Ez gara Baskoak, Euskaldunak baizik
Ez gara Baskoak, Euskaldunak baizik –
Linguizidio eta kolonizazio luze baten ondorioz Euskal Herriko nortasun nazionala nabarmen ahuldu da azken 150 urteotan, eta asimilazioaren malda bortitzean irristatzen ari gara harrezkero. Oso bestelakoa zen gure egoera 1843an, Victor Hugo idazle frantziarrak bisitatu gintuenean: “Baina Espainian ote naiz? Ozta izan liteke inor espainiarra Donostian, euskaldunak dira denak. Gipuzkoa da hau, foruen herri zaharra, euskal probintzia libre zaharrak. Ongi da gaztelera apur bat hitz egitea, baina euskaraz hitz egiten da hemen bereziki”. Eta Pasaian zegoela, hau ere erantsi zuen: “Hemen euskaldun jaio, euskaraz hitz egin, euskaraz bizi eta euskaraz hiltzen da. Euskara aberria da hemen, erlijioa, esango nuke. Esaiozu euskarazko hitz bat baserritarrari mendian; hitz horren aurretik, doi zinen gizon bat harentzat; hitza esandakoan, anaia zaitu. Espainiera arrotza da hemen, frantsesa bezala”.
Globalizazio basatiaren ondorioz eta bi estatu zapaltzaileek ezartzen diguten diskurtso politiko maltzurraren ondorioz, gero eta zailagoa da gure artean identitateaz mintzatzea. Eta Victor Hugoren garaiko euskaldunek garbi zeukatena, gaur egungo euskaldunok modu lausoagoan ikusten dugu. Zein da gure identitatea? Bada garaia gure euskalduntasuna konplexurik gabe aldarrikatzeko, eta ozen esateko: gu ez gara “baskoak” edo “nabarroak”, euskaldunak baizik. Hizkuntzak norbanako identitatea eta identitate kolektiboa ematen dizkigulako, mundua ikusteko modu berezia. Hizkuntzak gure pentsamoldea moldatzen du. Hizkuntzak egiten gaitu euskaldun.
Sabin Aranaren garaietatik abertzaletasunaren diskurtsoak, salbuespenak salbuespen, baskoa eta euskalduna nahasi ditu. Horrek agerian jartzen du abertzaletasun hark ez zuela euskaraz hitz egiten, ez zuela euskaraz pentsatzen. Aranak zioen: “euskal herritarrok ez gara espainiarrak edo frantziarrak, euskal herritarrak baizik” (“los vascos no somos españoles ni franceses, somos vascos”, idatzi zuen erdaraz). Guk esaten dugu: euskaldunok ez gara baskoak edo nabarroak, euskaldunak baizik. Euskara da gure aberria, Euskararen Herrian bizi garelako.
Ondo baino hobeto zekiten gure arbasoek zertan zetzan beren identitatea, zein zen beren nortasunaren muina. Euskaldunak ziren. Gaur, hau korapilatu egin da, gure terminologia oso argia izan arren. Izan ere, gertuko beste hizkuntza batzuetan ez dira bereizten jentilizioaren eta hiztunaren izenak: esaterako, “espainola” esaten dugunean ez ditugu bereizten hiztuna eta biztanlea. Berdin “katalana”, “frantsesa”, “galiziarra” edo “korsikarra” esaten dugunean (“español”, “català”, “français”, “galego” edo “corsu”, bertako hizkuntzetan). Euskaraz, aldiz, bereizketa begi-bistakoa da: identitatea hizkuntzarekin lotzen baita, ez jaiolekuarekin edo bizitokiarekin.
Inperialistek ezartzen diguten terminologia ez dugu ontzat jo behar, ezin dugu hori gureganatu. “Vasco” espainiartasunaren barruko azpikategoria da, “castellano”, “andaluz” edo “aragonés” bezalakoa. “Euskalduna”, aldiz, Espainiako zein Frantziako erreferentzia-markoa gainditzen duen kontzeptu etnolinguistikoa da. Geurea.
