Euskotrenen ere zerbitzua euskaraz jasotzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidea defendatu dugu
Euskotrenen ere zerbitzua euskaraz –
Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan UGT sindikatuak euskarazko hizkuntza eskakizunen aurka jarritako salaketa deitoratu dugu Bilboko epaitegiaren aurrean eginiko mobilizazioaren bidez. Orain, epaitegi barruko saioa amaitu den honetan, zer gertatuko den ezin jakin arren, sindikatuak egindako defentsa irmoarekin pozik eta itxaropentsu gaude, egindako lanak emaitza onak ekarriko dituela uste dugu.
Euskotreneko LABen sail sindikalak atsekabez eta arduraz jaso zuen egonkortze prozesuaren baitan esleituko diren lanpostuetan euskara eskakizuna baliogabetzeko eskatuz UGT sail sindikalak sartutako salaketaren berria. Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok gure herrian bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko jasaten ari garen erasoak. Euskararen aurkako oldarraldiaren baitan kokatzen dugun eraso berri honek, denboran hainbat hamarkada atzera egin eta euskararen normalizazio prozesuan azkenengo urtetan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu.
Gizartean euskararen ezagutza orokortzen ez den bitartean, hizkuntza-eskakizunen bitartez jarraitu beharko dugu euskararen ezagutza bermatzen. Hizkuntza-eskakizun hau baliogabetzearen ondorioak larriak izango liratekeela ziurra da, Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hikuntza-eskubideak urratzeko ateak parez pare zabalduko lirateke eta.
Nabaria da, beraz, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean, UGT bezalako sindikatu espainolistek euskararen aurkako erasoak normalizatzeko erabakia hartu dutela. Egoera honen aurrean, justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraitzeko asmoa daukagu, politika horiek izan direlako bere hizkuntzaren alde borrokan ibilbide luzea egin duen euskal komunitate sendo eta indartsu bat izatera eraman gaituztenak.