Ez dugu ulertzen

Lagun baten amonak ez zuen inoiz telebista ulertu. Seme-alabaren batek piztu orduko paretik aldentzen zen eta igandeetarako arropak jantzi arte, ezpainak karminez pintatuta eta ilea tajuz jasota eduki arte ez zen bere aurrera itzultzen. Sofan eseri aurretik kuxinak atontzen zituen, mahaiari distira ateratzen zion eta bertan zeuden trasteak telebistako gizon-emakumeek ez ikusteko moduan apartatzen zituen. Orduan bai, sofan jartzen zen, eta ez edozein gisara gainera, baizik eta medikuaren edota alkate jaunaren aurrean balego bezala: hankak estu, bizkarra zuzen, kokotsa beheititurik. Etxekoren bat pijaman inguratuz gero errieta egingo zion eta zer esanik ez norbait mantan bilduta sofak irentsita aurkituz gero. Ez zegoen senila, ezta burua galduta ere, baina egunero itzultzen zizkion Maddalen Iriarteri egun onak.

Ez nuke esango amonaren hurrengo belaunaldiak, gure aita-amenak, aparailua hobeto ulertu zuenik: gurasoei etxe berria erakutsi genienean jabetu nintzen. Argitsua eta sendoa, zabala eta xarmanta, ongi kokatua eta bikain apaindua egoteari ez zioten nahikoa iritzi eta muturra uzkurtuta egin zuten ibilbidea. Hormen koloreagatik, argazkietako biluziengatik ala haiek oparitutako Lladró figuren ausentziagatik ote zen nerabilen buruan, aitak isiltasuna apurtu zuen arte: “Etxea ondo dago, baina ez zait ongi iruditzen telebista etxeko gelarik txikienean jarri izana. Aberrazio bat da”. Aldrebeskeria zen, lotsagabekeria zen, alabaren disfuntzio bat gehiago zen.

Eta zer esan gure belaunaldiari buruz, batzuek amaren partez Telefunken bat izan dutenean… Eta hala ere, oraindik, ulertu gabe jarraitzen dugu. Neurologoek diotenez, gizon-emakumeen garuna ez da gai benetan ezagutzen ditugun pertsonen eta telebistatik ezagutzen ditugunen arteko bereizketa egiteko. Ondorioz, etxekotasun handiz hitz egin dezakegu Alaska eta Mariori buruz, baita haiekiko sentimendu sakonak sentitu ere. Guardiolarekin elkarrizketa imaginarioak edukitzeak, Pep senarra edo emaztea baino gehiago maitatzeak azalpen neurologiko erraza dauka. Zenbat eta gehiagotan ikusi pantailan orduan eta handiagoa haiekiko harremana, adiskidetasuna. Ez da jende xehearen kultura falta, ez da jende friboloak “benetako arazoei” iskin egiteko asmatutako trikimailua ere, ez. Ez zaitezte gaizki sentitu, ez zaitezte lotsatu: hipotalamoak du guztiaren errua.

Diotenez, telebistarik gabeko garaian okerragoa zen. Diotenez, afalostean bikotekidearekin hitz egin beharra zegoen.

2011-10-03

ALDAPEKO