Komunitate nazional normalizatu batean ez dago identitate bikoitza duen gizabanakorik. Horrenbestez, gurean ezinezkoa izan beharko luke baskoa eta euskalduna izatea, baldintza normaletan. Menderatzen gaituztenek sinetsarazi nahi digute bi kontzeptu horiek baliokide eta sinonimoak direla, identitate bikoitza dugula. Eta gutako batzuek sinistu. Esanguratsua Joseba Egibar buruzagi jeltzaleari arestian gertatu zitzaiona, Donostiako ekitaldi batean “euskara da euskaldun egiten gaituena” esan zuenean. Begi-bistakoa dena eta denok dakiguna, modu traketsean itzuli zuten EAJko prentsa arduradunek, erdal komunikabideei igorritako ohar ofizialean: “el euskera es lo que nos hace vascos”. Hautsak harrotu zituen giro unionista espainoletan itzulpen kaskar horrek, gure pentsamolde nazionalaren endekapena argi islatzen duena. Horiek dira oinarrizko kontzeptuak garbi ez edukitzearen ondorio deitoragarriak.
Guk argi dugu: nazio euskaldunaren identitatea hizkuntzan datza. Eta nazio politikoa, lortu nahi dugun Euskal Errepublika, nazio linguistiko eta kulturalean oinarrituta eraiki behar dugu. Guztiz bat gatoz Joxe Manuel Odriozolaren irizpidearekin: “burujabetza politikorik ezin da eraiki herritarren borondate abstraktuaren gainean. Nazio etno- kulturalaren matrizea behar du ezinbestez proiektu politikoaren ernamuinak, bestela ezin delako erne eta hazi”. Nazio euskalduna aintzat hartzen ez duen egitasmo politiko abertzalea, hizkuntzaren ordez beste elementu batzuk bere formulazio politikoaren oinarrian jartzen dituena, iruzur hutsa da, hizkuntza baita Herri baten egite kolektibo nagusia eta nazio zapaldu baten tresnarik eraginkorrena bere asimilazioa saihesteko.
Ez gara Baskoak, Euskaldunak baizik
Ni baskoa naiz (edo/ere Euskoa) baita ere euskalduna.
Egon badaude baskoak ez diren euskaldunak.
Hizkuntza da euskal identitatearen ezaugarri nagusia, baina ez bakarra.
Nork dio hizkuntza frantsesak egiten dituela frantsezak (gentilozioa)? Eta alderantziz bada?
Naziogintzataldea eskertzen dut artikulu honetarako. Batez ere azken Odriozolaren aipamena daukan paragraforako.
Horretaz konbentzitua izan gabe ezin dugu egiazko diagnostikorik ere egin eta ondorioz ez estrategiarik ezta helbururik ere definitu.
Nola honetaz ari garen, baita ere Euskalduna ez da baskoa, ez vascuencea ezta euskara ere. Baita Euskalduna ere izan liteke. Edo agian, auskalo, baskoa eta euskara bi hizkuntza diferente dira. Horixe da, oraintxe Jan dut, baskoek baskoeraz hitz egiten dute eta euskaldunek euskaraz. Eta galdera bat, inportantzia apartekorik ez duena: Inork lor lezake espainiar nazionalitatea, edo frantsesa, espainiera edo frantsesa jakin gabe?
Beñat. Estrategiak berdin berdin garatu daitezke.
Goazen ongi zehazten kontzeptuak, ez dugu behar etsai gehiagorik. Nagore. 3 miloe bizi gara ggb gure lur eremuetan. Guztiei hurbiltzeko asmoa duzu ala gutxi batzuei eskas?
Beste gauza da, hona datozen etorkinak, zer mínimo jakin behar luketen: hizkuntza, identitateaz, historia….Eta hor bai izan beharko ginatekela zorrotzagoak.
Iñaki. Hurbiltzearen garranzia ukatu gabe, kontu handiz egin beharreko gauza da, ez dadin gerta, konturatzerako, haiek heurenganatu gaituztela, guk haiek geureganatu beharrean.
Iñaki erran nahi nuena da Iparraldean gaurko egunean, euskal populu tipiarentzat, hizkuntzaren eta identitatearen biziraupena dela arazo politiko bakarra. Kanpotik etorritako so egile inpartzial eta objektibo batek konfirmatuko luke biak galera bizian direla eta arrazoi bakar bat emaitekotan arrotzen inbasio erraldoia populu eraldaketa bat eragiten duena gure begien aurrean.
