Euskaraz osasuntsuago!
Euskaraz osasuntsuago!
Bagera (Donostiako euskaltzaleen elkartea) eta OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) aspalditik ari gara euskaraz bizitzeko aukerak sortzeko lanean. Oraingoan osasun-arloko egoera eta garrantzia ikusirik, familia-mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko kanpaina antolatu dugu.
Osakidetzan sendagile eta langile euskaldun asko daude, baina ez dago euskaldunen osasun- eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko plangintza egokirik. Zerbitzuak planifikatzeko garaian ez dute kontuan hartzen hizkuntzaren aldagaia. Horrez gain, hurrengo lan-eskaintza publikoan euskara gutxiago baloratzeko asmoa dute. Bada garaia, kexuetatik haratago, euskaldunok eskubidez dagokigun osasun-zerbitzu euskalduna exijitu dezagun. Horregatik, hasteko, euskaraz artatuko gaituzten familia-mediku eta pediatrak asignatzeko eskabideak egitea bultzatzera gatoz.
ZER EGIN BEHAR DA?
- Aukeratu nahi duzun sendagile euskalduna.
- Bete eskaera-orri ofiziala (ikus ‘Eskabidea egiteko ereduak’).
- Orri hori zure anbulatorioan entregatu behar duzu:
- nahi baduzu, zeure aldetik
- nahiago baduzu, anbulatorio berean eskaera egingo duten beste batzuekin, segidan zehazten den hitzorduren batean zuri dagokizun anbulatoriora joanda.
ESKAERAK ELKARREKIN EGITEKO HITZORDUAK
Eguna: maiatzaren 17a, osteguna
Orduak: 10:00–12:00 edo 17:00–19:00
Tokia: norberaren anbulatorioa
Hitzordu guztietan, bertan izango da BAGERA eta OEEren ordezkari bat, argibideak edo laguntza emateko prest, eta nor den ezagutzen erraza.
ESKABIDEA EGITEKO EREDUAK
1. eredua: Mediku jakin bat eskatzeko testua:
Anbulatorio hau dagokidanez, eta izendatua dudan famili medikua / pediatra euskalduna ez denez, beste hau izendatzeko eskatzen dut:
………………….………………………………………………
Eskatzen dudana izendatzea ezinezkoa bada, anbulatorio honetako mediku euskaldunen artean zer aukera ditudan jakinaraz diezadazuela eskatzen dut.
2. eredua: Zehaztu gabeko mediku euskaldun bat eskatzeko testua:
Anbulatorio hau dagokidanez, eta izendatua dudan familia-medikua / pediatra euskalduna ez denez, euskaldun bat izendatzeko formalki eskatzen dut.
KANPAINA HONEN JARRAIPENA
Eskaeraren erantzunak eta, baleude, horren ondoriozkoak Osakidetzaren eta eskatzailearen artean zuzenean egingo dira, halabeharrez.
Horregatik, kanpaina honen bultzatzaile bezala, BAGERAk eta OEEk horren emaitzak jakitearren eta Osakidetzaren jokaeraren jarraipena egitearren, eskaera bat eta eskaintza bat egiten dizkizugu:
Eskaera: Anbulatorioan zure eskaera aurkezten duzunean, jakinarazi guri beheko kolorezko laukian ageri diren datuak.
Eskaintza: Osakidetzatik eskatutakoa lortzen ez baduzu, hurrengo urratsak egiten laguntzeko prest gaude.
Jarraipena egiteko BAGERAri edo OEEri eman beharreko datuak:
OSAKIDETZAn eskaera egin duenaren datuak:
Izen-abizenak:
Helbidea (ahal dela, elektronikoa):
Telefonoa:
OSAKIDETZAn eskatutakoa (medikuaren izena, eskaera generikoa…):
Eskaeraren data:
Datuak bidaltzeko edo argibideak jasotzeko helbideak eta telefonoak:
BAGERA: euskarazosasuntsuago@bagera.net / Telefonoa: 943467181
Katalina Eleizegi 36, behea; Donostia 20009
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea: oee@oeegunea.org