Eusko Jaurlaritzak aho bete baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publiko eskaintza berezi bat

lanpostu publiko eskaintza berezi bat –

Hogei egun igaro dira EAEko Mahai Orokorraren bilera egin zela, non sindikatuok beste behin ere enplegu publikoa negoziatzearen beharra errepikatu genuen, eta betiko begirune faltari helduta, inoiz iristen ez den “hurrengo baterako” gelditu zen.

Langileoi digun begirune faltari beste koxka bat igoz, gaur jakin dugu medioetatik lanpostuen deialdi publiko bat egingo duela. Ez du mahai negoziatzaileetan negoziatu, eta funtzio publikoaren Mahai Orokorrera ez du gaia eraman, zer esanik ez gaia sindikatuokin adostu nahi izateaz. Aldebakarrez erabaki eta inposatu egingo du neurria oraingoan ere.

Gobernu bileraren erabakiaren edukiari begira eta xehetasunetan sartu gabe, bi kontu azpimarratuko genuke: alde batetik, inplizituki Europak 2024rako behin-behinekotasuna %8tik jaisteko agindua ez dela beteko onartzen du, helburu hori datozen hiru urteetarako atzeratu duelako; beste aldetik, 3.949 plaza horiek 2024-2027 bitartean beteko direla esaten badu ere, “plaza gehiago gehituko zaizkiola datozen urteetan“ aipatzen du, inolako zehaztasunik eta seriotasunik gabe. Ohi bezala, negoziatzen eta betetzen ez diren konpromisoak.

LABentzat erabaki onartezina da. Deialdiak eznahikotzat jotzen ditugu, eta Jaurlaritzak ez du negoziatzeko aukerarik eman nahi izan. Gure iritziz Urkulluren eta Pradalesen gobernuen artean ez dago alderik, eta langileoi betiko begirune faltarekin harrotu egiten direla dirudi. Kontran, patronalarekin eta botere finantzarioekin baldintzagabeko morrontza adierazten dute.

Negoziazio mahaietan langileoi zor zaigun begirunea exijituko dugu, eta hau bermatzeko neurriak planteatuko ditugu. Ez dugu onartuko beste lau urtez gurpil zoroaren bilera dinamika hutsalean manten gaitzaten, langile publikooi eragiten dizkiguten neurriak alde bakarrez inposatzen dizkiguten bitartean.

Eusko Jaurlaritzak aho bete baina zehaztasunik eta lotsarik gabe iragarri du lanpostu publiko eskaintza berezi bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude