbertzekoa gure azterketak egitea. Guti da ezinbertzekoa erratea: nahitaezkoa, hil edo bizikoa. Preziso egin behar izan genituen azterketak, bertzenaz eguzkia itzaliko baitzen eta itsasoak idortuko. Hain preziso, hain nahitaezko, hain hil edo biziko, hain, hondarrean, ezinbertzeko, ezen Carlos Gimeno diotenez Hezkuntza Kontseilaria egiarekin ekonomikoa izan baitzen prentsan emandako elkarrizketa batean, guri presioa sartzeko asmoz.

Aurten, ordea –errana dut arestian– ezinbertzekoak ez izatera itzuli gara. Nahiz eta azterketak berdin-berdin egin behar ditugun; nahiz eta 800 ikasle pasatu diren, adibidez, Euskara Departamentutik. Hain ez ezinbertzekoak gara, ezen zuzentzeko astirik ere ez diguten utzi behar. Non eta Hezkuntza Departamentuan ez baitakite matematikan eta, ondorioz, ez dakite kalkulatzen hainbat azterketa zuzentzeko zenbat irakasle eta zenbat egun behar diren.

Gu azaltzen saiatu gara –txostengintzan iaioak gara, urteak dira-eta maiatz-ekainean problema bera izaten dugula–, baina aditzen ere ez dakite. Ez dute sosik gastatu nahi eta ez dute problemarik entzun edota konpondu nahi. Ororen gainetik, kudeatzaile zorrotzak izan nahi dute, langileak estutzen dakitenetarik, gobernua aldatzen delarik ere agintari berriek pentsa dezaten ezinbertzekoak direla. Gu ez bezala.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko apirilaren 19koa]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.