Ez dugu kuartel berririk behar
Gastu sozial gehiago, gastu militar gutxiago: Ez dugu kuartel berririk behar –
Bake-Ekintza antimilitarista taldeak adierazten du Loiolako hipikaren lurretan kuartel berri bat eraikitzearen aurka dagoela.
Azken urteotan, behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu egungo kuartelaren lurretan hiriaren garapenak pairatzen zuen blokeoaren konponbidea ezin zela mugatu kuartel historiko baten edo armadarentzako kokaleku berri baten artean aukeratu beharraren dikotomiara: gastu militarra murriztea da giza eskubideen sakontzean eboluzionatu nahi duen gizarte baten benetako erronka, eta bide horretan ez da instalazio militar gehiagorik behar.
Orain arte Urumea ibarrean donostiarrek kultur, gizarte eta kirol ekipamenduez gozatu ahal izatea eragotzi duen beto militarra salatzen dugu. Entzungor egin zieten, bai intsumisioaren kanpainaren bidez soldaduskaren amaiera lortu zuen gizartearen aldarrikapenari, bai azken hamarkadetan 3 alderdi ezberdinetako 3 alkateren eskaerei, eta bapatean beto hori ia desegin da azukre koskor bat bezala Estatuko aurrekontuen negoziazioaren ondorioz: ez omen zegoen Donostian militarren beharrei erantzungo zien lursailik, baina Hipikarako planekin azkar zapuztu da kuartel berririk gabeko Donostiaren ametsa. Ezohiko egoera horrek hausnarketa eragin behar digu armadaren botereari eta gizartean eragiteko duen ahalmenari buruz, eta nabarmenago geratzen da benetako desmilitarizazioa lortzea gizarte mobilizazioaren esku dagoela.
Kasu honetan, kuartela errekaren beste aldera 500 metroko mugitzeak gastu militar handiagoa eta alferrikakoa ekarriko du, eskandalagarriagoa COVID19aren pandemiaren testuinguruan, non frogatu den behar dugun benetako segurtasuna ez dutela armadek eskaintzen, baizik eta ongi prestatutako eta indartutako baliabideek osasunaren, gizarte-zerbitzuen, hezkuntza publikoaren eta abarren arloetan. Bizi izan ditugun murrizketek eta egiturazko ahuleziak ez lirateke hainbestekoak izango gerrarako hainbeste baliabide bideratuko ez balira, eta kuartel berriaren proiektua zein 2021erako Estatuko aurrekontuen proposamena premisa berberetan irauteko bi adibide dira.
2018an, Defentsa Ministerioaren kalkuluen arabera, Loiolako kuarteletako lurrak utzi eta Zubieta ingurura eramateko Defentsa Ministerioak eskatutako hirigintza-operazioak 93,4 milioi euroko kostua izango luke (ideia bat egiteko, Osakidetzak 2016an 260 oheko ospitale bat eraikitzeak 60 milioi euroko kostua izan zuen eta haren ekipamenduak 18 milioi euro gehiago), eta, orain, 2020an, honako hau zehazten da: militarrei ordaindu beharreko lursaileko prezioa partzelak ematen dituen aprobetxamenduen araberakoa izango da. Zenbat kostatuko zaio Udalari egungo lurrak erostea? Udalerriak diru gehiago inbertitu beharko du kuartel berria eraikitzeko? Ez litzateke bidezkoa izango hirigintza-diseinu osoa armadak ezarritako baldintza ekonomikoak betetzera baldintzatuta egotea. Hori guztia dela eta, hirigintzako “pilotakada” horri buruzko auditoria publiko bat egitea eskatzen dugu, jakin badakigu lursailak Nekazaritza Ministerioarenak edo Osasun Ministerioarenak izanez gero prozesu hau ez litzatekeela denboran hainbeste luzatuko eta ez zela baldintza berberetan garatuko.
Loiolako zentzugabekeria ekonomikoa ez da kasu isolatua: Centre Delàsek egindako kalkuluen arabera, 2021erako Estatuko aurrekontu-proposamenean, 2020arekin alderatuta %6,3 handitzea aurreikusten da Defentsa Ministerioaren partida, eta gastu militarra guztira, Defentsa Ministeriotik kanpoko beste partida “armatu” batzuk gehituta, 21.618 milioi eurora iritsiko litzateke (NATOren gastua eta armamentu programa bereziak barne adibidez); hau da, BPGaren %1,8, estatuko herritar bakoitzeko 456 euro afera militarretarako.
Loiolako kuarteleko ametsgaizto luzea ezin da faltsuan itxi. Ez da kuartel berririk behar, benetan beharrezkoa dena giza segurtasunerako politika berri bat da, ez segurtasun militarra baizik eta herritarren ongizatean inbertituko duena, kuartel guzti-guztiak ixtea eta industria militarra produkzio zibileko helburuetara bideratzea ekarriko duena, bai eta gastu militarra gastu sozialera bideratzea ere. Argudio berberekin eskatzen dugu, hurrenez hurren, Lezoko eta Donostiako udal-titulartasunera itzul ditzatela Jaizkibel eta LoreToki naturguneak, gaur egun erabilera militarretara bideratuak daudenak. Beharrezkoa da gizarte-mobilizazioa lorpen sozial horiek guztiak lortzeko.