Baina zergatik, bada, Ipar edo Hegoko alderdi abertzaleleek ez dute ezer erraiten katastrofe horretaz edo berdin erranen dute gauzak lehen baino hobeki doazela, elkargoa edo nik dakitarengatik?
Erantzuna argia da: Diagnostikoa egiterakoan ez dutelako hizkuntza eta identitatea erdigunean jartzen beraiei interesatzen zaizkien porroska politiko batzu baizik.
Espero dut aldi honetan aurrekoan baino argiago mintzatu naizela.
Euskaldunon kasua nahiko konplexua da gure kontextuak markatzen dituen erritmo eta betebehar demokratikoengatik.
Identitateak ezin dira baztertzaileak izan, dioskute, horregatik LABentzat Euskal Herritarra euskal herrian lan egin eta bizi dena da. Definizio malgu horiek akumulazio politikorako bide trakets bat dira, hor “langile” “abertzale”ren aurretik ezartzen den zerbait da.
Gero, haien burua komunitate imaginarioaren parte hartzen dutenak ditugu, independentistak eta vasco vascoak, baina euskaraz ez dutenak ikasi eta jadanik, seguruenik, ikasteko borondaterik jarriko ez dutenak (periferian oso ohikoa den abertzale profila).
Bestetik, euskaldunak izan baina mundu ikuskera arrotz bat daukatenak ditugu. Euskaraz egin dezaketenak eta egin ohi dutenak, baina haien baitako bakarrizketa erdaraz egiten dutenak.
Sinboloei atxikitzen direnak ditugu ere, haien euskal(dun)tasuna konotazioen bidez bizi dutenak: arrano beltz, karbunkulu, lauburu, mendizaletasun eta mitologia ipuinei atxikia.
Bestetik, maximalistak ditugu, etnizismo gogorrenari lotuak, 8 euskal abizen rh- eta baserridunak (eta euskara aldaera baten hiztun garbiak).
Euskalduntasuna ulertzeko bide asko daudela ezin daiteke ukatu eta hizkuntzarena hor dugu baita ere, baina hizkuntza batek ez du nazio egiten, nazioa egiteko lotura erreal eta imaginarioak behar dira, sinboloak, harreman ekonomikoak, psikologia eta mundu ikuskera bat… Commonwealtheko nazioak ez dira guztiak ingelesak ingelesez egin arren, Portugal eta Brasil ez dira gauza bera, edo Espainia edo latinoamerikako herri hispanohiztunak.
Euskaldunak ez gara gure ingurukoenganako paraleloan bizi, ensanblatutik baizik. Gure komunitatea ez da komunitate itxi bat, irekia da (irekiegia batzuetan) eta asmatu beharko dugu nola egin gure bidea besteak gorabehera. Eskema geografikoak ez digu jadanik balio, arrotzez guztiz infiltraturik bait dago eta bere integritatea mantentzea ezinezkoa delako, ez dugu Estaturik ezta gure hondasun komunak eta baliabideak gure interesen arabera kudeatzeko modurik. Beti gabiltza besteak gurera nola hurbildu ditzakegun pentsatzen baina ez dugu gure baitako integrazio eta kalitatea hobetzeko biderik bilatzen.
Komunitatea behar da nazioa egiteko. Ezin dezakegu jendea ea nola kristo integratuko dugun pentsatu gurea dena nola mantendu asmatzen ez dugunean
Ni ados naiz zure diagnostikoarekin, balio du bederen ene eskualderako.eta asko gehiagorako ere ez banaiz oker.
Urrengo galdera da nolako komunitatea eraiki? antizipatu gabe ea hori gauzatzeko adorea eta energia izango ginituzkeen, Galdera horrek asko paralisa gintuzkeelako eta
Egun on, Benat.
Bota duzun galdera oso konplikatua egiten zait erantzuten edota asmatzen. Badakigu bide horretan beti izango direla baitako desadostasunak euskal jendartea anitza delako. Mondialistak eta antoglobalistak; komunistak eta kapitalistak; kristau, pagano eta ateo; feministak eta aurkakoak; ekologistak eta produktibistak… Orduan, euskal jendarte osoa batzen duen komunitate bat eraikitzea oso zaila da, zergatik? aipatutako borroken alde euskal nazioaren borroka baztertzen delako, borroka internazionalistak priorizatu egiten dira bestearen kaltetan eta borroka horietan euskaltasuna ez dago pisusko aldagai izateko aski filtraturik. Indar mugatu bat daukagu eta indar hori guztiz dispertsoa da.
