Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako (*) soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako (*) soldataren igoerak … –

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat(*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

  • Erosahalmenaren beste murrizketa bat da. 2010ean bankuen zorra guztion artean ordaintzeko Madrilek hartutako neurrien artean, langile publikoen soldatak erabiltzea erabaki zen.
  • Urtero Madrilek agintzen eta Jaurlaritzak onartzen dituen soldata igoerak KPIren azpitik egoten dira. Aurtengo kasuan igoera %2koa (gehi abenduan eman daitekeen %0,5 gehigarri bat) izan da, baina EAEn KPIren igoera %3,1ekoa izan da. 2010etik galtzen ari garen %11 inguruko erosahalmenari gehitzen zaio murrizketa berria.
  • Madrilen diseinatutako estrategia zentralizatzaile eta neoliberala da. Eusko Jaurlaritzak estrategia horri men egiten dio, Euskal Herriko langile publikoen negoziazio kolektiboa ukatzen duena eta zerbitzu publikoak kapitalaren mesedean jartzen dituena.
  • Ez da egia Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Jaurlaritzaren eskuak lotzen dituztenik. 2010 baino lehen, legeria berdina izanda ere, EAEko Mahai Orokorrean soldata igoerak Madrilek ezartzen zituen mugak saihestuz negoziatu egiten ziren. Borondate politiko kontua da, beraz.
  • (*) Igoerak ez die langile publiko guztien nominei eragingo. Udal eta foru administrazioetako eta, batez ere, azpikontratatutako eta pribatizatutako zerbitzuetako («zaintzakoak langile publikoak gara») langileen soldaten igoerak nekez iritsiko dira Jaurlaritzaren dekretuarenera. Izan ere, EAJren eta PSEren estrategia pribatizatzaileek hain zuzen langile hauen soldatak are eskasagoak izatea baitu helburu.

LABek osatu berri den Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eta, zerbitzu publikoen eta bere langileen egoera benetan hobetu nahi baditu, politika publikoak aldatzeko. Badu nondik hasi, eta honako hau exijitzen diogu:

  • Negoziazio kolektiboari begirunea izateko eta inposizioak baztertzeko: Madrili men egitearekin amaitzeko eta erabakigunea Euskal Herrira ekartzeko, hemengo gehiengoak errespetatuz.
  • Murrizketa estrategiari uzteko, langile publiko guztien erosahalmena bermatzeko eta berreskuratzeko.
  • Horretarako, lehenbailehen dei dezala mahai orokorraren bilera, soldataz gain datorren urteetarako enpleguaren eta lan baldintzen ildoak zehazteko, kanpoko injerentziarik eta inolako inposiziorik gabe.

Negoziazio kolektiboa orain eta hemen!

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako (*) soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude