Euskarazko haur eskolak auzo guztietan

Euskarazko haur eskolak auzo guztietan –

Iruñeko Haur Eskoletan matrikulazioa egin berria da maiatzean, eta gogoeta egin daiteke euskarazko eskariaren bilakaeraz.

Euskarazko haur eskolak auzo guztietan

Azkeneko urteetan asko zabaldu da euskarazko eskaintza. Orain dela urte gutxi bi haur eskola bakarrik ziren euskaraz, eta biak Txantrean zeuden. Orain, haur eskola publikoa duten 12 auzoetatik seitan aukera daiteke euskara. Orotara, 16 haur eskola ditugu, 11 Iruñeko Udalarenak eta bost Nafarroako Gobernuarenak (auzo batzuetan haur eskola bat baino gehiago daude).

Euskara eskaintzen duten sei haur eskoletan izan diren eskaerak aztertuta, ondorioa da euskarazko adarrak erabat sendotuta daudela.

Euskarazko haur eskolak bete egin dira eskaintza dagoen auzo guztietan. Argi dago euskarazko matrikulak izan daitezen lehenik eskaintza izan behar dela.

Horrexegatik, auzo guztietan eskaini behar da euskarazko aukera. Oraindik Azpilagañan, Buztintxurin, Etxabakoitzen, Mendillorrin eta Zabalgunean falta da. Eta zer gertatuko da Lezkairuko haur eskola berrian? Hasteko, Lezkairuko haur eskola berrian eta D ereduko ikastetxeak ondoan dituzten Mendillorrin eta Buztintxurin jarri beharko litzateke euskaraz ikasteko aukera. Euskarazko haur eskolak nahi ditugu auzo guztietan.

Euskarazko haur eskolak auzo guztietan

 

Administrazioan Euskaraz Taldea

6 pentsamendu “Euskarazko haur eskolak auzo guztietan”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-06-14 22:19

    Jendea ikasketetan euskaraz matrikulatzen denean eta matrikulazio kopurua handitzen denean masa kritiko bat lortzen da non hortik aurrera gurasoek matrikulazio eredua aukeratzerakoan nahiz eta berez euskarazko ereduaren aukera burutik pasa ere ez litzaiekeen egingo, badaezpada ere euskaraz matrikulatzeko aukera hartzen dute etorkizunean haur horiei balizko arazoak saihesteko asmoarekin edo. Eta puntu horretatik aurrera euskarazko matrikulazioak erraz egiten du aurrera. Puntu horretara iristeko asko falta dela uste al duzu? Euskararekiko atxikimendurik ez duten baina aurka ere ez dauden guraso horiek hasi al dira etorkizunean umeek izan ditzaketen arazo horietaz jabetzen?

  • Joseba Otano Villanueva 2018-06-14 22:34

    Ez gara iritsi Iruñean. Oraindik nahiko baztertuta dago euskara, Nafarroako Gobernutik hasita. Oraindik harrigarria da jendeak erakusten duen gogoa euskaraz haurrak matrikulatzeko.

  • Euskaldun bat-ek arrazoi du. Hegoaldeko eskualde euskaldun batzuetan bederen haurrak erdarazko ereduan matrikulatzeak automatikoki ijitu, inmigrante, guardia zibil eta pertsona espainolistenen seme/alabekin elkartzea esan nahi du. Eta gizartearen gehiengoa beldurtia denez, seme/alabak euskarazko eredura apuntatzen dituzte, nahiz eta gero etxe barrura hizkuntza mezpretxuz tratatu.
    Honek arrisku bat du ordea: lehen euskarazko ereduak euskaltzale kontzientziatuen haurrez beterik egonda, ateratakoan, salbuespenak-salbuespen, euskaltzale militante jarraitzen zuten. Fenomeno honekin bat, ordea, inoiz ez bezala hainbat ikastoletako patioetan erdara entzuten hasi da, nahiz eta ikasle gehienak euskaldunak izan. Erdaldun familietako haurrek supremazismo ezkutua ondo ikasita dakarte etxetik. Aipatzen ari naizena ez da inongo salbuespena zoritxarrez. Joera hau saieste aldera, guraso erdalzaleei konpromezuak eskatzen hasi beharko al lukete eskolek?

  • Joseba Otano Villanueva 2018-06-14 23:28

    Gizarte giroak bultzatzen ditu erdera erabiltzera. Ez da hautu ideologikoa.

  • Erabat ados azken iruzkinarekin.
    Gora zu Joseba!

  • Gaztetxoengan inguruko normak indar handia handia du.

    Ni ikastolatik pasa nintzen, nahiko erdalduna den herri batean, eta ikasleen gehiengoak ikastolatik kanpo erdaraz egiten zuen.
    Joera horrek ni ere harrapatu ninduen eta ikasle gutxi batzuekin baizik (nik euskaltzaletzat nituenekin baizik) ez nuen egiten euskaraz.
    Nik ere nire burua euskaltzaletzat nuen baina nitaz trufa egingo zutela edo, “borroka” edo “pelma” esango zidaten beldurrez (inoiz esan zidaten) erdarara amore emanda nengoen.
    Badakizue gaztetxoak, inozentziaren irudi diren arren, zein krudel izan daitezkeen potoloa denarekin edo ezer diferente egiten duenarekin edo dena dalakoarekin. Ikastolak ez dira salbuespenak eta euskaltzaleak ere minoria dira askotan.

    Urteak behar izan nituen nire okerraz jabetzeko eta zuzentzen hasteko.