Gure alderdiek, noski, ez dute batere laguntzen, guztiak bait daude sistema politiko formalean botere kuotak lortu nahian, beste guztia gorabehera. Pauso adoretsurik ez da ematen, oreka politikoa hausteko beldurrez edo bezeroak galtzeko beldurrez.
Komunitatea tokian eraikitzen da eta tokiko ekintzen bitartez, eta gero, komunitate horren saretzeari esker egiten da nazioa nazio. Baina komunitate hori eraikitzeko euskaltasuna erdigunean jarri behar da eta aipatutako faktore material zein psikologikoak landu. Komunitate batek bere elkartasun sareak behar ditu, bere oinarri ekonomikoa, bere pentsamendu batasuna eta etorkizunerako proiekzio bat. Proiektu barik ezin dezakegu ezer egin eta bada garaia EUSKAL ESTRATEGIA bat lantzekoa.
Horretarako, noski, oinarri bat beharrezkoa da. Saiatzen nabil, naiz eta lortutako fruituak eskasak izan, balio duen jendearekin hitz egiten, iruditzen zaidalako hori dela geroz eta gutxiago egiten duguna, gure ingurukoekin hitz egitea eta gure kezkak azaleratzea. Susmoa daukat leku askotan euskaltasunaren afera nolabaiteko “isiltasunaren espiralean” jausten ari dela, horrek dakarren ezinegon psikologiko, amore emate eta etsipenarekin. Apustu gutxi egiten ditugu gure eguneroko bizitzan eta hori aldatzeko garaia dela uste dut nik. Zer lortu genezake baldin eta gutako bakoitza ekintzara salto eginez bere inguruko beste bat engaiatuko balu? Eta bigarren horrek beste bat engaiatuko balu? Konfidantza sareak ez ditugu erabiltzen, ez dugu hurkoa interpelatzen, ez dugu proiektu txikirik lantzen (proiektu handien aurrekari direnak). Gure ESTRATEGIA berritzailea izan behar da, eta komunitarioa. Gizarte zibil indibidualistaren esparrutik hasita ez goaz inora, familia, lagunak eta bikotekideak dira errazen konkistatuko ditugunak, haiekin konfidantza eta konpromezu loturak ditugulako.
Hortik hasi behar gara, bai. Zelulak antolatu behar dira, independenteak baina organismo oso bat osatzen dutenak eta euskaltasunaren defentsa oinarri izango dutenak.
Nik uste, beraz, nolako komunitatea eraiki behar dugun pentsatu ordez komunitate antolaturen bat eraiki behar dela, inperfektua izan arren (errealitatean beti izango da inperfektua, baina gure bitartez, agian, ez da hain inperfektua izango).
Denbora gabe gelditu naiz eta ez dut uste gaiaren muina nahikoa ukitu dudanik, beraz, dialektikan konpondu ditzagula zalantza guztiak.
Ondo izan.
Beti ados naiz, EBZ jauna.
“Gure ESTRATEGIA berritzailea izan behar da, eta komunitarioa”
“…aipatutako borroken alde euskal nazioaren borroka baztertzen delako, borroka internazionalistak priorizatu egiten dira bestearen kaltetan”
Esan ditutzun honako zure bi esaldi hauek azpimarratu nahi nituzke zeren iduritzen baitzait gure estrategiaren zailatasunetariko bat ongi laburbil lezaketeela.
Izan ere euskal nazioaren borroka zentroan jarri behar dugu baina, estrategia berritzailea nahi badugu, guk ere ezin dugu ez- ikusiarena egin beste borroka guzien aurrean, haiek baztertu, edo hauen kontuan hartzea gerorako utzi, hau da gure estatua edukiko dugunerako. Postura hau ez litzateke berritzailea suizidarioa baizik. Ez dut erraiten erraza izanen denik eramatea orobat euskaltasunaren defentsarako borroka eta beste guziak, ardatzaren posizioa lehenari mantenduz.
