Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik
Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik –
Nork igarriko zukeen monarkiaren eta errepublikaren menpeko lorategi zelatatuenetan landatutako hosto iraunkorreko zuhaitz preziatuenak, hasi berri udaberriak hostoz gabetuko zituenik!
Arbola arraioak, artaldeari gerizpea eta babesa emateko aitzakian landatuak, baina egiari zor basoa ostendu eta eguzki-printzak ikustea ekiditeko ezarriak, gure etxaldeko ugazabandre eta ugazaba ororentzat totem bihurtu dira, salbuespenik gabe ezker-eskuin zeharka begiratuta ere.
Baina ustekabez, ikusezinezko etsaiak salbuespen gerla egoeran jarri gaitu, eta errealitatea gordinki azaldu da: aginte-katean, foru erkidegoa, autonomia erkidegoa eta elkargoa hutsaren hurrengo dira. Zuhaitz sendoak eta boteretsuak zirelakoan ezdeus direla argi ikustera, aitaren batean.
Osasun-krisialdiaren gestio militarrak, Euskal Herriak pairatzen duen okupazio-erregimena agerian utzi du, eta era berean, eusko jaurlaritza, foru gobernua eta euskal elkargoa botere politikotik zenbakaitz argi-urtetara daudela, baita ere. Hobeki esanda, gure lurraldean zapaltzaileek ezarritako menpeko administrazio sareak ezin duela Madrilgo eta Pariseko administraritzaren interes nagusien aurkako ezer erabaki, inperialisten menpeko administrazioak direlako, hain zuzen ere. Touché!
Euskal Herria alarma egoeran dago, zinez eta minez. Gure herriarentzat zapaltzaileek etxaldean sustraitutako sistema politikoak pandemikoak dira, eta munduan izurrite mota horri eraginkor aurre egiteko sendagai bakarra erresistentzia bada, istantean has gaitezen neurriak hartzen, demontre!
Erresistentziaren karietara, egoeraren larritasunak bultzatuta aberkide talde sutsu bat jo eta ke ari da gure herriko zapalkuntzari eta askabideari buruz herriz-herri ikastaroak antolatzen, eta Euskal Herriko bazter gordeenetara joateko grina helarazteko kanpaina abian jarri duenez, abegitasunez mezua hedatzea eskertuko lukeelakoan nago.
Bestalde, Aberri Egunaren harira, Euskal Erresistentziaren Aldeko Herri Ekimenak alderdi politikoetatik at “erresistentzia balkoitik baikoira” ekintza iragarri du, abertzale zintzo orori apirilaren 12an gure ikur nazionalak diren nafar bandera eta ikurriña batera etxeetan zintzilikatzeko gonbita eginez. Bejondeiela!
Agurtu aurretik, Euskal Herriaren independentzia lehentasunezko helburu dugunontzat hashtag iradokitzaile bat: #desikasi.
.
Iñigo Gallartzagoitia Zorrotzua
Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik
Oasia: Herri honetan gauzak argi dituen pertsonak badaudela ikustea.
Eskerrik asko Orreaga.
Hasteko, artikulu honen izenburua “erderakada” bat da.
Nola adierazi behar da hori euskaraz?
ONEZ HELDU DEN GAITZIK EZ
Arran, sustut ez!
zuk diozuna ez baita batere argi.
Aldiz Iñigorena argia da eta euskararen aldetik erabat egokia.
Gauza bera esaten dela erdaraz?
Posible da zeren eta ideia hori ezaguna baita mundu guzian eta hizkuntza guzietan eta ez baita manera asko erraiteko.
Aldiz ideia hori gaitz konkretu honetan garatzeko eta ekintz kokretuetan bihurtzeko konplikatuagoa da.
Zer deritzotzu zuri Arran?.
“ekintza konkretuetan” erran nahi nuen
Uste dut aurreregi mintzatu zarela, Arran. Gotzon Garate handiaren “Atsotitzak” liburu ezin ederragoan ageri da, bederen, atsotitz hori (“ez da gaitzik, onik ez dakarrenik”). Idiazabalen (Aitzeder baserrian) eta Goizuetan (Errero eta Tobeneko Bordan) jaso zuen.
Eta zer diren gero gauzak: zuk proposatu duzuna, hain zuzen ere, kontrakoa esateko da, gaitz onik ez dagoela esateko. Alegia, edo ez duzu ulertu izenburua, edo ez duzu ulertu zuk zeuk proposatu duzun atsotitza.
Amaitzeko, harira: oso ona, Iñigo, idatzia. Zorionak zuri eta Orreagakoei. Bikain ari zarete. Eutsi gogor.