Eusko Jaurlaritzak Papresari emandako ingurumen-baimen integratuaren aurka helegitea aurkeztu du Eguzkik
Eusko Jaurlaritzak Papresari –
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak 2023ko abenduaren 20ean Papresa enpresari Ingurumen-baimen integratua ematea erabaki zuen, aurretik auzo elkarteak, herritarrak eta Eguzkik aurkeztutako alegazioei muzin eginez. Prozeduran, alegazio aurkezteko epe eskasa salatu genuela gogora ekarri nahi dugu. Ingurumen-baimenak zenbait baldintza jartzen ditu enpresaren jarduerarako, baina aipatutako talde eta herritarren iritzian, ez dira nahikoak naturaren kontserbaziorako eta pertsonen osasunerako eta segurtasunerako eta horretan oinarritu gara helegite hau aurkezteko.
Papresa, enpresa potentzialki kutsakor bezala sailkatua dago ingurumenean eta osasunean duen eraginagatik, eta horregatik, ingurumen-baimen integratuaren bidez, mugak ezartzen dizkiote hainbat ingurumen-parametrotan. Gainera, baimen horrekin, lehenago atmosferara botatzen ez zuen kutsatzaile berri bat (SO2) isurtzea onartuko diote.
Gure ustetan, baimenean jarritako mugak ez dira nahikoak naturaren kontserbazio-egoera ona lortzeko eta pertsonen osasuna bermatzeko, eta horrela azaldu dugu helegitean. Administrazio Publikoak ez du behar bezala babestu ez ingurumena ez pertsonen osasuna, eta ondorioz, ez da ondo betetzen ari legeak ezartzen dituen helburuak eta betebeharrak.
Ezin da ukatu gauden egoera klimatiko larri honetan kontaminazioa murriztu behar dela. Mundu mailan gai honetaz ulertzen duen talde zientifikoak dei egin du helburu hori ahalik eta lasterren lortzeko, bestela berandu izango da. Zentzu horretan, kontaminazioa dezente murrizteko akordioak hartu dira, 2030. eta 2040. urteetarako. Hemen, berriz, ez dira murrizten, eta aipatu dugun bezala, kutsatzaile berriak isurtzea onartzen da, eta horrek urrundu egiten gaitu beharrezkoak diren helburuetatik.
Eguzkik, bere helegitean, eskatzen du, alde batetik eta zaratari dagokionez, indarrean dagoen 213/2012 Dekretua bete dadila, eta bestetik, atmosferara eta uretara botatzen diren kutsatzaileen eta sortutako usaien inguruan neurri zorrotzagoak daitezela. Eskaera hau bi irizpidetan oinarritzen da, lehena, enpresa hau 40.000 biztanle duen herri bateko erdigunean dagoela ez industrialde batean, eta bigarrena, Eusko Jaurlaritzak ahalmena duela legeek ezartzen dituzten neurriak baino neurri murriztaileagoak jartzeko.
Hori dela eta, neurri handi batean uste dugu borondate politikoko kontua dela, eta ez dugu zalantzarik, Administrazio publikoak naturaren eta pertsonen osasuna hobeto zaintzeko eta bermatzeko neurriak hartu behar dituela.