Euskaraz burujabe

30 urtetik goiti dira Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu zenetik. Ordutik euskararen defentsa eta erabilera izan du haren lan ildoen muinean. Ekintza aunitz urte luze hauetan, baina ‘Izan, egin, eragin… Euskal Herrian Euskaraz’ dokumentalean gehienek aipatzen duten gisan, orain arte zuhaitzak ez ditu fruiturik eman. Loratu da, aunitz lortu da herri mugimenduak eta norbanakoek egindako lanari esker, baina gaur gaurkoz ez da Euskal Herri euskalduna erdietsi.

Horrela ba, EHEk badaki oraindik baduela lanik, euskalgintzako gainontzeko eragileekin batera. Talde euskaltzaleak argi du burujabetzak ekarriko duela euskararen garapena. Hala ere, norbanakoak ere burujabe izan behar direla diote. “Herriaren burujabetza beharrezkoa bada ere, [norbanakoen] euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu”. Horregatik, kontzientziazio hori pizteko asmoz, nazio manifestazioa deitu du EHEk otsailaren 12rako. ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe’ lemapean, milaka prestona bildu nahi dituzte Donostian.

Baina aldarrietarako egun baizik ez da izanen otsailaren 12a. Manifestazioaren ondotik, Jose Luis Alvarez Enparantzari, Txillardegiri, omenaldia eginen diote. EHEren sortzaileetarikoa, euskalgintzako “erreferente handia” dela uste du talde euskaltzaleak eta horregatik prestatu dute “merezitako” ekitaldia. 

Atxikimendu bila

Manifestazioarekin batera manifestua ere karrikaratu du EHEk. Lelo bera duen izenburupean, euskaldunok hartu beharreko konpromisoez mintzo da agiria. “Asimilazio prozesu” baten barnean kokatzen du euskara eta haren defentsa egiteko deia egiten die herritarrei. “Sasi artean ibiltzea nekeza da, baina ez diogu euskaldun izateari uko egingo”, dio agiriak.

Bide honetan, EHEk bi eremu eta helburu banatzen ditu: euskaldun burujabeak eta Euskal Herri burujabea. Lehenbizikoak euskararen aldeko jarrera aktiboa eskatzen du: “Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu, eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika”. Bigarrena, euskarak lehentasuneko estatusa izateko beharrezkotzat du EHEk. “Ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatu behar da euskara”.

Edozeinek eman diezaioke atxikimendua agiri honi eta jadanik bat egin dute harekin euskalgintzako hainbat eragile eta norbanakok. Auzo eta herrietan ere manifestua azaldu, zabaldu eta atxikipen bila dabil EHE.

 

NDM0Mw==

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Euskaraz burujabe”-ri buruz

  • Txantxangorria 2011-01-31 21:16

    “Euskaldun eta burujabe” ongi dago baina “EUSKARA BURUJABE”?? arren aldatu artikuluaren izenburua, izan ere nola liteke hizkuntza bat burujabe izatea per se? burujabe gizasemeak eta gizataldeak izan daitezke baina inondik inora animaliak, gauzak edo hizkuntzak!