Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan baldintzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen du
Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan baldintzak negoziatzeari uko –
…
ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek salatu dute Madrilek soldata eta enplegua negoziatzeko ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko.
ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuaren aurrean, Sektore Publikoaren Mahai Orokorraren bilera hasi aurretik. Mahai hori ez zen joan den azarotik egiten, sindikatuek deialdi berriei buruzko eskaerak egin arren. ELAk eta LABek (Mahaiko kideak dira) Eusko Jaurlaritzari eskatu diote jarrera autoritarioa alda dezala eta langileek greba eta mobilizazioen bidez eginiko eskaerei erantzun diezaiela.
Sektore publikoaren aldarrikapen nagusia da lan baldintzak eta enplegua EAEren esparruan erabaki ahal izatea. ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote gai hauek jorratzeko eta gai ordenean sartzeko: Sektore bakoitzean erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerak adostea; behin behineko milaka langile egonkortzea (behin-behinekotasuna % 8tik behera kokatu arte); plantillak gaztetzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; lan osasuna bultzatzea; euskalduntzeko plan eraginkorrak adostea, bai eta berdintasun politikak ezartzea ere.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, uko egin dio eskaerak aintzat hartzeari, argudiatuz Madrilek ezartzen dituen mugek ez dutela horretarako aukerarik ematen. Sindikatuen arabera, berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza espainiar Estatuak ezartzen dituen politiken menpe dagoela. Hala ere, gogorarazi dute muga horiek ez dutela eragotzi Ertzaintzan soldata igoerak sinatzea. Horrek erakusten du Madrilek ezarritako mugak aitzakia direla EAEn murrizketak aplikatzeko, eta borondate politiko kontua dela Sektore Publikoaren baldintzak hobetzea, salatu dutenez. Jaurlaritzak aurrez gai zerrendan sartutako bi gai jorratu ditu: txanda kontratua eta ordainsari osagarriei buruzko dekretua. Lehenengo puntuari dagokionez, bertan behera uzteko borondatea azaldu dute.
ELAk, LABek, Steilasek eta ESK-k jarrera aldatzeko eta Sektore Publikoaren eskaerei erantzuteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek salatu dute Administrazio Publikoa dela patronalik autoritarioena. Sektore pribatuak hitzarmen kolektiboak berritu ditu, eta 2013tik izan den tasarik altuenera iritsi da; sektore publikoan, berriz, lan baldintzak berritu gabe daude duela hamarkada bat baino gehiago. Gauzak horrela, kalitatezko zerbitzu publikoak lortzeko, lan baldintzak hobetu behar direla aldarrikatzeko mobilizazioekin jarraituko dute sindikatuek.
Eusko Jaurlaritzak sektore publikoko lan baldintzak negoziatzeari uko egiten jarraitzen du