Baina iduritzen zait beste hauturik ez daukagula.
Nunbait elkar kurutzatuko garelakoan
Besteen artean, adibide sinple bat emaiteko, denok, zuk lehenik, dakigu arrazoi ebidendentzat, estrategia berritzaile eta komunitarioak ez lukeela zentzurik ere gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alderako engaiamendu seriorik gabe.
Erraz azaltzeko, Benat, iruditzen zait, borroka batzuk aurkezterako orduan euskaltasuna borroka horien faktore izan daitekeen zerbaiten moduan aurkezten dela. Esaterako, ni langilea naiz, baina euskalduna baita; ni emakumea naiz, baina euskalduna baita; ni gazte prekarioa naiz, baina euskalduna baita… Agian pentsatu beharko genuke gu guztiok euskaldunak garela eta, komunitate moduan, gure kideek pairatzen dituzten zapalkuntzen kontzientzia daukagula, hau da, horiek euskaldunen arazoak direla baita ere komunitate gisara, eta ez arazo horien subjektuak euskaltasunez, espainoltasunez edo frantzestasunez zipriztindutako subjektuak.
Honekin esan nahi dudana zera da, subjektuaren definizioan aurkitzen dela arazoa batez ere. Marxistek esango luketen moduan, non dagoen kontraesan nagusia. Subjektu politikoak errealitate sozioekonomikoak eraikitzen dituen modu berean subjektu politikoak konpondu nahi den konfliktuaren arabera eraiki daitezke, eta gure afera politikoa euskal komunitatearen biziraupen eta indartzearena dela erabakitzen badugu orduan zalantza barik EUSKAL SUBJEKTUA da eraiki beharrekoa, euskal subjektu horretan sartzen direnen arazoak kontuan hartuz.
Euskal Subjektu horrek lehenbizi euskal kontzientziaren lantzea eskatzen du, gauden egoeran gure lan politikoaren muina izan behar dena.
Ematen duzun adibidea, esaterako, ez da berez sinpleena egun mugimenduan dauden tira-birak direla eta, baina ados nago.
Ziur nonbait elkar gurutzatuko garela. Ondo izan.
Zure azken iruzkinean gorde nahi dut batez ere :
« Agian pentsatu beharko genuke gu guztiok euskaldunak garela eta, komunitate moduan, gure kideek pairatzen dituzten zapalkuntzen kontzientzia daukagula, hau da, horiek euskaldunen arazoak direla baita ere komunitate gisara… »
Izan ere euskal emakumeak eta euskal langileak, batzuk bederen, ez badira horretaz konbentzituak akabo euskal komunitatea!
Izan ere nola serio esan euskal feminista serio bati bere arazo nausia bere identitatearen defentsa dela ez eta bere generoaren defentsa ? Nork daki ? Nik beti ez, baina berak ere ba ote daki ? Biziki subjektiboa da.
Nola serio esan euskal industriako peon serio bati bere arazo nausia bere identitatearen defentsa dela ez eta bere klasearen defentsa ? Nork daki ? Nik beti ez, baina berak ere ba ote daki? Biziki subjektiboa da. Ni behintzat 25 urtetan lanak gehiago kezkatzen ninduen idetitateak baino.
Erran ahal diegua bati nola besteari : « arazo horiek kontraesan nausiari ez dagozkio, gerorako utz ezazkitzu, arazo horietaz arduratuko gara euskal komuninatea bersortu (edo independentzia lortu) eta gero ?
Ez ez du merezi erraitea ere, ez gintuzketelako sinetsiko eta ez behar ere !
Alta langilerik gabe euskal komunitatea gosez hilen da sortu baino lehen eta emakumerik gabe ez da sortuko ere !
Beraz ez da dudarik euskaltasuna ardatz behar dugula bai baina ardatz hori biziki fin pentsatu behar da !
Beste gogoetagai bat daukat : ene inguruan, ikusten dutanez, gazteria gehienak fobia asko eta desio asko– askatasun total bat batez ere– adierazten ditu baina momentuz kontraesan edo arazo nausirik ez dut argi sumatzen.
Ondoko aldi artio