Ez ditugu espraiak entregatuko
Ez ditugu espraiak entregatuko
Laudio. Ia 20.000 biztanlerekin Arabako bigarren herri populatuena da, baina beti esan izan da soziologikoki “Bizkaia” dela, omen. Industria gune indartsua da, eta beste txoko ugarik bezala, gure herria goitik behera eta ezker eskuin zeharkatzen duen gatazka bizi du.
Laudioar batzuk beren bizitzak hobetzeko esparru ezberdinetan egiten duten lan; horietako bi dira Beñat Ereño (1990) eta Aitor Martinez (1988).
Abenduaren 16an Ertzaintza Martinez eta Ereñoren bila joan zen. Ereñori telefonoz deitu zioten: “Esan zidaten gurasoen etxean zeudela, eta zerbait gertatu zela. Larritu nintzen. ‘Zerbait gertatzen zaie gurasoei?’. ‘Delikatua da, hobe hona [gurasoen etxera] etortzen bazara, edo zuzenean ertzain etxera”. Martinezi etxera joan zitzaizkion bila, eta komisaldegira eraman zuten. Bakoitzari bere aldetik, “terrorismoari gorazarre” egitea egozten zietela esan zieten, azaroan margoketa batzuk agertu zirela. Ereñok hau zioen galdeketaz: “Argazki bat erakutsi zidaten. Bi pertsona ikusten ziren: atzealdetik, kaputxarekin, ilunpetan… Ez zen inor ezagutzen, eta ni baino altuagoak eta argalagoak ziren, gainera”.
Gazteek azaldu dutenez, biak ertzain etxera eramatea zen polizien xedea, auzitegietatik pasatu aurretiko deklarazio bat egiteko. Gertaerak aitortzen ez zituztela ikusita, beste batzuk salatzeko eskatu zieten ertzainek: “`Zu ez bazara, esan zein diren bi hauek’, esan zidaten. Nik ez nekien nor ziren. ‘Ba, ez baldin badakizu, esan bi izen, edo Madrilen bukatuko duzu bestela´”.
Martinez eta Ereño aurretik seinalatuta zeuden. Herri mugimenduetan arituak dira biak, eta beste auzi bat izan zuten aurretik, margoketengatik. Absolbituak izan baziren ere, Ertzaintzak hori erabili du froga moduan.
Maiatzaren 3an epaituko dituzte Ereño eta Martinez, non eta Entzutegi Nazionalean. Urtebeteko kartzela zigorra, 7 urteko erabateko gaitasun gabetzea eta 2.520 euroko isuna eskatu dizkie fiskaltzak, margoketa batzuk egitea egotzita.
Laudioko gazteak babesteko taldea sortu du herritar talde batek. Facebook orria ere egin dute. Bertan salatu dute muntaia polizialaren ondorioa dela epaiketa.Gainera, elkartasun taldeak jakinarazi du gazteek idazkera probak egin nahi zituztela erakusteko eurek ez direla margoketen egileak, baina epaitegiak ukatu egin duela.
Egun hauetan adierazpen arras esanguratsuak egin dituzte zenbait politikari espainiarrek, armagabetzea dela eta: “orain desarme ideologikoa egin behar dute”. Hori da kontua, hori izan da kontua beti. Margoketak egin zituzten ala ez gutxienekoa da poliziarentzat. Gure pentsamoldeari eta baloreei uko egin eta espraiak entregatzea da nahi dutena, horregatik joan behar dute Madrilera bi gazte hauek: ideia batzuk praktikan jarri eta herri mugimenduan aktibo izateagatik.
[…] ia urtebete idatzi nuen sarrera hau: “ez ditugu spraiak entregatuko“. Orduan Laudioko bi gazte espetxera joateko arriskuan zeuden margoketa batzuk zirela eta. Gaur […]