Euskararen jabe egin?

Euskararen jabe egin? – 

PSNko Marina Curieli egindako elkarrizketa irakurri dut Diario de Noticias egunkarian. Harribitxiz josia dator, horra horietako batzuk eta horiei iruzkinak:

“Ez dut uste PSNn euskararen inguruan errezelorik dagoenik” dio Curielek, errugabea bera.

Ez da sinesmen kontua, ebidentzia oso tristea da. Eta ez dira errezeloak, euskarafobia patologikoa baizik, PSNren gobernuak argi eta garbi uzten duenez, ia astero hartzen dituen erabakiekin.

“Asko gogaitzen nau euskararen jabe egin diren alderdi politiko batzuk egoteak”

Alderdi politiko bakar bat ere ez da euskararen jabe egin (PSN edo Vox espainieraren jabe egin dira?).
Bi alderdik, GBaik eta EHBilduk, euskara defendatzen dutela diote, baina kasurik onenean bigarren mailan uzten dute (gaituzte), eta, bestalde, PSN, UPN, PP eta Voxek dihardute Foru Erkidegoko alderdirik euskarafoboena eta espainiarrena izateko lehian. Euskararen jabe bakarra hiztunak dira, erabili, eta ikusiko duzue “jabetza” eskuratzea zein erraza den.

“Alderdi Sozialistatik asko errespetatzen eta baloratzen dugu euskara, betiere errealitate linguistikotik eta inposiziorik gabe”

Gezurra. Euskal hiztunak mespretxatzen eta gutxiesten ditu PSOEk. Nafarroako jatorrizko hizkuntza erabiltzeko eskubidea kendu digute erakunde eta zerbitzu publiko gehienetan (erreserba “euskaldunean”, neurri batean, izan ezik).
Egungo errealitate linguistikoa, Espainiako eta Nafarroako gobernu ia guztien politika ultranazionalista baztertzaileen eta euskarafoboen ekimen antolatuaren emaitza da. Gaur egungo “errealitate soziolinguistikoan” oinarritzea Nafarroan euskara berreskuratzea eragozteko eta nafar euskaldunak diskriminatzeko, zinismo handiko ariketa da.

Erabakigarriak gara Iruñeko Udalean edozein motatako akordioak lortzeko. Alderdi sozialistari esker, EH Bildu ez da hiria elefante bat bezala kudeatzen ari”.

PSOEtarrek, oro har, ezin dute ekidin euskaldunei edota abertzaleei dagokien mespretxuzko lorratza uztea. Alabaina, egia da “PSNri esker” EHBilduk ezin duela gobernatu, eta neurri handi batean PSNk inposatzen dituen politikak aplikatzera mugatzen dela Iruñean, adibidez.

Panorama tristea.

Euskararen jabe egin?

Oinezkoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude