Otxandion egingo da aurtengo Euskaraz Bizi Eguna apirilaren 18an

Izan, egin eta eraginez, euskararen alde egotetik alde egiterako urratsa egiteko deia egin du eragile euskaltzaleak.

Euskaraz Bizi Eguna

Aurten seigarrenez egingo den Euskaraz Bizi Eguna hartuko du Otxandiok apirilaren 18an. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera leloa eramango du egitasmoak eta herriko eragileekin elkarlanean sortutako egun osorako egitarau zabalaz gain, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuak izango dira.

Euskaraz Bizi Eguna “euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna” izan dadin nahi dute; “norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko ekinaldia; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko egitasmoa”.

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin zioten EHEtik. Aurten seigarrenez antolatu duten egitasmoak, Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, “umiltasun handiz”. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta, Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Ondoren, Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto ekitaldiak. Nafarroa Garaiko ekialdera gero, Agoitzeraino. Iaz, Gasteizera… eta, aurten, Otxandio izango da “euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho”, apirilaren 18an.

Otxandio, herri euskalduna. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. “Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria” da otxandiarrena. Horregatik aukeratu dute, beste gauza askoren artean, aurtengo Euskaraz Bizi Eguna hartzeko.

EHEren ustez, “euskaraz bizitzea gure esku dago, baldin eta hiztun aktiboak bagara”. “Geldirik bagaude, isil-isilik, akabo. Mugitu nahi duenak, norabait iritsi nahi duenak, dagoen lekutik urrats bat harago joan beharra dauka”. Egotea ez da nahikoa; “egin egin behar dugu”.

Adierazi dutenez, “hemen mundu guztia dago euskararen alde dago, euskararen kontra frontalki daudenak barne”. Ondorioz, “euskararen alde egotea ez da aski” eragile euskaltzalearen irudiko. Izan ere, “geldirik dagoena ez doa inora, ez da inora iristen”. Bidea oinez egiten da, eta urratsik ematen ez duenak ez du biderik egiten, “mahatsik zapaldu gabe ardorik ez baitago”. “Egiten badugu lor dezakegu. Ez badugu egiten… ez dugu lortuko”. Izan, egin eta eraginez, “euskararen eta euskaldunon alde mugimendua indartzea beharrezko” ikusten dute.

Bide horretan, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egin diete apirilaren 18an Otxandiora hurbildu eta “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera” pasatzeko.