Euskaraz bizitzeko nahia kalean aldarrikatzera dei egin du Kontseiluak
Orain dela bi urte abiatu zuen Kontseiluak euskaraz bizi nahi dut dinamika. Denbora tarte honetan hainbat ekimen egin da; besteak beste, film laburren lehiaketa, Hizkuntzaren keinua liburu ilustratua argitaratu… Urte hauetan egindako lan eta harremanen ondorioz, ikusi ahal izan dugu asko garela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta nahi hori, egunero, determinazioz aldarrikatu eta hori egikaritzeko saioa egiten dugunok ere asko garela.
Aitzitik, administrazioen aldetik, ez dira euskaraz bizi ahal izatea posible egingo luketen beharrezkoak diren bitartekoak jartzen eta neurriak hartzen. Azken 30-40 urtetan aurrerapausoak eman, eman dira (batez ere herri mugimenduak egindako lanari esker), baina ez dira nahikoak izan euskara normalizatzeko eta beharrezkoa da hizkuntza-politiketan jauzia ematea.
Horretarako, abagune ezin aproposagoa zabaltzen ari da Kontseiluaren aburuz eta herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jaramon egin behar diote arduradun politikoek. Hori aintzat hartuz, aldarria kalera ateratzeko deia egin nahi du Kontseiluak eta ildo horretan, manifestazioa antolatu du. Heldu den abenduaren 1ean izango da Donostian. Manifestazioa iragartzeko agerraldia egingo da hilaren 30ean eta euskaraz bizi nahi duen oro gonbidatu nahi dugu Donostiako Miramar jauregian arratsaldeko 18:30ean egingo dugun agerraldira.
Inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskaraz bizi nahi dugunok gure aldarria ozen egitea.