Ez lanik bilatu

Izenburu hori dauka ahoz aho eta txioz txio dabilen Risto Mejideren azken artikuluak, “no busques trabajo”.

Titulua irakurriaz batera mina sentitu dut sabelean, altuera handi batetik behekoari begiratuaz sentitzen den antzeko sentsazioa, denbora luzean zerbaitetan sinetsi eta gezurra dela ohartzean sentitzen den zaplaztekoa. Burbuila ziztatu dit Ristok.

Artikulua irakurtzen hasi orduko nire burua martxan jarri da, esaldi horrek eragin dionaz jabetu nahian. Orain arte hodei batean ez ote naizen bizi pentsatu dut, edo piruletaren munduan agian? Edota optimistegia al naiz, bada?

Noraezean

Betidanik sinetsi izan dut nigan, badakit zertarako gai naizen eta zertarako ez. Jakin badakit, ordea, egiten dudana hobeto egin nezakeela, eta horretan dihardut beti, aurrera pausuak emanaz nire ezagutzak garatzen. Eta bitartean zer? Beste askoren modura kurrikulumak bidaltzen hara eta hona, elkarrizketak han eta hemen, baina oraindik ez dut lan kontraturik izan. Bai, ongi irakurri duzu, 26 urte egiteko eta lan kontraturik izan gabe. Ez dut sekula kotizatu, ez dut inoiz ere 600 eurotik gorako bekarik izan, inoiz ez. “Mileurista” naizenean txoratu egingo naiz!

Batzuk ze lan eskaintzetara aurkezten naizen pentsatuko duzue, gehiegi aspiratzen dudalakoan behar bada. Edonora eta edozertarako bidaltzen ditut kurrikulumak baina; haurrak zaindu, klaseak eman, garbiketak egin, harreragile lanetarako, dendari, zerbitzari…a! Eta kazetaritza edota komunikazio alorreko eskaintzetan ere ematen dut izena, kazetaria naiz eta! -barkatu, batzuetan ahaztu egiten zait…-.

Orain pare bat aste, SMS bat iritsi zitzaidan Lanbidetik. Nire profileko lan eskaintza batetan hautagaitzat sartu nindutela jakinarazi zidaten, alemaniera-gaztelera eta alderantzizko itzulpenak egiteko. Nik ez dakit alemaniera. Deitu egin nuen eta akats bat izango zela adierazi ostean beste bi aldiz bidali didate lan eskaintza bera –esan beharra dut, baita ere, muxu truk eskaintzen dituzten hainbat ikastarotan eman dudala izena, eta hauek ordainpeko ikastaroen zerrendekin erantzun-. Ze zerbitzu eskaintzen du beraz? Norbaitek ba al daki?

Duela aste bete, eraikin publikoetan harreragilea izateko lan eskaintza batean eman nuen izena, handik gutxira deitu zidaten Implika-tik. Han joan nintzen pozik, esperantzaz beterik. Harreragile izan ahal izateko formazioa eskaintzen dutela aipatu zidaten, eta ni izateagatik eskaintza bereziak egin. Formazio zentro bat zen, Infojobsen lan eskaintza faltsuak jartzen dituztela irakurri nuen foro batean –beranduegi agian-, elkarrizketak kontzertatu eta ikastaroez hitz egiteko.

Gaur bertan Novia Salcedotik hots egin didate -urte beteko beka bat burutu nuen fundazio honen bidez-, beka bat eskaini nahi zidaten, eta pozarren jarri naiz. Baina nire kurrikuluma begiratzean iadanik beraien beka bat jasoa nuela konturatu dira, eta ezin didatela beste bat eman azaldu. Baina kanpoan praktikak egiteko aukera izan nezakeela esan didate jarraian, zur eta lur geratu dira nire ezezkoa entzutean. Atzerrira joan eta gainera irabaziak baino gastu gehiago izan? Zer ez dute ulertu?

Gertaera hauek jasan arren ez dut inoiz etsi, baina gertatutakoei buelta gehiegi eman izan banio etsirik nengoke jada.

Kazetaritza hasi eta lehen urtean hitz egin ziguten etorkizunean izango genuen langabeziaz, eta bide batez, zerbaitetan espezializatzeko gomendatu. Klasekide batzuk gomendioa eutsi eta kasu egin genion. Batzuk argazkilaritzan espezializatu ziren, beste batzuk gidoigintzan, ni sare sozialetan eta hauen bidez egin daitezkeen gauza ezberdinetan espezializatu nintzen, hainbeste aldiz entzuten den Social Median. Orain web orriak diseinatzen ikasten ari naiz -mugitzen den harriak goroldiorik ez-.

Baina irakurri eta denerako gogoak kendu zaizkit, lana bilatzen jarraitzekoak, ikastekoak, nigan sinestekoak…Badirudi egiten dudan ezertxok ere ez duela balio, dirua eta denbora xahutzen ari garela ni bezala gaudenok.

Artikulua irakurtzen jarraitu eta etorritako burutazio asko errepikatzen direla ohartu naiz. Dirua eta denbora alperrik ez gastatzeko dio Risto jaunak, inork ez dela gutaz arduratzen eta abar luze bat. Ondoren, ekintzailetasunaz hizketan hasten da, ase gabeko merkatu bat bilatu eta norbere enpresa sortzean. Lana bilatzean pentsatu beharrean norbere gaitasunetan pentsatzeko eta horiei zukua ateratzeko. Ez dela erraza, zaila dela oso. Arrazoirik ez zaio falta.

Beka bukatu bezain pronto nire kaxa lan egitea otu zitzaidan, erraza balitz bezala saltzen zuten beraz informazioa jasotzea erabaki nuen enpresa bat sortzeko asmotan, baina ezer ere ez, zoritxarrez dirua behar da denerako, eta gutxi dira laguntzak horien atzetik gabiltzan guztiontzako. Hala ere, social media zerbitzuak eskaintzen nabil oihuka –eta txioka-, baina iristen zaizkidan email apurrak doako aholku eske izaten dira.

Ingurura begiratu eta ezin naizela kexatu pentsatzen dut ordea, nahiz eta diru sarrerarik ez izan gurasoen sostengua dut eta. Baina itxaropena galtzear dut alajaina, etorkizunik gabeko etorkizuna baikara asko eta asko momentu honetan.

Honatx Risto Mejideren artikulua: No Busques Trabajo

 

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara